Euskararen Erakunde Publikoa: heldu da hitzarmen berria bozkatzeko tenorea

  • Abenduaren 11n izanen da Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusia eta orduan bozkatu beharko dituzte aurrekontua eta hitzarmen berria. Euskalgintza zein EEP bera, guztiak ados dira errateko gaur egungo hizkuntza politika ez dela nahikoa euskararen galera behar bezainbeste frenatzeko eta euskal hiztun berriak sortzeko. Guztiak ados dira errateko bultzada berri bat eman behar zaiola hizkuntza politikari. Hor arte guztiak ados dira, baina bideratu beharreko sosaz hitz egiterakoan, uzkurtasunak eta desadostasunak nagusi dira. Egoera blokeatuta izanda, urte bateko negoziazio fasea abiatu zuten iazko abenduan. Bururatu zaie elkarrizketarako tartea eta biltzar nagusian jakinen da emaitza. 

2017az geroztik ez dute emendatu EEPren aurrekontua. 650.000 euroz emendatu beharko luke EEPko kide bakoitzak bere ekarpena, baina oraingoz horrelakorik ez dute adostu –bakarrik Euskal Hirigune Elkargoa da horretarako prest agertu–. Hori horrela, hizkuntza politika ausart bat bideratzeko baliabideak eskatzeko protesta egin zuen euskalgintzak uztailean.Euskal Konfederazioa
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bukatu zaie egoera desblokeatzeko xedez jarritako urte bateko negoziazio fasea eta abenduaren 11n jakinen da emaitza: Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusia izanen dute, eta aurrekontuaz gain, hitzarmen berria ere izenpetuko dute. Berebiziko inportantzia izanen du bilera horrek, bere horretan EEPren geroa –eta hortik Ipar Euskal Herrirako hizkuntza politika– delako mahai gainean. 

"Zaila da irudikatzea EEPrik gabeko errealitate bat 2026rako, beraz pentsatu nahi dut korapiloa askatzeko aukera adostuko dutela", dio Ihintz Oliden AEKko koordinatzaileak. Bere gisara, euskalgintzako eragile guztiek diote arreta handiz begiratuko biltzar nagusi horri, finean, beraien geroa ere jokatuko delako bertan. 3,5 milioi euroko aurrekontuarekin, lan ardatz propioak baldin baditu EEPk, diruaren zati handi bat doa euskalgintzako eragileengana. Baina, afera da hizkuntza politika eraginkor bat aitzina eramateko, aurrekontua bikoiztu beharko litzatekeela euskalgintzako egiturak barnebiltzen dituen Euskal Konfederazioaren arabera. Badu urteak baliabideen emendioa galdatzen dabilela euskalgintza, hain justu ere, beharrak garatu egin direlako. Alta, 2017az geroztik ez da xentimo bakar batez emendatu diruztatzea, eta egoera geroz eta prekarioagoan, ahal bezala dabiltza aitzina.

Hein apalagoan bada ere, EEPk ere dio oraingo aurrekontua eskasegia dela: hizkuntza politikarako beharrak zehaztu zituzten 2023ko uztailean eta aurrekontua %65ez emendatzea ondorioztatu zuten; hau da, kide bakoitzak 650.000 euro gehiago ezartzea. Adostasunik ez zutenez lortzen, 300.000 eurora apaldu zuten eskaera. Lau kidez osatuta dago erakundea –Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Akitania Handia Eskualdea eta Frantziako Estatua– eta hein bereko ekarpena egin beharra daukate lauek. Gaur egun, bakoitzak 850.000 euro bideratzen dizkio EEPri –eta kasuan kasu, nahi duenak bideratu dezake bereber diru gehiago ekimen berezi batzuetara–. 2024ko ekainean aurkeztu zuten Ipar Euskal Herriko euskal hiztun kopurua %30era heltzeko prospekzio soziolinguistikoa. "Dokumentu inportantea", Euskal Konfederazioko Sebastien Casteten arabera: "EEP sortu denetik leporatzen diogu helburuak ez dituela denboran plangintzatzen. Beraz Euskara 2050eko epemugan bide­ orria, berez, baikorra da. Orain galdera da: nola lortzen dugu %30eko helmuga? Zein aurrekonturekin?". 

2050ean hiztun kopurua %30era iristeko prospekzio soziolinguistikoa aurkeztu zuen EEPk 2024an. 40.000 hiztun gehiago beharko lirateke

Kide guztiek beharrezkotzat jo arren emendioa, oraingoz bakarrik Euskal Hirigune Elkargoak du ekarpena 650.000 euroz emendatzeko engaiamendua hartu. Hori horrela, diru emendatzerik gabeko aurrekontua bozkatu zuten apirilean. "Momentuan aterabiderik ez dugu ikusten, eta hori da arazo politiko nagusia: badakigu zer den helburua, badakigu nondik pasatu behar den, badakigu zenbat kosta duen, baina nehor ez da kapable horri erantzuteko", aitortu zuen egun horretan Antton Curutcharry Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak. Maider Behoteguy EEPko lehendakariak, haatik, "urtean zehar egoera desblokeatu daitekeela" adierazi zuen. Baina urtea pasa da eta ez da desblokeorik gertatu. Alderantziz: EEPko kideen iragarpenek zein adierazpenek argi uzten dute hizkuntza politikan salto bat emateko nahikaririk ez dagoela.

Euskal Konfederazioak behin baino gehiagotan egin ditu protestak euskarari bideratu beharreko begirunea azpimarratzeko eta nola ez, EEPko kideen partetik jasotako trufa salatzeko. Azkena, uztailean, Euskarari trufarik ez lelopean, Estatuak iragarritako 100.000 euroko emendio aukerari erantzuteko. Parisetik jasotako mezuak ez zuen gatazka konpontzeko balio izan; ezta EEPko presidentearenak ere: "Estatuaren purruxkak eskertu, eta besteei hein bereko ekarpena egin dezaten galdegin die, lotsarik gabe. Eta, gainera, justifikatu du erranez instituzioen baliabideak mugatuak direla eta euskarari ematea beste batzuei kentzea litzatekeela. Onartezina da euskararen politika publikoen sustatzaile nagusi izan behar duen ordezkariak halako adierazpenak egitea", ohartarazi zuen orduan Euskal Konfederazioak. Euskal Hirigune Elkargoa ere kexu agertu zen, eta mehatxua luzatu zien: "Baldintza hauetan" ez dute EEPren hitzarmen berria izenpetuko. Horri ere, mespretxuz erantzun zion Pirinio Atlantikoetako prefetak: "Elkargoa sortu aitzin ere bazen EEP. Erakundearen berritzea ez sinatzeak ez luke [EEPren] bukaera adieraziko".

Horretan gaude beraz, eta erreportaje hau idazten ari garen unean behintzat ez da zabaldu abenduaren 11ko biltzar nagusian bozkatuko denaren berri. Sukalde lanean dabiltza diskrezio handiz, eta euskalgintzak sinetsi nahi du aterabide bat adostea dutela kide guztiek lehentasuntzat. Finean, horren araberakoa izanen delako biharko hizkuntza politika.

Hogei urte bete ditu aurten EEPk, eta egindako bidearen balorapena egiterakoan, gozoa bezainbat gazia azpimarratzen dute euskalgintzako eragileek. Nola ez, Ipar Euskal Herriarentzako hizkuntza politika bat izatea bera da biziki baikorra, 2006 urtea aitzin horrelakorik ez zelako; eta emaitzak ere hor dira: euskarazko irakaskuntza garatu egin da lurralde osoan –murgiltze sisteman zein elebidunean–; euskal hiztunen galtzea gelditu da; nabarmena da euskarari buruzko jendearen harrera baikorra... Baina aldi berean, hizkuntza politika bideratzeko tresna hori "azpi-dimentsionatuta" dela dio Castetek: "Baliabideak eskas ditugu, dirua eta legea". Dioenaz, "gibeletik ibilki dabiltza instituzioak", eta euskalgintza dabil, ordea, kosta ahala kosta, egoera prekario batetik herritarren beharrei erantzuten.

"Azpi-dimentsionatua"

 EEPk azken urtean bizitako blokeoa potoloa da, baina, berez, iraganean ere ezagutu ditu horrelako krisiak. 2005ean sortu zen EEP, eta hortik gutira osatu zituzten hizkuntza politikaren lerro nagusiak, euskalgintzaren ekarpenetan oinarrituta. 2009an Frantziako Gobernuko ikuskariek EEPren lanari buruzko bilduma egin zuten; eta beraien arabera, hiru ildo garatu behar zituen erakunde publikoak: hasitako lana segitzea, euskalgintzarekiko lankidetza sendotzea eta EEPren lantaldea azkartzea. 2010ean onartu zuten Jokabide esparrua izeneko bide-orria, 2016 arte balioko zuena. Baina, jadanik ahulguneak ikusten zizkion Euskal Konfederazioak eta EEPren hizkuntza politikak "sabaia" jo zuela adierazi zuen prentsaurreko bidez 2011ko abenduan: "Sortu zelarik, adierazi genuen gure iritziz tresna interesgarria zela EEP baina muga nabarmenak zituela. (...) Borondate onaren gainean oinarritu hizkuntza politikak mugak ditu, euskara ez delako hizkuntza ofiziala eta hizkuntza legerik ezean ez dagoelako lege babesik". Hortik lau urtera aterako ziren elkarlanerako esparru izateko funtzioa zuen Kontzertazio Batzordetik Euskal Konfederazioa eta Euskalgintzaren Kontseilua. Aurrekontua emendatu ez izana, hizkuntza politikari bultzada berri bat emateko nahikeria eza... hots, gaur egungo kritika berberak presente ziren duela hamar urte. 

Ageriko da zer ekarriko duen abenduaren 11ko biltzar nagusiak, baina irailaz geroztik EEPko zuzendari berria den Ttitto Betbederrek elkarrizketan [ikusi 29-31 orrialdeak] dioen gisara, etorri da, agian, garaia EEPren funtsari begiratzeko: "Taburik gabe mintza gaitezen: tresna egokia izaten segitzen du? Poliki-poliki galdera horiek agertzen zaizkigu eta ez da baitezpada txarra". Nahi edo ez Euskara 2050eko epemugan txostena mahai gainean dutelako. Hiztun kopurua %30era iristeko prospekzio soziolinguistikoa aurkeztu zuen EEPk 2024ko ekainean; eta bilakaera demografikoan eta inkesta soziolinguistikoaren emaitzetan oinarrituta, 40.000 euskal hiztun gehiago beharko lirateke 2050ean %30eko langara heltzeko. Arazoa da, gaur egungo aurrekontuarekin segituz gero,  ezinezkoa luketela. Funtsean, euskalgintzak aitzin, 2023ko urrian galdetu zion helburu hori lortzeko hizkuntza politika ausart baten gauzapena. Orduz geroztik egoera blokeatuta dago, eta abenduaren 11ko bozketa nolazbait eskaera horri ematen zaion erantzun gisa hartzen ahalko da: edo, gaur egungo aurrekontuarekin segitzen da eta Euskal Konfederazioak erran bezala “euskara hiltzera kondenatzen" da, edo, %30eko helburua iparrorratz hartuta aurrekontua behar bezala emendatzen da.

Ofizialtasuna eskas 

EEPri eta hizkuntza politikari begiratzeaz gain, euskalgintzari ere begiratu behar zaio, betidanik izan delako norabidearen markatzaile eta instituzioen akuilatzaile. 30 urte bete dituela, urtarrilean abiatu zuen barne-gogoeta Euskal Konfederazioak, eta hainbat helburu ditu zerrendatuta: koofizialtasunaren eta lege koadroaren gaia berriz mahai gainean jartzea; euskal hiztunak masiboki sortzeko hizkuntza politika ausarta eta horretarako baliabideak lortzea; herritarren aktibazioa eta eragile berriak Euskal Konfederaziora sarraraztea. "Koofizialtasunaren gaia berriz ekarri nahi dugu lehen lerrora, azken urteetan pixka bat bazter gelditu delako. Pedagogia handiz eta ongi komunikatuz aitzinera eraman behar dugu gaia, Ipar Euskal Herriarentzat behar dugulako hiztunen eskubideak bermatuko dituen lege koadro bat", Olidenen arabera. 

Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen alde dabiltzan egiturak batzen dituen Pour que vivent nos langues (Gure hizkuntzak bizi daitezen) elkarteak Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatu beharra berretsi berri du Baionan egindako prentsaurrekotik. "Frantsesez mintzo den pertsona bat bere hizkuntzan normaltasun osoz bizi daiteke egunerokoan, baina aukera hori ez da juridikoki aitortua lurraldeetako hizkuntzetako hiztunentzat. Errealitate horrek berez trabatzen du herritarrek dagokien lurraldeetan hizkuntzak berreskuratzeko abiatutako prozesua. Ondorioz, gure hizkuntzak ez dira osoki bizi, eta lurralde anitzetan, justu-justu bizirauten dute". Bizkitartean, hizkuntza gutxituak babesteko lege orokor bat lantzen hasiko da elkartea. "Ideia da koadro legala ematea, bakoitzaren betebeharrak eta eskubideak juridikoki finkatzea; hizkuntza gutxituen garapena juridikoki segurtatzeko, instituzio guztien betebeharrak finkatzeko eta hortik, hiztunen hizkuntza eskubideak errespetarazteko", Casteten azalpenei segi. Lan juridiko horri lotuko dira, nahiz eta jakin, beste behin parean kausituko dutela Paris, 2. artikulu sakratua esku artean... Baina ez dira etsipenaren zulora erortzen, eta indarra biltzeko, herri mobilizazio potolo bat aurreikusten dute 2026ko udazkenerako. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
Eguneraketa berriak daude