“Mundu honetan ez dakizu lau hilabetean entrenatu gabe egoten”

  • Orain dela 30 urte hasi zen futbol entrenatzaile lanetan, inoren zuloak betetzen ez gutxitan, edo, zenbait kasutan, entrenatzeko talderik gabe eta nork edo nork deitu zain. Halaxe zegoen 2025eko udaberrian, batere uste ez zuela Greziako Olympiakosera joateko deia jaso zuenean. Eta joan, eta tituluak bata bestearen atzetik irabazi!

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

2025eko abenduaren 4an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
  José Luis Mendilibar Etxebarria  (Zaldibar, Bizkaia, 1961)

Futbolaria lehen, futbol entrenatzailea gero. Hainbat talde zuzendu ditu, sailkapenaren zulotik atera ere bai, baina nazioartean irabazitako tituluek ezohiko sona eman diote: Sevillarekin UEFA Europa League irabazi zuen 2023an, eta Conference League titulua aurten Greziako Olympiacosekin. Eta han eta hemen ez dabilenean, Zaldibarren da, Orhiko xoriarena eginez beti.

Apur bat kostatu zaigu zurekin hitzordua egitea, Greziatik hona eta hemendik hara zu...
Bai, baina, hasiz gero, ez dut presarik edukitzen. Gainera, hau ez da futboleko elkarrizketak bezala, entrenamendu aurretik edo ostean prentsarekin egon beharra. Badakizu, gutxi gorabehera, halako eta halako galdetuko dizutela. Batez ere, partidu ostean. Emaitza zelakoa izan den, galderak aldatu egiten dira. Hala ere, niri galdetu, eta nik erantzun egiten dut. Ondo edo txarto, baina erantzun. Batzuetan erantzuna ondo pentsatu behar izaten da baina! Eta gero eta gehiago, gainera.

Ea, bada, ez duzun askorik pentsatu behar guri erantzuten. Baina euskaraz, behintzat.
Bai! Sestaon jokatu nuen garaian, behin ETBtik deitu zidaten. Pedro Mari Goikoetxeak telebistako estudiora joateko eskatu zidan, berton elkarrizketa egiteko, zuzenean. Ezetz esan nion, euskaraz berba egitea asko kostatzen zitzaidalako. Denbora hartan ez nintzen kapaz. Gero, ezkondu nintzenean, seme-alabak izan genituenean, euskaraz hasi nintzen berriz, eta zer edo zer!

Zaldibar herri euskalduna zelakoan nengoen.
Bai, baina guri, ume ginenean, Francoren denbora tokatu zitzaigun. Eta eskolara joan, eta ez ziguten uzten euskaraz berba egiten. Segituan zen kastigua! Niri ia ahaztu egin zitzaidan, ze euskaraz berba etxean baino ez nuen egiten, gurasoekin. Arreba bat daukat, eta etxean euskaraz egiten genuen, baina kalean lagunekin-eta, dena erdaraz! Baserritarrek eta orduko umeen gurasoek baino ez zuten euskaraz berba egiten. 

Futbolari –ez txarra– izan zinen, entrenatzaile aipu eta sona handikoa zaitugu orain. Zelan sartu zinen futbolaren munduan?
Umetan, Zaldibarren, futbola eta pilota ziren. Neguan, futbola izaten zen. Udan, berriz, pilota. Nik, 17 urte arte, biak egin nituen. Esate baterako, Zaldibarrekin, birritan herri-artekoen txapeldun izan ginen Bizkaian; behin, infantiletan eta, bestean, jubeniletan. Baina 17 urterekin “edo futbola edo pilota” esan zidaten, eta bat aukeratu behar izan nuen. Zaldibarren ez zegoen futbol talderik, eta Durangon jokatzen hasi nintzen, Culturalen. Hurrena, Bilbao Athleticek fitxatu ninduen eta Lezamara joan nintzen.

"Futbolean hasten den gazteak lehenengo gauza, autoa erosten du. Egia esanda, 19 urteko gazteak ez daki zer egin hainbeste dirurekin!"

Ikasketarik ez zenuen egin?
Bai! Akabo, ba! Zaldibarren eskolan bukatu eta Durangora joan nintzen, maristetara, lanbide heziketa egitera: mekanikari ikasi nuen. Bost urte ziren, bi ziklotan banatuta: lehenengo lau urteak segidan egin nituen, azkena ez, ze Lezamara joan behar nintzen entrenatzera, eta eskolara azterketak egitera baino ezin nintzen joan. Lehenengo lau urteak segidan egin nituela esan dizut, baina azkeneko kurtsoa hiru urtean atera nuen. Edo, hobeto esan, gainditutzat eman zidaten; ez nuen nik gainditu.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Mekanikari ikasten ari zinen, Durangoko Cultural futbol taldean ere jokatzen ari zinen, eta Athleticekoak joan zitzaizkizun bila. Ederto, ezta?
17 urte neuzkan, eta nire lehengusu bik, eta osaba bik ere bai, fundizioan lan egiten zuten, Tabiran [Durango]. Eta gurasoek esaten zidaten hantxe neukala beharra, lanpostu segurua, eta hara joan behar nintzela. Nik, ezetz. 17 urte neuzkan, Culturalen ari nintzen jokatzen, dirurik ez nuen irabazten, baina futbolean jokatu nahi nuen. Gurasoek, ni fundizioan hasteko; nik, ezetz, futbolean jokatu nahi nuela. Hori 17 urterekin. Gero, 18 urte bete nituenean, Bilbao Athletic bila etorri zitzaidan, eta futbolera! Baina lagun baten aita nire gurasoak konbentzitzera, eta niri laguntzera, etorri zen etxera. Gurasoak konformatu ziren arte! Aita bizkorrago konformatu zen ama baino. 

Eta ibili zenituen talde bat eta bestea, futbola zeure lana eginda. Esaterako, hainbat urte egin zenituen Sestaon.
Zortzi urte. Hasieran, kontratu txikiak egiten zizkiguten, ez genuen hainbeste diru irabazten, baina gure artean-eta beti esaten genuen tailerrera joaten zenak guk baino bastante gutxiago irabazten zuela. Oraingo dirurik ez zen orduko denboran, baina pisu bat erosten hasi zintezkeen, behintzat. Orain, berriz, futbolean hasten den gazteak lehenengo gauza, autoa erosten du. Egia esanda, 19 urteko gazteak ez daki zer egin hainbeste dirurekin!

21 urte nituenean, Logroñés taldera joan nintzen. Bi edo hiru lagun bizi ginen elkarrekin, pisu berean. Haietako bat, zapatu arratsaldetan entrenatzaile ikastaroak egiten ari zen, eta niri ere ikasteko esaten zidan. Nik, ezetz: "Astean arratsalde bat libre, eta entrenatzaile ikasten hasi? Ezta pentsatu ere!". Eta hura ikastera, eta ni etxean. Sestaon egondako azkeneko urtean hasi nintzen entrenatzaile ikasten.

"Zaldibarko Zabortegia jausteko arriskua zegoen eta, hala ere, kamioiak zaborra bota eta bota, behin eta berriz. Lar mugitzen gaitu diruak”

Oraingo egunean, neska eta mutil, futbolari gura dute izan batzuek eta besteek.
Eta berdin gura dute euren gurasoek. Baina, esate baterako, Lezamara joaten diren neska-mutilen %2 edo gutxiago heltzen dira lehen mailara! Oso gutxi! Euren gurasoek, ostera, pentsatzen dute goiko mailara helduko direla. Gazteak futbolean jokatu nahi du, gurasoek nahi dute beren umea lehen taldera heltzea, ez dute ikusten beren semea edo alaba baino. Normala ere bada, baina puntu batera arte bakarrik. Eskerrak, guraso guztiak ez diren berdinak. 

Batean, futbolari modura ari zara hitz egiten; bestean, entrenatzailea ari da. Sestaon erretiratu zinen…
Ez, zeharo. Sestaoko azkeneko urtean, mailaz jaitsi ginen, eta bota egin ninduten. Orduan, Lemoatik deitu zidaten, eta haraxe joan nintzen. Bigarren B mailan urte bat jokatu eta Amurriotik deitu zidaten. Baina Zaldibarretik Amurriora joatea ere ez zen oso aukera ona eta, orduan, Arratiako taldetik deitu zidaten, entrenatzaile izateko. Ordurako entrenatzaile-agiria neukan, eta probatu egin behar nuela pentsatu nuen. Futbolean jokatu baino ez nuen egin 18 urte nituenetik, profesionala izan nintzen, entrenatzaile probatu nuen Arratian, eta suertea izan nuen, bigarren urtean mailaz igo ginen eta. Eta Athleticek deitu zidan. Baina hura ere amaitu zen, gauza guztiak bezala.

Eta zer gertatzen da entrenatzaileari kontratua eteten diotenean, edo hura amaitzen denean?
Itxaron egin behar, hurrena nork edo nork deitu arte! Ni, hurrena, Lanzaroteraino joan nintzen. Zaldibarretik Lanzarotera! Lezaman entrenatzaile egondakoa nintzen, eta hori gauza handia da jende askorentzat. Lezama, gura dut esan. Lanzaroten urte bi oso onak izan ziren, ze lehenengo denboraldian hirugarren amaitu genuen, eta bigarrenean, ostera, lehen. Eta, orduan, Eibar etorri zitzaidan bila, bigarren mailan zegoen garaian, eta hantxe hasi nintzen entrenatzaile.

Eibar taldeko entrenatzaile zinen Zaldibarreko zabortegia mendian behera amildu zenean…
Bai. Realaren kontra jokatu behar genuen, eta partidua suspenditu zuten. Pandemia baino astebete arinago, pentsatzen dut. Txarrena da zabortegian langile bi hil zirela. Zabortegia jausteko arriskua zegoen eta, hala ere, kamioiak gora eta behera ibili ziren beti, zaborra bota eta bota, behin eta berriz. Lar mugitzen gaitu diruak. Diruak mugitzen du mundua, eta ez bakarrik futbolariak!

Pandemia aipatu duzu. Zabortegia jausi, handik egunetara pandemia. Mundua geratu zen, futbola ez…
Ez, futbola ez. Halakoa da futbola! Politikak baino indar handiagoa dauka! Futbolean pasatzen dena ez da inon pasatzen.

Ez dakit beste inon pasatzen den: zenbait partida galdu, eta kale gorrian da langilea: entrenatzailea, alegia. 
Taldea txarto doanean, presidenteak jokalari jakin batzuekin berba egiten du; kapitainekin-eta. Baina kirol zuzendaria ere hor dago, eta zuzendari horrek eta entrenatzaileak ikuspuntu ezberdinak baldin badituzte, akabo! Hala ere, presidenteak agintzen du, eta berak esaten duena egiten da: entrenatzailea bota, ez bota, edo noiz arte itxaron.

"Lehenengo entrenamendua ikusi orduko igartzen ahal diozu taldeari: bat eginda dagoen, ez dagoen; gauzak ondo aterako diren, helburua lortzea asko kostako den"

Behin baino gehiagotan bota zaituzte talde batetik eta, era berean, behin baino gehiagotan hartu behar izan diozu erreleboa lankideren bati.
Toki askotara, emaitzak txarto doazelako heldu naiz entrenatzera. Osasuna, Alaves, Sevilla, Olympiakos… Nire kasuan, horrela heldu nintzen talde horietara. Hiru kasutan ondo atera zen gauza; batean, txarto: Alavesen. Lehenengo entrenamendua ikusi orduko igartzen ahal diozu taldeari: bat eginda dagoen, ez dagoen; gauzak ondo aterako diren, helburua lortzea asko kostako den. Horretarako, atezaina, goleatzailea eta halako jokalari batzuk ondo daudela ikusi behar dituzu. Hala ez bada, kontuz, ez da samurra izango: gogorra, seguru.

Esperientziak gura beste dituzu, eta utzidazu pare bat aukeratzen… Esate baterako, 2023ko udaberrian Sevillara heldu zinen, taldea sailkapenaren zuloan-edo zegoela. Handik hilabete batzuetara, mailari eutsi zion taldeak eta, are gehiago, kopa bat irabazi zuen.
Ez zen kopa bat izan, Europako titulu bat baino: Europa League. Nik taldea hartu nuenean zuloan zegoen, baina bertoko jokalariak oso onak izan ziren. Hala ere, nekatuta zeuden aurreko urtetik. Nik segidan ikusi nuen lan egiteko prest zeudela. Lau hilabete izan ziren, udaberritik udara arte. Eta zuk esan duzuna, zulotik atera ginen, eta Europan titulua irabazi!

Alegia, ez dela balentria erraz ulertzen. Are gaitzago da ulertzen, ondoko denboraldia hasi, eta laster kale gorrian zu!
Zortzi-hamar partida iraun nuen. Gero, kalera bota ninduten. Futbolean halaxe dira gauzak, pazientziarik ez dago. 

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Handik hilabete batzuetara, berriz, Grezian zinen, bertoko talde handienetako bat entrenatzen: Olympiakos!
Denboraldia hasi eta hil bira bota ninduten Sevillatik, eta urritik urtarrilera arte ez nuen batere deirik jaso. Eta, orduan, Olympiakosen deia. Lehen bider irten nintzen hemendik kanpora. Eta han ere, Europako titulua irabazi genuen, Conference League. Iaz, liga eta kopa irabazi genituen. Aurten ere ondo hasi gara, baina betikoa: urte baterako kontratua eduki arren, inoiz ez dakizu kontratu hori beteko den ala ez. 

Noiz amaitzen da entrenatzaile baten ibilbidea?
Nire kasuan, oraindaino ez, behintzat! Entrenatzen hasi nintzenean, “55 urte arte eta kito!”, esaten nuen. Baina mundu honetan ez dakizu lau hilabetean entrenatu gabe egoten. Badituzu 70 urtetik gora dituzten entrenatzaileak! Nik 64 urte dauzkat! Egia esan, ez dakit noiz arte ibiliko naizen taldeak entrenatzen.

Mekanikari ikasi zenuen… Iruditzen zait futbol entrenatzaileak baino gehiago behar ditugula gaur egun mekanikariak…
Kar, kar! Mekanikari beharrik ez dut inoiz egin, praktikak baino ez, 17 urte nituenean. Zaldibarko tailer batean ibili nintzen, abuztu batean, eta orduan ere Culturalen aurredenboraldia egiten hasi baino lehen. Hala ere, arrazoi duzu, mekanikariak behar dira, eta elektrizistak, iturginak, arotzak… Baina zelan izango ditugu halako beharginak, denak unibertsitatera badoaz? Denak unibertsitatera… hori ere ez da lar ona. Bestelako beharginak ere behar ditugu. 
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

2025eko azaroaren 19
51.396

Eguneraketa berriak daude