Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak eztabaida piztu du EHUko errektore taldearen eta Jaurlaritzaren artean. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak azaldu du EHUrentzako iragarritako diru kopurua "geldialdia" ekarriko lukeela; bere aldetik, Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntzako sailburu Perez Igesiasek adierazi du "dialektika hiperbolikoak" ez duela unibertsitatearen finantzaketa hobetuko. Eztabaidaren erdian, LAB, Steilas, ELA eta LKN sindikatuek lanuzteak eta kontzentrazioak antolatu dituzte abenduko lehen asterako, "inbertsio publiko handiagoa" eskatzeko.
Urria amaieran Eusko Jaurlaritzak 2026rako aurrekontu proiektua aurkeztu zuenean, iragarri zuen 337,4 milioi euro bideratuko zituela Euskal Herriko Unibertsitaterako. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak lehen unetik adierazi zuen ez zela “nahikoa" eta aurrekontu horiek unibertsitatean “geldialdia” ekarriko lukeela.
Sindikatuek prentsa ohar bidez azaldu dute EHUra bideratutako finantzaketa “zertxobait” igotzea aurreikusten bada ere, ez dela gerturatzen USLOk markatutako BPGren %1 helburuetara (USLO Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa Espainiako Gobernuak onartu zuen 2023an). Salatu dute EHUk esparru “askotan” arazoak dituela eta unibertsitate pribatuen alde “utzikeri interesatua” dagoela.
Sindikatuen esanetan, EHUko irakasleen eta ikertzaileen oinarrizko soldata bigarren hezkuntzako irakasleena baino baxuago da, eta azken urteetan erosahalmena galdu dute: “2008tik hona KPIa % 46,6 igo den arren, irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute ordudanik”. Adierazi dute, ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatzeko bidea topatu dutela, baina arduraldi partzialeko irakasleek 400-800 euro kobratzen jarraitzen dutela, eta egiten dituzten hainbat lan ez zaizkiela aitortzen. Teknikariei eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileei dagokionez, salatu dute azken hamabost urteetan erosahalmenaren %18,2ko galdu dutela. Egoera horren aurrean, unibertsitate publikoa osatzen duten langileen formazio, ikerketa eta ezagutzaren “transferentzia" beharrei erantzuteko, “ezinbestekotzat” jo dute lan-baldintza duinak eta plantilla egokia izatea.
Lanuzteak eta mobilizazioak
Sindikatuek lanuzteak eta kontzentrazioak antolatu dituzte abenduko lehen asterako: abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean. Lanuzteak 11:00etatik 12:00etara burutuko dituzte, eta kontzentrazioak 11:15etan. Langileei eta ikasleei dei egin diete bat egitera.
Prentsa oharra sinatu dute LAB, ELA, Steilas eta LKN sindikatuek.