Euskararen aldeko ‘jauzi’ baten alde mobilizatu dira Maulen, Donapaleun eta Baionan

  • Igande goizean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian Euskarazek deituta, Geldi euskara zapaltzea! lelopean.


2025eko uztailaren 21ean - 07:59
EHE
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Maulen Ondarearen Etxe aurrean egin dute mobilizazioa, Donapaleun herriko etxearen aurrean, eta Baionan Euskal Museoaren aurrean. “Euskal Herrian, euskara hainbatetan ukatua da edo bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, hots euskaldunak zapalduak gara”, adierazi du EHEk ohar batean.

Bigarren mailako izaera horren adibide gisa jarri du Baionako Euskal Museoa EHEk. “Museoak publikoari zuzendutako idazkietan euskara erabiltzen du, bai, baina kasik beti lehenik frantsesa erabiltzen du, eta frantsesez dagoena euskaraz dagoena baino handiagoz idatziz usu. Euskal Museoaren logoak ongi erakusten du hori: lehenik eta handiz Musée Basque, bigarrenik eta txikiz Euskal Museoa”.

Lapurdiko hiriburuan Gorka Torre EHEko kideak adierazpenak egin dizkio Euskal Irratiak-i. Euskara “larrialdi egoeran” dagoela gogoratu eta Euskal Herriko erakunde sozial, politiko eta kulturalei eskatu die euskara "lehentasunez” erabiltzea: “Alegia, lehenik euskaraz aritzea, eta batez ere euskaraz aritzea”.

Mobilizazioek aldarrikapena eta jai giroa uztartu dituzte. Besteak beste, jauziak dantzatu dituzte “hizkuntza politiketan eman beharreko jauziak” irudikatzeko.


Euskara kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.