Aldaketa estrukturalik gabe, segregazioari ezin erantzun


2025eko azaroaren 13an - 13:17
Azken eguneraketa: 14:31
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Segregazioa EAEko hezkuntza sistemak duen arazo nagusienetakoa da. Baieztapen hori aho batez onartzen da egun, urteetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak auziari garrantzia kendu edo arazoa bera ukatu izan duen arren. Arazo horri nola heldu, ordea, konplexuagoa da, eta hainbat ikuspegi daude. Baina ELAk garbi duena da Hezkuntza Sailak deitutako eskola segregazioaren mahaiarekin nekez konponduko dela arazoa, sakoneko aldaketak egiteari uko egin diolako mahaiak.

ELAren ustez, segregazioari aurre egiteko ezinbestekoa da gaia kohesio soziala eta ikasleen ekitatea bermatzeko auzi gisa ulertzea. Horregatik diogu hezkuntza sisteman oinarrizko aldaketa estrukturalak egin behar direla, sakoneko aldaketarik gabe nekez egingo baitiogu aurre egoerari.  Ildo horretan, ELAk defendatu du ondorengo hiru esparruetan aldaketak egin behar direla:

Alde batetik, baliabideak handitu eta hobetu behar dira hainbat arlotan. Ikasle eta hezkuntzako langileen ratioa txikiagotu behar da, esaterako, ikasleen aniztasunari eta beharrei erantzuteko, eta profesional espezifiko gehiago behar dira ikasle etorri berriei harrera osoa emateko eta, bereziki, hizkuntza harrera eskaintzeko. Profesionalak ere egonkortu behar dira, datua larria baita: Jaurlaritzak abian dituen kontsolidazio prozesuen ondoren, hezkuntza publikoko irakasle eta hezitzaileen behin-behinekotasunak %30eko langa gainditzen jarraituko du. Lan karga burokratikoa ere gehiegizkoa da, murriztu behar da ikasleengan arreta jartzeko.

Horrek esan nahi du nabarmen hobetu behar dela hezkuntzaren finantziazioa. Jaurlaritzaren aurrekontuetan eta lan baldintzen hitzarmenetan jaso behar da hobekuntza hori. Oraintxe ari dira 2026rako EAEko aurrekontuak eztabaidatzen. Bada,  Hezkuntzara bideratzen den BPGrekiko zenbateko zein den ikusiko dugu. Baina jada, 2025ean %3,81ekoa izan zela aurreratu dezakegu, Europako %4,7ko batez bestekotik urrun eta UNESCOk gomendatutako %6tik are urrunago.

Bestetik, eremu pedagogikoan, euskarazko murgiltze eredua EAEko eskola guztietan ezarri behar da ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko aukera izan dezaten. Denen eskubideak eta kohesioa bermatzeko gakoa da. Horrek esan nahi du bermatu behar direla profesionalak euskalduntzeko formakuntza ibilbide egokiak eta baliabideak zein tresnak. Bide berean, kohesioaren alde, curriculum propioa beharrezkoa da, aniztasuna eta horregatik ere euskal erreferentzialtasuna abiapuntu hartuta. Horrek suposatzen du eskuduntzen defentsa teoriatik praktikara ekarri behar dela.

ELAk uste du Hezkuntza Legea eta hezkuntza publikoko lan baldintzen akordioa oinarria bada, ezinezkoa dela ikasleen segregazioari eta kohesio sozialari erantzutea. Eta segregazio mahaia horretara mugatuko da

Hirugarrenik, egungo sare banaketa gainditu behar da, eta urratsak egiten hasi erabat publikoa izango den sistema propio baten bidean. Gainera, hezkuntza prozesu guztiaren doakotasuna bermatu behar da, eta kuotak desagerrarazi. Bestetik, ikasle tipologia guztien banaketa orekatua bermatu behar da, eta horretarako aldaketak sustatu behar dira matrikulazio sisteman eta matrikula bizian (ikasturtean zehar egiten diren matrikulazioak). Planifikazioan ere eragin behar da, ikas postuen eskaintza kontrolatuta zein eskolaratzea antolatzeko erabiltzen den eskola mapa eta eragin eremuak ondo definituta. Bide orri argi bat diseinatu behar da horretarako.

Dena den, segregazioaren auzia hezkuntza sistematik haratago doan arazoa ere bada, eta politika sozialei erreparatu behar zaie. Izan ere, eskola segregazioa segregazio erresidentziala baino haratago doa, eta hirigintza eta etxebizitza politikek eragina dute. Aldi berean, lan prekaritateak eta haurren pobreziak lotura zuzena dute segregazioarekin: eskola aukera mugatuagoak dituzte baliabide gutxiago dituzten familiako haurrek, eta ikastetxe batetik bestera (matrikula bizia) mugitu behar izaten duten ikasleak gehienetan egoera sozial eta ekonomiko okerrenean daudenak dira. Beraz, segregazioaren arazoari bi noranzkotan heldu behar zaio: hezkuntzatik, kohesioa eta ekitatea bermatzeko plaza gisa; eta hezkuntzaz gaindi, gizarte, migrazio, etxebizitza, kultura eta hezkuntza politikak elkarrekin pentsatzeko segregazioaren oinarrian dauden desberdinkeriei aurre egiteko.

ELAren ekintza sindikalak ildo horiek ditu mugarri, eta aldaketa horiek bultzatzeko jardun du azken urteetan. Esaterako, Hezkuntza Legearen eztabaidan, greba bultzatu zuen STEILAS eta LAB sindikatuekin batera honako eskaerekin: hezkuntza sistema propioa eta euskalduna, sare publiko bakarrerako bide orria egitea, lan baldintza egokiak bermatzea, curriculum propioa eta euskarazko murgiltze eredua. CCOO eta UGT dinamikatik kanpo geratu ziren, ez zituztelako partekatzen euskarazko murgiltze eredua zein euskal curriculuma (koherentea dirudi, euskararekin eta hizkuntza eskubideen urraketekin erakutsi duten jarrera ikusita).

Hezkuntza Legea 2023an onartu zen Legebiltzarrean, grebetan ELAk aldarrikatutako edukirik apenas jaso gabe, besteak beste: ez zegoen bide orririk egungo sare banaketa gainditzeko, ez curriculum propioa garatzeko edo euskarazko murgiltze eredua ezartzeko. Neurri horiek ere behar dira segregazioari aurre egiteko, besteak beste.

Hezkuntza publikoan grebak ere izan genituen pasa den ikasturtean. Behin-behinekotasuna txikiagotzea eta egonkortzea, ratioak txikiagotzea, lan karga burokratikoa arintzea, lan osasuna bermatzea eta erosahalmena berreskuratzea izan ziren aldarrietako batzuk. Sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena salbuetsita, eskaera horiei oso modu eskasean erantzuten zioten akordioekin amaitu zen greba. Eusko Jaurlaritzak eta akordioa sinatu zuten sindikatuek (LAB, STEILAS, CCOO, UGT, Interinok) uko egin zioten baliabide eta lan baldintzen inguruko sakoneko aldaketak gauzatzeari.

Testuinguru horretan deitu du Eusko Jaurlaritzak segregazioaren aurkako ituna. ELAk uste du Hezkuntza Legea eta hezkuntza publikoko lan baldintzen akordioa oinarria bada, ezinezkoa dela ikasleen segregazioari eta kohesio sozialari erantzutea. Eta segregazio mahaia horretara mugatuko da, oinarrizko aldaketarik ez. 

Horregatik, ELAk ez du mahaian parte hartzen, are gutxiago Osasungintzako itunean gertatutakoa ikusita: eduki eta neurri zehatzik gabe, eztabaida mahaia martxan jartzen da arazoari heldu zaionaren irudia emateko, auziari heltzeko sakoneko neurriak adostu beharrean.

Foro horretatik kanpo segregazioaren auziari heltzeko lanean jarraitzen du ELAk. Horretarako, irailaren hasieran ELAk proposamena helarazi zien LAB eta STEILAS sindikatuei aipatutako esparruetako neurriekin eta Jaurlaritzaren mahaian ez parte hartzeko erabakiarekin, mobilizazioak ere adosteko. Bi sindikatuek uko egin zioten ELAren proposamenari (LAB foroan parte hartzen ari da). 

Hala ere, ELAk garbi du beharrezkoa dela mobilizatzen eta antolatzen jarraitzea segregazioari aurre egiteko, kohesio soziala lortzeko eta ikasleen ekitatea bermatzeko. Alderdien interesetatik haratago, baliabideen aldeko borrokak eta beharrak gutxietsi gabe, eta neurri eta eskaera zehatzekin. Areago, jakinda Jaurlaritzaren segregazioaren mahaiak ez duela emaitzarik ekarriko. 

Horregatik, hezkuntza sistemako langileriarekin mobilizazioak sustatzen jarraituko du ELAk, sinetsita dagoelako presio sozialik gabe, nekez konponduko direla eskola segregazioa nola hezkuntza sistemaren auzi nagusiak.

Miren Zubizarreta, ELAko Hezkuntza arduraduna

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude