Sobietar Batasuna, 1920ko hamarkada. Nikolai Vereshchagin errusiar zoologoa Kaspiar itsasoko Azerbaijaneko kostaleko fauna aztertzen hasi zen, eta gero Armenia eta Georgiako mendietan jarraitu zuen. Kaukaso inguruan desagertutako animalia espezieen erregistro ahalik eta zehatzena egitea zuen helburu. Labar pinturetan irudikatutako uroak, gazelak... ikertu zituen eta, besteak beste, mamuten eta tigreen fosilak eta hezur zatiak aurkitu zituen.
Kaukasoko ugaztunen 11.000 urteko bilakaera bildu zuen, klima aldaketa naturalek eragindakoa nahiz, berrikiago “giza jarduera kaotikoak” ekarritakoa. Eta 1954an Kaukasoko ugaztunak liburuan jaso zuen aurreko hamarkadetako lana.
Baina Vereschagin ez zen mugatu eremu hartako historia ekologikoa biltzera; inguru hura esperimentalki aldatzeko ahalegina egiten ari zen: dokumentatzen ari zen ekosistemak berregiten saiatu zen, desagertutako espezieak eskala handian inportatutako kanpoko beste espezie batzuez ordezkatuta. Bestela esanda, espezie inbaditzaileak sartu zituen. Hala, Andeetatik txintxillak ekarri zituen, Txinatik txakur mapatxeak, Japoniatik sika oreinak, Ipar Amerikatik mofeta marradunak… Oro har, espezie horiei kosta egin zitzaien inguru berrira egokitzea, ez, ordea, Hego Amerikako hezeguneetatik ekarritako koipuari (irudian).
Pentsa liteke, zoologoak asmo txarrik gabe egin zuela zoritxarreko esperimentua. Baina kezka ekologikoaren gainetik antropozentrismoa gailendu zitzaion. Izan ere, bere helburua zen “ingurua giza populazioa sustengatzeko ahalik eta egokiena” izatea
Vereschaginek 213 koipu sartu zituen 1930eko hamarkadan. Teorian, karraskari handiak kontrolatzeak ez zien arazorik ekarriko, otzanak baitziren, etxekotzen errazak. Baina koipuek ugaltzeko ahalmen handia dute: emeak urtean bizphirutan 4-5 kume erditzeko gai dira. Eta beren jatorrizko inguruneko harraparirik ezean, Kaukasora iritsi eta bost urtetan, koipuen populazioa bikoiztu egin zen. Handik aurrerako erregistrorik ez dago.
Gaur egun, koipua munduko ehun espezie inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan dago, eta kontinente guztiak hartu ditu, Ozeania eta Antartika ezik. Baina horren erantzukizuna ezin diogu soilik Vereschagini egotzi, askoz lehenago konkistatzaile espainiarrak izan baitziren koipua Europara eramaten lehenak, karraskarien haragia, baina, batez ere larrua, ustiatzeko asmoz.
Eta horixe zen Vereschaginek buruan zeukana, koipuak ekonomikoki ustiatzea. Pentsa liteke, zoologoak asmo txarrik gabe egin zuela zoritxarreko esperimentua. Baina kezka ekologikoaren gainetik antropozentrismoa gailendu zitzaion. Izan ere, bere helburua zen “ingurua giza populazioa sustengatzeko ahalik eta egokiena” izatea. Horren seinale da, kanpoko espezieak ekartzeaz gain, bertako beste batzuk suntsitzeko asmoa ere baitzeukala zoologoak: ganadua erasotzen zuten otsoak edo txakalak, adibidez. Zorionez, planaren zati hau ez zuen gauzatu.
Orain arte, inork ez ditu koipuek Kaukasoan eragindako kalteak ikertu, ezta populazioa zenbatu ere. Baina Vereschaginek egindakoak erakusten du, azkenean, animalia espezierik inbaditzaile eta kaltegarriena gizakia dela.