Adin txikikoen aurkako sexu erasoengatik sei urteko kartzela zigorra jarri diote Aviron Bayonnais futbol klubeko entrenatzaile ohiari

  • Futbol entrenatzailea zela baliatuta, sei mutiko ukitu eta masturbatzeagatik kondenatu du Baionako Auzitegiko epaileak Eric Olhats 62 urteko lapurtarra. Besteak beste, adin txikikoekin lan egitea debekatu dio betirako.

Icon Sport

2025eko azaroaren 5ean - 10:09
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1997. urtetik 2022ra egindakoak epaitu dituzte, astearte honetan. Garai hartan, Eric Olhats Aviron Bayonnais futbol klubeko entrenatzaile zen eta bere jokalarien aurkako sexu indarkeriagatik kondenatu dute. Salaketen arabera, eraso gehienak txapelketetarako bidaietan egin zituen, kotxean edo bere etxean. Hala nola sexu ukituak, musuak, behartutako masturbazioak eta film pornografikoak ikusteko gonbidapenak deskribatu dituzte salatzaileek. Adin txikikoei lotutako material pornografikoa ere aurkitu diote sakelakoan Olhatsi.

Ipar Euskal Herrian, maila amateurretik profesionalerako zubi lana egiten zuen futbolean, eta horrek ematen zion boterea ere aipatu dute auzian. Entrenatzeaz gain, futbol ikustatzailea ere izan zen Olhats.

Fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra zuen eskatua, eta Olhatsen abokatuak, berriz, aske geratzea, “dena faltsua” dela argudiatuta. “Interpretazio kontua” badela ere adierazi du entrenatzaile ohiak. Sei urteko espetxe zigorraz gain, kirol eremuetara hurbiltzea debekatu dio epaileak, biktimei kalteak ordaindu beharko dizkie, eta ezingo du inoiz adin txikikoekin gehiago lan egin.

Auziak 2019an du abiapuntua. Eric Olhatsek entrenaturiko mutiko baten amak gutun anonimoa bidali zuen Hazparneko (Lapurdi) Herriko Etxera, semeak jasandakoak kontatzen. Ondorengo urteetan, lekukotasun eta salaketa gehiago azaldu dira.

2022an, behin-behinean atxilotu zuten eta handik hamar hilabetera askatu zuten, kontrol judizialpean, baina kontrolaren baldintzak apurtu zituen, futbol zelai batera hurbildu zelako, eta berriro atxilotu zuten, epaiketa egunera arte behin-behinean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Eguneraketa berriak daude