“Gainerako konpainiek bezala gure talentua eta eskubideak ditugu dantzari izateko”

  • Zainetan darama dantza Aitor Manterolak (Donostia, 1995). 12 urterekin Verdini konpainian sartu zen, eta ordutik argi du ez duela beste talde batekin aritu nahi. Pertsona desgaituen eskubideak aldarrikatzea du helburu konpainiak. Abenduaren 3an, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko egunean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izanen dira Distira taularatzen.


2025eko azaroaren 12an
Olaia L. Garaialde
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gauak maiz harrapatzen ditu Verdini dantza konpainiako kideak. Donostiako Manteo kiroldegian entseatzen dute astean bitan. Ostiral arratsaldea da, eta jo eta su ari dira koreografia bat lantzen. Kide gehienak begira daudelarik, Aitor Manterola dantzaria, beste hiru kiderekin batera, mugimenduan dabil. Pertsona bakarra balira bezala fusionatzen dira musikaren erritmora. Manterolak pasioz egiten du dantza txiki-txikia zenetik. Hamabi urterekin Verdini dantza konpainian sartu zen: “Nire gorputzean zegoen. Gorputzak dantza egitea eskatzen zidan”. 

Dantza garaikideko konpainia bat da Verdini, eta Isabel Verdini Carranza dantzariak sortu zuen, bere iloba Haizearengatik. Down sindromea du ilobak. Desgaitu intelektualak diren pertsonez osaturik dago konpainia. Duela 30 urte baino gehiago jarri zuten martxan. Manterola “oso pozik” dago konpainian. Gainera, argi utzi du ez duela beste talderik probatu nahi.

Pertsona desgaituen eskubideak aldarrikatzea du helburu konpainiak. Horretarako bost ardatz nagusi ditu: aniztasunari ikusgaitasuna ematea eta balioan jartzea; pertsona desgaituen eta gizartean duten misioari aitortza “bidezkoagoa” ematen laguntzea; begirada sentikorra eta eraldatzailea sustatzea; aukera berrien bidez estetika berri bat sortzea; eta espazio artistiko anitza eta unibertsala aldarrikatzea. Manterola tinko mintzo da euren baldintzez: “Ikusarazi nahi dugu gainerako konpainiek bezala gure talentua eta eskubideak ditugula dantzari izateko”.

“Dantza terapia modukoa izan da eta niregan konfiantza izaten 
lagundu dit”

Horretako, emanaldiez baliatzen dira, eta obra askoren artean, urtero, abenduaren 3an, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko egunean lan berri bat aurkezten dute. “Oztopoak egon arren, oztopo horien gainetik gaude. Erakutsi nahi dugu berdinak garela, eta batez ere, mugarik ez dugula”. Aurten distiraz mintzatuko dira, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Manterola ilusionaturik dago, bere lantokia delako: “Beti gai desberdinak lantzen ditugu. Oraingoan, distira, asko gustatzen zaigulako emanaldietan makilatzen gaituztenean jartzen dizkiguten purpurinak eta brillanteak”. 

Autonomia eta konfiantza lantzeko tresna

Psikodantza gorputz eta talde terapia bat da, eta musikaz eta dantzaz baliatzen da gorputza, burua eta emozioak integratzeko. Dantza mota hori erabiltzen dute maiz euren aldarrikapenak oholtzaratzeko: “Dantza garaikidea egiten dugu, baina psikomotrizitatearekin nahastuz. Psikomotrizitateak gorputza mugitzen ikasten laguntzen du. Gorputzeko atal guztiak mugitu, eta emozioak lantzen ditugu”. 

Nabarmendu du onura asko dituela dantzak; hala nola autonomia lantzeko baliagarria dela eta aldartea aldatzen duela: “Zentzu guztietan gauza asko eman dizkit dantzak. Terapia modukoa izan da eta niregan konfiantza izaten lagundu dit”. Batzuetan eramaten uztea “zaila” den arren, sentsazio hori lortzen du Manterolak mugimenduaren bidez: “Bizitzak eman didan oparirik onena da dantza; beste mundu batean sartzen naiz”. 

Azpimarratu du “pazientzia” dela dantzarako gakoa. Justuki oholtzara igo aurretik gehien kostatzen zaiona: “Pazientzia gutxikoa naiz eszenatokira atera baino lehen, asko kostatzen zait atzean egotea”. Aldi berean, “lasai” eta “ilusionaturik” agertzen da jendaurrean: “Taldekide batzuk urduritzen dira. Nire kasuan, kontzentratu, eta ahaztu egiten zait”. Poz-pozik dago eta abenduaren 3ko emanaldia iristeko irrikaz. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Eguneraketa berriak daude