Duela gutxira arte, Osasunak Sadarren jokatutako partidetan, bigarren zatia hasi baino lehen Barricada taldearen No hay tregua kanta haizatu ohi zuten estadioko bozgorailuek. Jada ez, ordea, Espainiako Poliziak hala eskatu duelako. Bestalde, Indarkeriaren aurkako Batzordeak proposatu du Gasteizko Mendizorrotza estadioa hilabetez ixteko, kanpoaldeko paretan Iraultza 1921 talde "ultraren" muralak daudelako. Alavesek jakinarazi du klubaren "historia eta ondarea" babestuko dituela, eta asmoa duela helegitea jartzeko. Iraultzak, bestetik, bere izena ezabatu du mural batzuetatik, kluba eta haren ingurua ez kaltetzeko.
Espainiako Gobernuaren menpeko erakundea da Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren kontrako Kirol Batzordea. Ostiralean zabaldutako oharrean dioenez, Alavesi 60.001 euroko isuna jartzea eta bere estadioa hilabetez ixtea proposatu du, "klubak muturreko zaleei emandako laguntzagatik".
"Mendizorrotza Estadioak Iraultza 1921 talde ultra sustatzeko horma-irudiak, grafitiak eta pegatinak ditu kanpoaldeko fatxadan", irakurri daiteke: "Indarkeriaren Aurkako Batzordeak segurtasun-txostenak eskatu zituen, eta urriaren 28ko bileran 40.000 euroko isuna proposatu zuen marrazki horiek erakusteagatik". Hala ere, horma-irudiak ez zirela ezabatu dio Indarkeriaren Kontrako Batzordeak: "Horien gainean gorri-koloreko folio batzuk jarri ziren, gurutze bat osatuz, eta Ertzaintzako koordinatzaileak zentsuratua zioten kartelak".
Mendizorrotza estadioa Alavesen historia biltzen duten hainbat muralek inguratzen dute. Hain justu, klubak jakinarazi du haren "historia eta ondarea" babesten jarraituko duela, eta helegitea aurkeztuko duela zigor-proposamenaren aurka. "Klubak bere historia zaintzeko konpromiso sendoari eusten dio. Estadioaren kanpoaldean dauden horma-irudiak Alavesen 100 urteko ibilibidearen irudikapen grafikoa dira, baita kluba eraikitzen lagundu duten pertsonak, kolektiboak eta mugarriak omentzeko modua ere", dio prentsa-oharrak. "Burututako ekintza guztiak klubaren ondarearen parte dira. Kirola zaintzea betebehar kolektiboa da, eta kirolaren funtsezko balioa. Hori ulertzea eta errespetatzea guztioi dagokigun erantzukizuna da: erakundeei, klubei eta zaleei". Zale batzuek, hain zuzen ere, zuzendaritzaren jarrera txalotu dute, haiek babesteagatik.
Zale talde nagusiak, Indarkeriaren aurkako Batzordeak aipatzen duen Iraultza 1921ek, jakinarazi du horma-irudietatik bere izena ezabatu duela, kluba eta haren ingurua ez kaltetzeko.
Ante las sanciones, amenazas y mentiras, en un acto de responsabilidad por no perjudicar al alavesismo, ayer borramos los murales denunciados por el Coordinador de Seguridad.
— Iraultza 1921 (@Iraultza1921) November 21, 2025
IRAULTZA 1921 volvera a lucir en Mendi, aunque alguno se empeñe nunca podrán borrar nuestra historia. pic.twitter.com/uwyrfKg9Nf
Treguarik ez
Sadarren, atsedenalditik bueltan, jada ez da gehiago Barricadaren No hay tregua entzungo, segurtasun koordinatzaileak –Espainiako Poliziak– klubari egindako eskaera medio, Osasunako zuzendaritzako kide José Andrés Burguetek azaldu duenez. Segurtasun koordinatzaileak salatu du hainbat pertsonak aldarriak jaurtitzeko baliatzen zutela kanta hori, eta litekeena zela ondorioz klubak zigor gogorra jasotzea. Horregatik erabaki du klubak No hay tregua gehiago ez jartzea, taldearen ereserki estraofiziala bihurtu bazen ere, urteen poderioz.
Ahora si!!!!! No hay tregua en El Sadar #Osasuna pic.twitter.com/Wen6vRpQ9W
— La Rana Rojilla (@laranarojilla) April 12, 2015