“Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iritsi ahal izateak”

  • Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta beste iktus txikiago bat dela eta, bestearen ikusmenaren %30a. “Ezinegona” eta “beldurra” eragiten dizkio beste istripu zerebrobaskular bat izateak eta ikusmenari eragiteak. 

Argazkilaria: Dani Blanco / ARGIA - CC BY SA
Argazkilaria: Dani Blanco / ARGIA - CC BY SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Duela hamahiru urte “zartatxo moduko bat” sentitu, eta begi batetik ez zuela ikusten sumatu zuen Grego Idiakez Kortak. Irungo (Gipuzkoa) konfiantzazko optika batera joan, eta Donostiako Ospitalera joateko esan zioten. Hasieran, tronbo bat izan zitekeela zirudien, baina azkenean iktus bat zela egiaztatu zuten: “Probak eta probak egin zizkidaten, eta atera nintzenean ez nuen begi batetik ikusten. Hasieran ez nuen sinesten, uste nuen ikusmena bueltatuko zitzaidala eta ondo daukadan begia estaltzen nuen, baina pareta bat bezala ikusten nuen”.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, iktusa edo istripu zerebrobaskularra munduan heriotza gehien eragiten dituen bigarren kausa da. Alegia, mundu osoko heriotzen %11. Horrez gain, helduetan desgaitasun neurologiko kronikoaren arrazoi nagusia da. Izan ere, normalean burmuinari eragiten dio istripu zerebrobaskularrak, baina Idiakezen kasuan begiko arteria kaltetu zuen. Antza, sudurreko arteria apur bat okertuta duelako jo zuen begira. Alabaina, medikuek ez dakite zergatik gertatu zitzaion eta zergatik iktuserako joera duen bere gorputzak. Zentzu horretan, “zortea” duela ere uste dute medikuek: “Zortea ez dakit, niretzat begia garrantzitsua da”.

“Iruditzen zait egun batzuetan huts egiten didala begiak edo indar gutxiago duela, baina ezin naiz egunero joan urgentzietara”

Zehazki zer zuen ongi jakin ez arren, odola ez gatzatzeko botikak eman, eta jarraipena egiten zioten: “Medikua gizon gazte bat zen, oso jatorra. Mila proba eskatu zizkidan jakin nahi zuelako zergatik jo zidan iktusak”. Horrek lasaitasuna ematen zion Idiakezi, “ziurgabetasuna” eta “ezinegon handia” eragiten zizkiolako egoerak: “Uste nuen zerbait argituko zela probetan”. Mediku hori Donostiako Ospitaletik joan da, eta orain Irungo osasun etxean artatuko dute urtean behin, “egonkor” dagoelako.

Hasieran, medikuntza tradizionaletik zein alternatibotik ikusmena berreskuratzen saiatu zen. Akupunturak esate baterako esperantza ematen zion, baina medikuaren arabera, ezinezkoa da ikusmena berreskuratzea: “Zeharo sinistuta joaten nintzen, baina ez dakit zenbat saio egin ostean, ikusi nuen ezetz”.

Gerora bigarren iktus bat ere izan zuen, beste begian, baina inpaktua “txikiagoa” izan zen, odola ez gatzatzeko botikarekin zegoelako. Horren ondorioz, begi horretatik %70a ikusten du. “Medikuek esan didate ongi dudan begian zerbait nabaritzen dudanean urgentzietara joateko. Iruditzen zait egun batzuetan huts egiten didala begi horrek edo indar gutxiago duela, baina ezin naiz egunero joan urgentzietara”.

Zaintzeko estrategiak

Beldur “handia” dio beste iktus bat izateari: “Angustia handia sortzen dit ezer ez ikustera iristeak”. Horregatik, begia zaintzen saiatzen da, eta medikuak emandako jarraibideak betetzen. Adibidez, pilates egiteari utzi dio esan ziotelako ez zela komeni buruz behera jartzea. Euskal dantzak ere utzi zituen: “Ez naiz oso dantzaria, baina giroa gustuko dut. Esan zidaten badaezpada ere, saltoak, birak eta horrelakoak ez egiteko. Orain gimnasiora noa jubilatuekin”. Horrez gain, arratsaldetan Irungo Emakumeen Etxean antolatzen dituzten ikastaroetan parte hartzen du lagun batekin, eta bilobekin bazkaltzen du egunero. “Burua okupatzen saiatzen naiz, horretan ez pentsatzeko”.

Jarduera batzuk egiteari utzi eta gauza batzuetan zailtasunak sentitu arren, iruditzen zaio bere errutinan ez diola sobera eragin: “Orain ez ditut distantziak hain ongi neurtzen, adibidez jende asko dagoenean nahasiago ikusten dut. Festetan, esaterako, urduritu egiten naiz”. Halere, iktusa izan eta hasiera hartan, “askoz gehiago” nahasten zen distantziekin; adibidez, edalontzia hartzerako orduan zailtasunak izaten zituen: “Ikaragarria da egokitzeko daukagun gaitasuna. Burua segituan egokitzen da daukazun ikusmenera”. 

GORPUTZEKO ATAL BAT?

“Begia. Nire arreta guztia begian dago. Ondo daukadan begia, ondo mantendu nahi dut. Oso gogorra iruditzen zait ezer ez ikusi gabe moldatzea”.

Argazkilaria: Dani Blanco / ARGIA - CC BY SA

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Eguneraketa berriak daude