Zenbait sinbolo frankistaren eta Espainiako banderen aurka egin du Ernaik iragan asteetan, eta horietariko batzuk agerrarazi zituen pasa den larunbatean Durangon. Hainbat alderdi politikok eta erakundek antolakundearen aurka egin dute, eta horren aurrean agerraldia egin dute Bilbon 100 militante baino gehiagok. Ernaiko bozemaile Amaiur Egurrolak adierazi du ekintzen helburua "Euskal Herriaren ukapena salatu eta independentziaren aldarrikapena eztabaida publikoan kokatzea" izan dela.
Espainiako Konstituzioaren egunarekin batera, Ernaik Durangoko Santa Ana plazan utzi zituen Igeldoko militar karlista baten omenezko gurutzea, Gasteizko alkate frankistaren izena daraman kalearen plaka, hainbat eraikin publikotakotatik kendutako Espainiako banderak eta Euskal Herrian geratzen zen azken Osborneko zezenaren adar bat.
Egurrola bozeramaileak adierazi du ekintza horien helburua "Euskal Herriaren ukapena salatu eta independentziaren aldarrikapena eztabaida publikoan kokatzea" zela, eta salatu du batzuek helburu horiek “desitxuratu” egin dituztela. Horretaz gain, ohartarazi du eskuin muturraren eta faxismoaren “erasoaldi” batean bizi garela, eta egoera horren aurrean, salatu du, "Euskal Herriak ez du burujabetza maila nahikorik. Horrek gure herriaren biziraupena bera kolokan jartzen du. Herri gisa ukatuak eta belaunaldi gisa muturreko egoera baten aurrean aurkitzen gara”. Testuinguru horren aurrean “batzuek, egoeraren larritasunean fokua jarri baino gehiago, protesta batzuek izaeran kokatu dute eztabaida”.
Gogoratu du Imanol Pradales lehendakariak “garai ilunak” aipatu zituela eskuin muturraren mehatxuaz ohartarazteko, eta egotzi dio orain hauteskunde “interesen” arabera jokatzea, PP alderdi “atzerakoi eta espainola” legitimatuz eta ezker independentista “higatzeko” eginahaletan.
Egurrolak jokaera horiek “arduragabetzat” jo ditu. “Aho bizarrik gabe gure herria mehatxatu, gure hizkuntza mespretxatu, ilegalizazioak eskatu eta atxiloketak galdegin dituztenen bidelagun bihurtu dira. Duela hilabete gutxi garai ilunez mintzo zirenak herri hau saltzeko eta faxismoa elikatzeko prest daude. Interes alderdikoi hutsengatik, gazteria independentista kriminalizatu eta gure aurka operazio oso bat martxan jarri dute”.
Egoera horren aurrean azpimarratu du “erantzukizunez” jokatuko duela gazte erakundeak, eta ez dela “erdibideko" aukerarik: “Euskal Herria saltzea eta ezberdintasun sozialak areagotzen dituen eredu sozial eta ekonomikoan jarraitzea; ala faxismoari aurre egitea, gure herriaren askatasunaren alde borrokatzea eta gazteon bizitza duinak defendatzea”. Euskal Herri “aske, sozialista, feminista eta euskalduna” eraikitzeko lan egiteko asmoan berretsi da Ernai, hori baita, bere aburuz, faxismoari aurre egiteko modurik eraginkorrena. Konpromiso hartu du espainolismoa “borrokatzeko” eta faxismoari lekurik ez uzteko. “Gure miseriez aberasten direnen aurka borrokatuko gara”, adierazi du.
Eranik Euskal Herriko gazteak gonbidatu ditu datozen asteetan 70 herri baino gehiagotan antolatu dituen independentzia egunetara batzera, apirilean Abadiñoko Gazte Topagunera hurbiltzera, eta ostegunean Ikamak deitutako ikasle greban eta mobilizazioetan parte hartzera.