ELAk ez du onartu Maderas de Llodioko zuzendaritzak proposatutako akordioa eta grebak jarraituko du

  • Sindikatuaren aburuz, Garnicaren eskaintzak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen eta grebaren zein epaitegiaren bideari eutsiko dio.

Greba mantenduko dute Maderas de Llodioko langileek. Aiaraldea

2025eko azaroaren 26an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

ELA sindikatuak jakinarazi du Garnica taldeak egindako akordio eskaintza baztertu duela. Horrela egin du Maderas de Llodioko bere afiliatuekin eztabaidatu eta bozkatu ondoren, eta grebari eta epaitegiko aukerari eutsiko die.

Argudio ugari azaldu ditu sindikatuak ezezkoa arrazoitzeko, baina nagusienak dira enpresak lan kargaren %20 deslokalizatu nahi duela oraindik (hasieran planteatutakoaren erdia edo gehiago).

Horri gehitu behar zaio bi urtez Laudiorako lan karga partzialki bermatzeko konpromisoa hartu arren, Garnica Taldeak zenbait lan kargei dagokienez ulertzen duen "errentagarritasunaren" arabera hartuko duela erabakia.

Kaleratze guztiak ez dira gelditu

Kaleratzeei dagokienez, irteera guztiak ez dira borondatezkoak, enpresak zeharkako eskulaneko 3 pertsonari jarri baitie betoa, eta, ondorioz, horiek nahitaez aterako lirateke.

Enpleguaren esparruan, Garnicak bi urteko konpromisoa hartzen du kaleratze kolektiborik ez egiteko, baina ez du konpromisorik jasotzen banakako kaleratzeei dagokienez.

Greba eta epaitegia

Enpresaren proposamena urrats positibotzat jo badu ere, ELAk aipatu du ez direla gutxienezko baldintzak bete greba amaitzeko -irailaren 22an abiatu zuten-. Sindikatuak azaldu du espedientea bertan behera geratu behar dela eta deslokalizazioa gelditu.

Mobilizazioa ez ezik, ELAk beste tresna abiatu du, errekurtsoa epaitegian. "Enpresak aurkeztutako dokumentazioak eta datuek ez dute ekoizpen arrazoirik egiaztatzen, eta kontraesankorrak zein okerrak dira. Hori dela eta, ELAk errekurtsoa aurkeztu du enplegu-erregulazioko espedientearen aurka, eta kautelazko neurriak eskatu ditu, Garnica Taldeak Laudioko lantegiko lan kargaren zati bat deslokalizatu ez dezan" adierazi du langile erakundeak.

LABek ere presioa mantentzeko jarrera berretsi du 

LAB sindikatuarekin ere jarri da harremanetan Aiaraldea Komunikabidea eta erakundeak bat egin du ELAren erantzunarekin. LABen iritziz, gutxieneko baldintzak ez dira oraindik bete, eta argitu du bihar bilduko direla berriro Enpresa Batzordeko ordezkariak eta Garnica Taldea. "Batzar horretara sindikatu bakoitzak eraman behar ditu bere proposamenak eta guk horrela egingo dugu", aurreratu dute sindikatuko kideek.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin