Panamako istmoa, 1513ko irailaren 25a. Vasco Nuñez de Balboa konkistatzaileak Ozeano Barea lehenengoz ikusi zuen, Urrucallala mendilerroko tontorretako batera igota. Espedizioko gainerako kideei atzean geratzeko agindu zien, eta soilik bere lagun leialenarekin partekatu zuen ohorea: Leoncico txakurra, mastin eta arbi-txakur nahasketa ikusgarria.
Leoncico ez zen espedizio hartako txakur bakarra. Eta bezperan, irailaren 24an, txakur haiek hainbat pertsona sarraskitu zituzten Torecha kazikearen lurretan. Gutxi aztertu den gaia izan arren, ohikoa zen konkistatzaileek txakur-talde handiak eramatea. Eta haien funtzioa ez zen soilik konpainia egitea edota kokaguneen zaintza. Aperreador esaten zieten soldaduak txakur handi haiek trebatzen espezializatu ziren eta, hala, gerra-arma bihurtu zituzten. Carlos Enrique Freyre perutar idazleak gaia aztertu du Tierra de canes bere azken nobelarako dokumentazio lana eginez. “Ez zeuzkaten uste bezainbeste zaldi. Eta suzko armak ere uste baino mugatuagoak ziren. Armak, ezpatak edo zaldiak sartzen ez ziren lekuetan txakurrak sartzen ziren”.
Amazoniaren konkistarako espainiarrek 2.000 txakur inguru eraman zituztela kalkulatzen da. Peruko Tumbes herria izan zen Francisco Pizarrok hartutako lehenengoetarikoa
Amazoniaren konkistarako espainiarrek 2.000 txakur inguru eraman zituztela kalkulatzen da. Peruko Tumbes herria izan zen Francisco Pizarrok hartutako lehenengoetarikoa. Freyrek Tumbesen gertatutakoa ikertu du, besteak beste, Juan de Betanzos eta Bartolome de las Casas kronikalarien testigantzen eta arrasto arkeologikoen bidez. Eta ondorio garbia atera zuen: “Txakurrak iritsi ziren eta herrian bizi ziren guztiak akabatu zituzten”.
Eta ez zituzten soilik inken inperioa suntsitzen laguntzeko erabili; mexiken aurka ere txakurrak eraman zituzten, eta Karibe inguruan ere hainbat sarraskitan parte hartu zuten. Baina, konkistatutako eremuetako biztanleak –bizirik uzten zituztenak behintzat– beldurtuta eta otzanduta zituztenean, txakurren beharrik ez zuten. Gainera, erasorako trebatutako txakur haiek otzantzerik ez zegoen, eta arazo bihurtu ziren, maiz konkistatzaileen aurka ere oldartzen zirelako. Espainiako koroak txakurrak hiltzeko agindua helarazi zuen orduan.
Esan bezala, historiografiak ez du gaia berariaz landu. Baina Miguel Leon Portilla mexikar historialariak konkistatuen ikuspuntua jaso nahi izan zuen eta, horretarako, ahozko tradizioko kontakizunak bildu zituen. Hona hemen nahuatl hizkuntzan gordetako deskribapen bat: “Eta haien txakurrak oso oso handiak dira: belarriak askotan tolestuta dauzkate, eta baraila itzelek dar-dar egiten diete; begiak handituta dituzte, txingarretan bezala, begi horiak, su horizko begiak; oso handiak dira, ez dira lasaiak”.