Larunbatean 20:30ean jokatuko da gizonezkoen Euskal Selekzioaren eta Palestinakoaren arteko futbol-partida. Palestina selekzioak lehengo aldiz jokatuko du Europan. Astean zehar zenbait ekintza antolatu dituzte erakunde desberdinek.
Ongietorria egin diote Palestinako selekzioa osatzen duten jokalari eta lan taldeari Loiu aireportuan dozena bat pertsonak. Txalaparta eta adar-hotsa entzunez Yaser Hamed palestinar jatorriko euskal futbol jokalariak banan-bana agurtu ditu herrikideak. Aurreskua dantzatu ostean palestinar selekzioa osatzen duten bakoitzari txapela bana eman diete.
Gernika-Palestina Herri Ekimena, Gure Esku eta Gu Ere Bai eragileek antolatutako omenaldi horretan, Gernika-Palestinako bozeramaile Ibon Meñikak ohoretzat jo du talde palestinarraren etorrera. “Badakigu larunbat honetan futbol-partida bat baino askoz gehiago jokatuko dela, eta badakigu ekitaldi horrek garrantzi handia duela”, adierazi du.
Autobus batek selekzioko kideak jaso eta EHUko Unamuno Ikastetxe nagusira eraman ditu. Bertan hartuko dute ostatu, EHUren proposamenez. Jokalariek bertan doan egongo dira Euskal Herrian pasako dituzten egunetan, Kataluniara joan aurretik. Aurreko astean EHUko, Euskal Federazioako eta selekzioko ordezkariek elkarrekin agerraldia egin zuten. Bi selekzioen artean jokatuko den futbol-partiduak Palestinar herriarekiko elkartasun adierazteko aukera izango dela adierazi zen.
EHUk zenbait ekintza prestatu ditu norgehiagokaren aurreko egunetarako. Azaroaren 12an Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean 12:00etan Palestinar An-Najah Unibertsitate Nazionaleko dekano Ghadeer Omarrek hitzaldia emango du. Hurrengo egunean, Sol Band Gara musika talde palestinarrak kontzertua eskainiko du. Partida egunean unibertsitate-komunitateak Ingeneritza Eskolatik futbol zelaira mobilizazioa egingo dute 19:00tan, “Palestinako herriak aske izateko duen eskubidea” eskatzeko.
Hitzordurako egun gutxi falta diren honetan, 2.000 sarrera baino gutxiago geratzen dira zelai guztia betetzeko. Topaketa “historikotzat” hartu den honetan, ostiralean Jagoba Arrasatek osatu zuen euskal selekzioko jokalarien deialdia. Besteak beste, Iñigo Ruiz de Galarretak Euskal Selekzioarekin estreinatzea “amestzat” jo du.
EH Bilduk bere aldetik, berriro Palestinarekin elkartasuna era masiboan azaltzera dei egin du. Arkaitz Rodriguezek gogorazi du Israelek palestinarrak bonbardatzen jarraitzen duela, eta herri palestinarraren eskubideak defendatzean jarraitzea eta genozidioa salatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela. Bestetik Euskal Herriaren nazio izaera gaineratu du, herri honek selekzio ofizialak izateko eta bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela azpimarratuz. “Ez da kasualitatea hemen Palestinarekin solidarioak izatea: Euskal Herria ere herri ukatua, zatitua eta zapaldua da. Haren kausa gurea da, munduko herri zapaldu guztien kausa”, aipatu du.