Italia-Israel partidaren atariko liskarretan, Palestinaren aldeko hogei manifestari atxilotu ditu Poliziak

  • Italiako Poliziak hogei bat lagun atxilotu ditu astearte iluntzean Udine hirian, Italiako selekzioak Israelen aurka jokatu duen futbol partidaren atarian, palestinar herriaren aldeko manifestazioa amaitu osteko liskarretan.


2025eko urriaren 15ean - 08:38
Azken eguneraketa: 09:42
Duela lau egun Oslon bezala, Israelen aurkako protestak izan dira Udinen, gogorragoak Italiako hirian. Reuters
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

12.000 lagun inguru batu ditu Udineko kaleetan egin den manifestazioak. Italia-Israel partida bertan behera uzteko eskatu dute, baita Israel nazioarteko txapelketetatik kanporatzeko ere, besteak beste. Manifestazioa, zeina modu baketsuan egin den ibilbide ia osoan zehar, Primo Maggio plazara heldu denean, dozenaka lagunek Poliziak ezarritako hesiaren aurka egin dute –futbol estadiora hurbiltzeko asmoz–, eta orduan hasi dira enfrentamenduak.

Udineko Polizia buru Pasquale Antonio De Lorenzok adierazi duenez, ehun bat manifestarik segurtasun indarren ibilgailuei eraso egin diete, eta poliziek ur-kanoi eta gas negar-eragileekin erantzun dute. Hogei bat lagun atxilotu dituzte. Poliziaren presentzia nabarmena izan da egun osoan, hainbat dronek egin dute hegan Friuli estadioaren inguruan, eta frankotiratzaileak ere jarri dituzte hango teilatuan, partidak iraun bitartean.

2026ko Munduko Futbol Koparako sailkapen faserako partidan, Italia 3-0 nagusitu zaio Israeli. Partida hasi aurretik, estadioan ziren ikusleetako batzuek txistu egin diote Israelgo ereserkiari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
Eguneraketa berriak daude