Erretreta da bide bakarra


2025eko azaroaren 17an - 09:39
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Mundua giro nahasian dago. Berriki ikusi dugu Frantziako Gobernua, demokraziaren tranpan katigatuta, oreka txikiena ere mantendu ezinda. Jendearen akidurak eta haserreak eraman du gobernua kinka larrian jartzera ez leku gutxitan: Frantziako Estatuan ikusitako gauza berbera gertatu da Perun, adibidez, eta kaleak hartu dituen jendetzaren haserreak Dina Boluarte presidentea botatzea lortu du. Badago protesta gogo bat, aldatzeko premia bat munduko jendarteetan. Berdin Perun, Frantziako Estatuan edo Nepalen haserre nabaria izan da kaleetan eta parlamentuetan, eta badute zerbait komunean: pentsioen erreformek eragin dute jendea kalera ateratzea, gobernuak jaustea. Areago doa, ordea, kontua: pentsioei egindako erreformek lortu dute pentsioa kobratzetik hamarkadatara dagoen jendea ez soilik mobilizatzea, protesten buru ere bihurtzea. Zerbait bada hor.

Arrazoiak ugariak direla esango dute askok, eta ez dabiltza oker. Demografiaren mundu mailako, baina batez ere Mendebaldeko bilakaerari egotziko diote proteston eta haserrearen arrazoia. Alegia, gero eta gazte gutxiago dituen Mendebaldeak gero eta heldu gehiagoren pentsioen karga hartu behar duela beregain. Eta hori horrela da, demografiaren piramidea zenbat eta desorekatuagoa izan, orduan eta pisu handiagoa jasan beharko baitute azpikoek. Baina hori ez da arrazoi bakarra.

Gizarte mugimenduak apal dabiltzala ez da gutxi entzundako kontua. Garai postmodernootan utopiarako, idealismorako aukerak urriak omen dira; errealitatea gordin omen dago. Baina, desmobilizazio horren guztiaren erdian, pentsio pribatuen gorakadaren erdian, etorkizun duin baten aldeko borrokak lortu du jendea masan mugitzea. Indibidualismo eta neoliberalismo kolpez zartatuta zegoen gizarte ehuna berriz josi dute, batu egin dira kausa komun baten alde.

Oraindik goiz da esateko pentsioen erreformen inguruan piztutako suak iraungo duen hurrengo zapalkuntzen aurrean altxatzeko, edota kontu puntuala eta gaiari lotua izan den. Ezin jakin etxean entzundako beldurren ondorena izan den protesta, bankuek hitzemandako pentsio pribatuen ezintasunarena edota benetako injustizia sentsazioarena. Baina ukaezina da hazi bat egon egon dela, eta aukera egon badagoela gizarte babeserako lehen lerroa eratzeko. Hemendik aurrera zer gertatzen den, ikusi beharko. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023ko azaroaren 16
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Eguneraketa berriak daude