Joseba Novoa Amaya Zabarteren senarrak hitza hartu du Eusko Legebiltzarrean, Ertzaintzak Zabarte larriki zauritu zuenetik bizi izan duten “sufrimenduaren” berri emateko. Erantzuleak identifikatzeko “ausardia” eskatu du parlamentarien aurrean.
2024ko martxoaren 5ean Donostian Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partidaren aurretik Ertzaintzak Amaya Zabarte zauritu zuen. Familiak jakinarazi zuen Zabartek foam-bala bat jaso zuela buruan, eta horrek garuneko odoljarioa eta bi garezur-haustura eragin zizkiola; ondorioz, ZIUn sartu zuten gau hartan bertan. Ordutik hona izandako prozesuaren testigantza eman du Jose Novoa Zabarteren senarrak asteazken honetan, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean.
Novoaren esanetan, “ezinezkoa” da Ertzaintzak ez jakitea nork jaurti zuen foam-bala
Zabarteren familiak salaketa jarri zuenetik, auziak gorabehera asko izan ditu. Ertzaintzak barne ikerketa zabaldu zuela jakinarazi bazuen ere, familiak behin eta berriz salatu du Ertzaintzaren utzikeria gertaturikoa ikertzeko. Novoak legebiltzarrean esan du “babes gabe” sentitu direla, ez Poliziak ez Justiziak ez baitute urratsik egin gertatu zena argitzeko, bere arabera. Bidean, “iluntasuna” eta “gezurrak” aurkitu dituztela ere gaineratu du legebiltzarreko agerraldian.
Batzordeko kideen aurrean, orain arte argitaraturiko bideoak aurkeztu ditu, eta irudien bidez erakutsi nahi izan die agenteek Zabarteri ez ziotela inolako laguntzarik eman eta, gainera, Poliziaren oldarraldia ez zela beharrezkoa, istilurik ez zegoelako une eta toki horretan.
Gainera, Novoak gogorarazi du 18 hilabeteren ondoren, oraindik ez duela ertzain bakar batek ere epailearen aurrean deklaratu: “Ikerketa serio eta oso bat eskatzen dugu, justua eta inpartziala izango dena, zer gertatu zen argitu eta egilea identifikatuko duena”. Izan ere, bere ustez “ezinezkoa” da Ertzaintzak ez jakitea nork jaurti zuen foam-bala.
“Ausardia”, hori eskatu die legebiltzarkideei, erantzuleak identifikatu eta, epaitegiek esaten dutenaren zain egon gabe, halakoak berriz gertatu ez daitezen neurriak hartu ditzaten.