Irribarretsua eta lagunkoia da Mónica Martínez Sánchez (1970, Tobarra, Espainia). Jaio zenetik gorra da eta Iruñean bizi da, Asorna elkarteko zeinu hizkuntzako irakaslea delako. Sorda filmaren inguruan hausnartu du, eta kezka adierazi du gorren komunitatearentzat baino, entzuleei begira sortuta dagoelako.
Film horretako gauza batzuetan komunitatea islatua ikusten duen arren, beste askotan ez: “Kezkatuta gaude entzuleak direnek pentsa dezaketelako protagonistak bizi duen egoera pertsona gor guztion bera dela”.
Laba elkarteko leihoan eserita, Iruñeko Gazteluko plazari begira dago Monica Martinez Sanchez. “Euskarak espazio hau duen bezala, polita litzateke zeinu hizkuntza nagusi den kafetegi bat izatea”, esan du. Oso kontent hartu du Eva Libertad zinemagileak 2025ean ateraratako Sorda filmaren inguruan hausnartzeko gonbita. Angela eta Hector dira pelikulako protagonistak, gorra eta entzulea dira, hurrenez hurren. Angela haurdun dago eta ez dakite haurra gorra edo entzulea izango den, biak izateko probabilitate bera dago. Haurraren jaiotzak krisi bat eragiten du bikote harremanean. Martinezek kritika egin dio filmari, eta espoiler txikiren bat ere.
Luze solastatu da lagunekin filmaren inguruan. Kontatu du zeinu hizkuntzan hitz egiten duten lagun entzuleek filma “orokorrean ongi” dagoela diotela. Halere, entzuleei begira eginda dagoela uste dute. Pertsona gorrak, aldiz, ez daude oso pozik, iruditzen zaielako ez dela modurik egokiena komunitatea ikusarazteko: “Kezkatuta gaude entzuleak direnek pentsa dezaketelako protagonistak bizi duen egoera pertsona gor guztion bera dela”.
Horregatik, uste du pelikulan agertzen diren gauza askok ez dutela gorren komunitatea islatzen. Adibidez, harritu da ikusi duenean ama haserretu egiten dela umea azkenean entzulea delako: “Ez dut ulertzen. Haurrak entzule jaiotzen direnean normalean gorrak ez gara haserretzen edo nahigabetzen. Problematika eta irisgarritasun falta ezagututa, askoz ere hobe da entzulea izatea. Kasu horietan garrantzitsua da zeinu hizkuntza zein ahozko hizkuntza irakastea, biak direlako etxeko hizkuntzak. Kasu honetan aitak haurrarekin hitz egin behar du, baina aldi berean zeinu hizkuntzan trebatu, ama ere parte izateko. Bestela ez da familia komunikaziorik egongo”.
“Pelikula honekin ['Sorda'] ematen du mundu gorra eta mundu entzulea ezin direla batu, eta ez da horrela”
Beste adibide batzuk ere kontatu ditu. Esate baterako, entzuleak diren gurasoekin batera haurrarentzako walkie-talkie bat erostera doa Angela, eta galdera batzuk egiten hasten da; hala nola argirik duen edo dardararik egiten duen: “Saltzaileak zeinu hizkuntza ez dakiela jakinik ere, zuzenean horrela hasten zaio. Hori ez da ia inoiz gertatzen. Normalean gu egokitzen gara espazioetara. Nire kasuan, egunerokoan noan lekuetan, 'eskerrik asko' [eskuak kokotxara hurbildu eta aurreraka zabaldu ditu] edo 'ez horregatik' [eskua itxi, eta hatz lodia kokotxara hurbildu du bitan] zeinu hizkuntzan esaten ditut”.
Miriam Garlo aktoreak antzezten du Angelaren papera. Gorra den arren, hizkuntzaren kalitateari dagokionez, filmean Angelaren zeinu hizkuntza ez dela natural geratzen dio Martinezek: “Nabari da protagonista ez dela bizitza errealean gorren komunitatean hazi eta hezi. Zeinu hizkuntza ikasi duen arren, ez da B2 mailara iritsi, eta ez ditu ongi egituratzen esaldiak. Logikoa da, entzule baten modura bizi izan delako”.
Horrez gain, plano batzuetan ez da ongi ikusten zeinuak nola egiten dituzten, eta kosta egin zaio filma ongi ulertzea. Bitan ikusi du, eta bietan azpitituluen laguntza behar izan du ongi jarraitzeko. Hori dela-eta, pertsona batzuk ez daude guztiz konforme gaia lantzeko moduarekin, bere hitzetan: “Pelikula honekin ematen du gorron mundua eta entzuleena ezin direla batu, eta ez da horrela”. Filma ez denez aski komunitatea ezagutzeko, enpatikoagoak izateko tresnak behar direla dio: “Gorren komunitatea benetan ezagutu nahi dutenek murgiltze prozesu bat egin behar dute”.
Nahiz eta kritikoa izan, filmak gauza positibo asko ere badituela esan digu; adibidez, zeinu hizkuntza ikusarazi, eta komunitate gorra pixka bat ezagutzeko aukera eskaintzen du: “Jendea komunitate gorraren existentziaz jabetzen laguntzen du”. Gainera, gauza batzuetan ongi islatzen du errealitatea: “Adibidez, protagonistaren gurasoek ez dute ia zeinu hizkuntza erabiltzen, eta hori ohikoago zen gure gurasoen edo guraso nagusiagoen garaian. Ahozko hizkuntza lehenesteko esaten zieten”. Halere, “poliki-poliki” aldatzen ari da.
"Pentsamenduak, esperientziak, emozioak eta sentimenduak kokatuta dauden atala aukeratuko nuke. Baina ez dakit non dauden; agian bihotzean eta buruan".