Mapa kolonialen ajeak Kanbodian eta Thailandia

Kanbodia eta Thailandia arteko Preah Vihear tenplua 1930ean. Argazkia: Angkor Database
Kanbodia eta Thailandia arteko Preah Vihear tenplua 1930ean. Argazkia: Angkor Database
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kanbodia, 1863. Herrialdeak Frantziako protektoratu izatea onartu zuen, botere hutsune nabarmenaren, egoera geopolitiko zaurgarriaren eta Frantziako Gobernuaren beraren presiopean. Hala, Frantziako inperio kolonialaren parte izango zen handik aurrera.

Kanbodia eta herrialde mugakideen arteko gatazkak ez ziren berriak. IX. mendetik XV. mendera arte jemerren inperioa izan zen nagusi inguru hartan. Baina, handik aurrera, jemerren gainbeherarekin batera, Kanbodiaren egoera ahulduz joan zen eta herrialdearen subiranotasuna zalantzan jarri zuten indartzen ari ziren auzokideek. Eta XIX. mendean, Mendebaldeko potentzia kolonialen presiopean, egoerak okerrera egin zuen, Frantziaren protektoratua onartzera behartzeraino.

XX. mendearen hasieran Frantziak inguruan zeukan boterea sendotu zuen Siameko erresumarekin bi tratatu sinatuta, 1904an eta 1907an. Hitzarmen horien bidez, lurralde zabalak Indotxina frantziarrari eman behar zitzaizkiola agindu zuten. Zehazki, Dângrêk  mendikatearen ekialdeko muga, egungo Thailandia eta Kanbodiaren artekoa, uren banalerroaren arabera marraztu behar zela erabaki zuten. Eta muga naturalak hobestea ez da gutxi, kolonialismoak muga zuzen arbitrarioak jartzeko joera nabarmena zuela kontuan hartuta.

1907an, topografo frantziarrek muga uren banalerrotik desbideratu zuten gune jakin batean. Ez zen nahi gabe egindako akatsa. Muga horrela marraztuta Preah Vihear tenplua Kanbodiaren lurraldean geratuko zen. Gogoan izan potentzia kolonialisten espoliatze basatiaren garaiak zirela haiek

Baina 1907an, topografo frantziarrak ingurua kartografiatzen ari zirela, muga uren banalerrotik desbideratu zuten gune jakin batean. Ez zen nahi gabe egindako akatsa, erabaki interesatua baizik. Muga horrela marraztuta Preah Vihear tenplua Kanbodiaren lurraldean geratuko zen. Gogoan izan potentzia kolonialisten espoliatze basatiaren garaiak zirela haiek.

Bigarren Mundu Gerran Thailandiak muga naturala berrezarri eta tenplua berreskuratu zuen, Frantziak buruhauste larriagoak zituela baliatuta. Baina gerra amaitzean, Frantziak berriro erreklamatu zituen 1907an berak marraztutako mugak. 1947an thailandiarrek hartu zuten berriro tenplua.

1955ean Kanbodiak independentzia lortu zuen, eta 1959an  Preah Vihear bere mugen barrura itzuli zezaten eskatu zuten kanbodiarrek. 1962an nazioarteko epaitegiek arrazoia Kanbodiari eman zioten (Frantziari, alegia) eta, orduz geroztik, Thailandiaren eskakizunak baztertu eta erabaki hura berretsi dute hainbatetan.

Tirabira diplomatikoak gatazka armatu bihurtu ziren 2008tik 2011ra, dozenaka hildako eta milaka desplazatu eraginez. Eta azken asteotan gatazka berpiztu da.

AEBetako presidente Donald Trumpek su-etena lortzeko “telefono dei bat” egingo zuela esan zuen, eta Mendebaldeko potentziek duela mende bat hauspotutako gatazka orain itzali nahiaren hipokrisia utzi du agerian. 


Eguneraketa berriak daude