Hezkuntzan egun osoko grebara deitu dute urriaren 15erako, Hego Euskal Herrian

  • Haurreskoletatik unibertsitateraino, hezkuntza sistema osoan egun osoko grebara deitu dute sindikatuek Hego Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez. Urriaren 15erako lantokietan deitu dituzten lanuzte eta mobilizazioak indartzera dator deialdia.

Gure haurrak ere badira ekimenak deituta, "Hezkuntza komunitatea Palestinarekin, genozidioa STOP!" ekintza, Bekobenta ikastetxean.

2025eko urriaren 8an - 10:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Palestinako herriarekiko elkartasuna adierazteko eta Israelengandik jasaten ari diren genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzeko, lanuzteak eta mobilizazioak deituta dauden egunean, urriaren 15ean, lanuztea egun osokoa izango da hezkuntzan, ELA, LAB eta STEILASek hala deituta.

Salaketa berberekin, deialdia zatituta egin dute sindikatuek. Alde batetik, LABek eta STEILASek batera deitu dute greba: besteak beste, genozidioaren “berehalako amaiera” emateko eta Palestinaren okupazio nahiz kolonizazioa amaitzeko “irtenbide integrala” aldarrikatu dute, instituzioei exijitu diete Israelgo Estatuarekin merkataritza-harreman oro bertan behera uzteko, eta Europar Batasunari eskatu diote Israelgo Estatuarekin duten Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eteteko. Fokua hezkuntzan jarrita, “hildako adin txikikoren basakeria” bereziki salatu nahi izan dute.

ELAk, bere aldetik, “genozidioa geldiarazteko tresna guztiak aktibatzera” eta Israelekin dituzten harreman komertzial nahiz diplomatiko guztiak etetera interpelatu ditu Hego Euskal Herriko eta Espainiako gobernuak, baita Euskal Herriko enpresak ere. Eta gehitu du, Trumpek berriki iragarritako plana hizpide, ezin dela onartu Israelek eta AEBek “Gazako herritarrei planteatutako xantaia”.

Euskal Herriko gainerako sindikatuekin ez, baizik eta Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindikalarekin batera egin du ELAk urriaren 15erako lanuzte deialdia. Bere hitzetan, “ELAk egiten duen irakurketa eta interpelazioekin ez dute bat egin beste deitzaileek”. Gehitu du “ezinbestekoak diren gaiak” beste sindikatuekin landuko dituela, “langileen artean gaizki-ulertuak ekiditeko”, baina mezu, aliantza eta mobilizazioak aparte ere landuko dituela.

Hezkuntzak hasieratik salatu du genozidioa

Hezkuntza arloa hasieratik inplikatu da Palestinar herriari elkartasuna adierazteko. Horren adibide da Gure haurrak ere badira ekimena, zeinak ekintza ugari antolatu dituen ikastetxeetan, genozidioaren inguruko kontzientzia hartu eta salaketa hedatzeko. Ikasle Abertzaleek deituta ere, berriki egin dute greba milaka ikaslek, “Israelgo Estatuaren eta bere konplizeen aurka”. Ikamak, aldiz, bat egin du urriaren 15erako sindikatuen deialdiekin, eta ikasleak grebara deitu ditu. 

Palestinan gertatzen ari denarekiko haurrak ekidistantzian heztea ezinezko bihurtu da ikastetxe (eta etxe) gero eta gehiagotan. Adinaren arabera zer eta nola kontatu konplexua izan badaiteke ere, giza eskubideak, heriotza, injustizia… mintzagai dira ikasgela gero eta gehiagotan, eta hala kontatu dugu ARGIAn.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025eko azaroaren 14
Iñaki Alegria Loinaz eta Amaia Torrealday Galarreta ikerlariak
"Oso garrantzitsua da administrazioak onartzea euskara zientzia hizkuntza bat dela"

Eguneraketa berriak daude