Ainhoa Tirapuk, Jesus Mari Zamorak, Xabier Usabiagak, Mireia Epeldek, Yaser Hamedek, Mikel Astarlozak, Patri Espinarrek, Xabier Mikel Errekondok eta beste hamarnaka kirolarik eta kirolaren bueltako eragilek sinatu dute jada Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa STOP adierazpena. Larunbatean aurkeztu dituzte lehen atxikimenduak Gernika-Palestina, Gu ere bai! eta Gure Esku plataformek, Donostian egindako agerraldian.
Hogeitik gora sinatzaile izan dira agerraldian. Euskaraz, Arritxu Iribar kazetariak irakurri du adierazpena, eta "euskal herritar guztiei" dei egin die azaroaren 15ean –euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partida egunean– Bilbora joan eta 17:30ean Arriagatik abiatuko den elkartasun martxan parte hartzeko, "Bilbo izan dadin genozidioaren kontrako eta herri libreen aldeko elkartasun oihu erraldoia".
"Herri libreak nahi ditugu munduan: Euskal Herri librea, Palestina librea", dio manifestuak. "Herritar libreak nahi ditugu: pertsona guztien eskubide guztiak bermatzen dituen mundu bat nahi dugu. Horregatik diogu euskal herritarrek eta palestinarrek bakean eta askatasunez bizitzeko eta beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dutela".
Kirola elkartasuna sustatzeko tresna izatea nahi dute sinatzaileek: "Kirolaren berezko eta jatorrizko balioak nabarmendu nahi ditugu, topagunea delako eta bizipenak elkarrekin partekatzeko eremua. Horregatik, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida mundu osoari elkartasun eta bakearen alde bidalitako mezu erraldoia izatea nahi dugu".
Halaber, euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu nahi dute: "Euskal Herriak, Palestinak bezala, eskubidea du bere selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusteko. Eta dei egiten dugu hainbat eremutan egindako urratsak futbolean eta gainerako kiroletan ere egiten ahalegintzeko".
Gu ere Bai! plataformaren webgunean sinatu daiteke manifestua; eta orain arte babesa agertu duten kirolarien zerrenda ere kontsulta daiteke bertan.