Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusia iraganen da abenduaren 11n eta orduan bozkatuko dituzte aurrekontua eta hitzarmen berria. Hori horrela, Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoak galdatzen duen hizkuntza politika ausart baten alde egitea galdetzen diote euskalgintzatik EEPri.
"Biziberritzeko euskarak behar duen hizkuntza politika eta baliabideak" aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu du euskalgintzako eragileak batzen dituen Euskal Konfederazioak. Abenduaren 3an elkartuko dira 13:00etan Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzaren aitzinean. Hain justu, hortik gutira, abenduaren 11n bozkatuko dutelako Ipar Euskal Herrirako hizkuntza politikari bideratuko zaion aurrekontua EEPren biltzar nagusiaren baitan. Egituraren hitzarmena berritzeko unea ere izanen dute.
2017az geroztik ez dute aurrekontua emendatu eta azken urteetan egoera erabat blokeaturik da: hizkuntza politika emankor bat bideratzeko gisan kide bakoitzak –Euskal Hirigune Elkargoa, Departamendua, Eskualdea eta Frantziako Estatua– 650.000 euro gehiago jarri beharko lituzke baina horrelakorik ez dute adosten. EEPk bizi duen krisia hobeto ulertzeko gisan eskura duzue ARGIA 2.941. zenbakian doan Euskararen Erakunde Publikoa: heldu da hitzarmen berria bozkatzeko tenorea erreportajea baita egiturako zuzendaria den Ttitto Betbederri egindako elkarrizketa.
Elkarretaratzeko deian ondokoa dio Euskal Konfederazioak: "Aurrekontua zenbatekoa izanen den ez badakigu ere, gauza batez izaten ahal gara segur: bozkatuko dutena ez da euskarak behar duen heinekoa izanen. Horrek suposatzen du euskararen garapenaren trabatzea, instituzio partaideek beraiek duela zenbait urte finkatu aurrekontua eta helburuak ez direla gauzatzeko gai izanen –horrek instituzio horiekiko konfiantza eza areagotzen duelarik–, eta eskaera sozialaren eta botere publikoetatik garatzen den hizkuntza politika publikoaren arteko desoreka handia mantentzea".
Nahi edo ez Euskara 2050eko epemugan txostena mahai gainean du EEPk. Hiztun kopurua %30era iristeko prospekzio soziolinguistiko hori aurkeztu zuen 2024ko ekainean; eta bilakaera demografikoan eta inkesta soziolinguistikoaren emaitzetan oinarrituta, 40.000 euskal hiztun gehiago beharko lirateke 2050ean %30eko langara heltzeko. Euskal Konfederazioaren baita EEPren arabera ere, gaur egungo hizkuntza politikarekin segituta ezinezkoa litzateke hori. Abenduaren 11ko biltzar nagusian argituko da bultzada berri bat ematen zaion edo ez orain artekoari.