CCOO eta UGT sindikatuek 2023an sinatu zuten akordioa Espainiako CEOE patronalarekin, itxuraz osasun publikoaren karga arintzeko helburuz, baina funtsean langileekiko kontrol eta presio mekanismo gehiago ipinita. ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT eta USO sindikatuek abiatu dute Mutuak Stop kanpaina. Uste dute Nafarroako Gobernuak abian ipini asmo duela mekanismoa.
CCOO eta UGT sindikatuek 2023an izenpetu zuten akordioa Espainiako CEOE patronalarekin, eta dagoeneko Espainiako Estatuko zenbait erkidegotan martxan ipini dute: Katalunian, Asturiasen, Balear Uhartetan eta INGESA deituriko Ceutako eta Melillako osasun sistemetan. Alegia, denak ere PSOEren aginteko eremuetan. Horrexegatik, Hego Euskal Herrian kanpaina abiatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT eta USO sindikatuek eta OPA Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformak, batik bat presio egiteko Nafarroako Gobernuari. Izan ere, astelehen goizean Bilbon eginiko agerraldi bateratuan adierazi dutenez, Nafarroako Gobernuak dagoeneko onartu du ahalmen hori baliatzen hasteko asmoa. Sinetsita daude mutualitateen eta Osasunbidearen arteko "lankidetza-hitzarmen" hori abian ipini nahi duela Maria Chiviteren aginteak. Eusko Jaurlaritza oraindik eta atzerago dagoela ulertarazi dute.
Mutuak Stop kanpaina abiatu dute arestian aipaturiko sindikatuek eta OPA herri plataformak. Agerraldiak eskatuko dituzte parlamentuetan egoeraren larritasuna salatzeko, eta, besteak beste, alderdi politikoei dei egingo diete legez besteko proposamenak onar ditzaten mutualitateen eta osasun zerbitzu publikoen "lankidetza hitzarmen" horien aurka. Sindikatuek oroitarazi dute mutualitateak enpresa elkarteak direla, lanak eragindako kalteei erantzuten dietela, "baina enpresaburuen interesen defentsan". Azpimarratu dute "lanekoa ez den osasunaren kontrola" egiten dutela, "errekuperazio-denborak eta kostuak murrizteko" helburuarekin, laneratze goiztiarra bultzatuta. Horrez gainera, diotenez, osasun zerbitzu publikoaren eta mutualitatearen arteko hitzarmenak atea zabalik uzten dio mutuek gerora langilearen historial kliniko osoa eskura izateari.
Kontrol mekanismoak
Lehenik, mutualitateak izan ziren "langileen osasun arreta osoa" euren gain hartzea eskaini zutenak. Haien esanetan, zerbitzu publikoen itxaron zerrendak "laburtu" eta bajak "alferrik luzatzea" eragotziko zuketen horrela. Gobernuei karamelu hori ipini zieten mahai gainean pandemia ostean okertu besterik egin ez zen osasun sistema publikoa itxuraz hobetzeko. Urtebete lehenago, gainera, Osakidetzak eta Mutualiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, bi zerbitzuetatik arreta jasotzen duten herritarren kasuan, bi erakundeetako medikuek espediente eta historia klinikoetara zuzenean sartzeko aukera izan dezaten.
Sindikatuek azpimarratu dute "lanekoa ez den osasunaren kontrola" egiten dutela mutuek, "errekuperazio-denborak eta kostuak murrizteko" helburuarekin, laneratze goiztiarra bultzatuta
"Langileen osasun arreta osoa" kudeatzeko mutualitateen proposamenak kritikak eragin zituen gizartean, eta gobernuetatik ez zitzaion bide eman. Baina bi hilabete geroago, 2023ko maiatzean, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa sinatu zuten Espainiako CEOE Enpresa Erakundeen Espainiako Konfederazioarekin eta CEPYME Enpresa Handien eta Txikien Espainiako Konfederazioarekin. Adostutakoaren arabera, langileen gaixotasun arruntak artatu ahal izango lituzkete mutualitateek. Helburua, funtsean, mutualitateek aurrez esaten zutena da: "osasun zerbitzu publikoa hobetzea". Bi sindikatuek eta bi patronalek elkarrekin lan egiteko prestutasuna adierazi zuten erkidegoetako gobernuei proposamena helarazteko.
Asmoak mahai gainean ipini ziren unetik, Nafarroako osasun publikoaren aldeko herri plataformak kexa adierazi zuen, finean, ezkutuko helburutzat ikusten zuelako alta medikoak azkarrago lortuko zirela horrela, eta enpresen kostuak arinduko zirela, langileen osasunaren kaltetan. Baina horrez gain, osasun sistema publikoari ere "kalte nabarmena" eragingo liokeela salatu zuten, pribatizazioa bultzatuko zelako. Astelehen goizean Bilbon egin duten agerraldian ere hala salatu dute, lankidetza-hitzarmenarekin esku pribatua are gehiago indartuko litzatekeela, publikoa gehiago zaindu beharrean.