Euskal Hirigune Elkargoak, Herriko etxeek, elkarteek eta egitura pribatuek beraien ekimenak batu eta euskara hutsean eskainitako egitarau oparoa ondu dute aurtengo ediziorako.
Zuberoan, Baxenabarren eta Lapurdin zehar, euskara hutsean bideraturiko ehun ekimen baino gehiago eskainiko dituzte azaroaren 21etik abenduaren 3ra. Guztiak "Euskararen Urtaroa" zigilupean. Euskal Hirigune Elkargoak, Herriko etxeek, elkarteek eta egitura pribatuek beraien ekimenak batuta, "euskararen bizitasuna eta erabilera bermatzeko engaiamendu kolektiboa" plazaratzea dute xede.
"Hitzaldiak, ikuskizunak, tailerrak, bisita gidatuak... euskaraz dastatzeko, entzuteko, irakurtzeko edo, besterik gabe, praktikatzeko gogoa eta aisialdia ardatz dituzten jarduera anitz", irakurri daiteke Euskal Hirigune Elkargoak zabaldutako komunikazioan.
Euskara hutsean bizi ahal izateko espazioak ez dira ohikoak Ipar Euskal Herrian, hain justu, ekimenak elebitasun desorekatuan edota frantses hutsean bideratzeko joera azkarra delako. Behintzat Euskararen Urtaroaren barruan ez da horrelakorik. Antolatzaileek euskaldun orori bideratu dipte gomita, baita euskara ikasten ari direnei ere: "Ikasten ari direnentzat, aukera bikaina da ingurune euskaldun batean murgildu eta hizkuntza praktikatzeko". Kasu batzietan, frantseserako itzulpen sistema bermatuko dutela ere zehazten dute, beti ere "hizkuntza deskubritu ahal izateko".
Anitza da egitaraua eta hemen duzue guztia zehaztuta. Hitzordu batzuk aipatzearren, azaroaren 21ean Irisarrin (Baxenabarre) eskainiko duten 3 emazte kantari gogoan emanaldia, Estitxu Robles, Maite Idirin eta Lurdes Iriondori egindako omenaldia; mendi ibilaldia izanen da azaroaren 22an Lekunberrin (Baxenabarre), ondare naturala eta mendiaren inguruko hiztegia ezagutzeko asmoz; azaroaren 24an eta 26an, Gorputza eta mugimenduaren bidez euskal hizkuntza bizi lelopean, Feldenkrais metodoa deskubritzeko aukera eskainiko dute Baionan; Axut antzerki taldearen Nor naizen baneki antzerkia ikusgai izanen da Ligi-Atherein (Zuberoa) azaroaren 29an; sukaldaritza tailerran parte hartzen ahalko da Bardozen (Lapurdi) azaroaren 30ean... Abenduaren 3an emanen zaio bukaera ekimenari, Euskararen Nazioarteko Egunaren kari.