Ijitoen kontrako hauteskunde-kartelak erretiratzera behartu du epaileak Portugalgo alderdi ultraeskuindarra

  • “Ijitoek legea bete behar dute” dioten hauteskunde-kartelak hogeita lau ordutan kendu ezean, kartel bakoitzagatik eguneko 2.500 euro ordaindu beharko ditu Chega alderdiak. Arrazakeria eta xenofobia alderdi ugariren diskurtsoetako eguneroko ogia den garaiotan, pozez hartu du erabakia akusazioa abiatu zuen abokatuak.

André Ventura ultraeskuindarrak mezu berria argitaratu du sare sozialetan, epailearen ebazpena bere aldera ekarrita: "Azkenean, badirudi ijitoek ez dutela zertan legea bete". Chega

2025eko abenduaren 23an - 09:48
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urtarrilaren 18an hauteskunde presidentzialak dituzte Portugalen, eta kanpaina betean dira. Testuinguru horretan, Lisboako epaitegiko Ana Barão epaileak ebatzi du Chega alderdiaren karteletako esaldia "larria" dela, "aurrez gogoetatua izan delako, ez da izan eztabaida politiko batean berotuta esandako zerbait, eta pentsatua izan delako inpaktu sozial jakin bat sortzeko, inpaktu negatibo bat, talde etniko bat diskriminatzen duen heinean". Kartelaren atzean ideia diskriminatzaileak eta gutxiengo etniko baten aurkako erasoa ondorioztatu ditu epaileak: "Karteletako mezu inplizitua da ijitoek ez dutela legea betetzen". Etorkizunean, eduki bera edo antzekoa duten kartelak jartzeko edo sustatzeko debekua ere ezarri dio epaileak alderdiari.

Sei pertsonak alderdiaren aurka jarritako akusazioaren abokatuak adierazi du ebazpenak “herrialde bidezkoagoa eta zintzoagoa izaten laguntzen” duela eta "ijito herriaren erresistentziarako garaipena" dela.

Arrazakeriak eta xenofobiak botoak ematen ditu, baina denak ez du balio, eta adierazpen askatasunaren izenean gorroto diskurtsoak zabaltzea ez da zilegi

André Ventura da Chega alderdi ultraeskuindarreko burua, eta hauteskundeetarako hautagai faboritoetako bat, inkesten arabera. Erabakiaren aurrean zentsura salatu du Venturak, eta helegitea jartzea aztertuko duela adierazi du. “Gure demokraziarentzat egun txarra da, askatasuna ez delako ziurtatu, eta azken hamarkadetan ulertu zutenak nahi zutena egin zezaketela pribilegioz eta inpunitatez, bereziki ijito komunitateak, gaur pribilegio eta inpunitate hori sendotuta sentitu dutelako”, gaineratu du. Hain justu, mezu berria argitaratu du sare sozialetan, epailearen ebazpena bere aldera ekarrita: “Azkenean, badirudi ijitoek ez dutela zertan legea bete”.

Ez da berria, arrazakeriak eta xenofobiak botoak ematen ditu, eta hori baliatzen duten alderdi eta politikariak ez dira gutxi. Baina denak ez du balio, eta adierazpen askatasunaren izenean gorroto diskurtsoak zabaltzea ez da zilegi. Gurean, Javier Maroto Gasteizko alkate ohia izango da, ziurrenik, kasurik ezagunenetakoa: gizarte-laguntzetan iruzur egitea leporatu zien aljeriar eta marokoar komunitateei, eta diskurtso xenofoboa hauspotzean oinarritu zuen bere kanpaina. Erantzun herritarra etorri zen berehala, eta Gora Gasteiz mugimendua jaio zen, Marotoren diskurtsoak gezurtatu eta Gasteiz anitza aldarrikatu asmoz.

Javier Maroto, Gasteizko alkate ohia.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ijito herria
2024ko apirilaren 8
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak

Eguneraketa berriak daude