“Etxebizitzak doakoa izan beharko luke mundu guztiarentzat”

  • Duela hamalau urte iktus bat izan zuen Eleder Lacuestak (Donostia, 1974). Horrek orekari, ikusmenari eta mintzamenari eragin zien, besteak beste. Azken urteetan desgaitasunari buruzko kontzientzia eta informazioa handitu den arren, salatu du irisgarritasunari dagokionez gauza asko daudela hobetzeko oraindik: “Ikusten da gauza asko legea betetzeko egiten dituztela, eta ez dituztela desgaitasunen bat duten pertsonek egiten”. 

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

2025eko abenduaren 10ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

37 urterekin, esfortzu handia egin ondoren, iktus bat izan zuen Eleder Lacuestak. Hasieran, medikuek ez zekiten ongi zerk eragin zuen iktusa, baina zenbait proba egin ostean, esan zioten genetikoa zen garuneko malformazio arteriobenoso baten ondorioa zela. Gainera, ez zekiten berriz gertatzeko probabilitatea zenbatekoa zen, baina Iruñean artatu eta gero, esan zioten gainerako biztanleriaren probabilitate iguala duela. Iktusak kolpe batez aldatu zion bizitza: “Eskerrak gaztetan izan zela. 60 edo 70 urterekin zailagoa izanen zen”.

Iktusak, beste gauza batzuen artean, orekari, ikusmenari eta mintzamenari eragin dio. Hori dela eta gurpildun aulkia erabiltzen du, eta ibilaldi motzerako eskorga. “Erraza da alde batera edo bestera erortzea. Horregatik, deitzen diote mozkorraren gaitza. Psikomotrizitate finari (eskuen edota behatzen mugimenduari) eragiten dionez, ezin dut bihotz irekiko ebakuntzarik egin. Lehen ere ezingo nuke, baina behintzat saiatu bai”, esan du barrezka. Horrez gain, ikusmen bikoitza duenez, partxea darama ezkerreko begian.

“Etxe askotan gauza asko ez dira behar bezain eskuragarri eta eroso egoten. Askotan, hori, gauzak gure kabuz egiteko oztopoa izaten da”

Mintzamenean ere ondorioak izan ditu iktusak, eta logopedarengana joan behar izan du ahozkotasuna lantzera: “Iktusa eman zidanean uste nuen beti bezala hitz egiten nuela, baina jendeak ez ninduen ulertzen zezelka ari nintzelako”. Poliki-poliki eta logopedaren laguntzaz ahozkotasuna landu du: “Geroz eta hobeto ulertzen naute eta nire esfortzua geroz eta txikiagoa izan behar da. Zarata handia dagoen lekuetan edota asko hitz egiten badut, nekatu egiten naiz eta eztarria mintzen zait”.

Traba arkitektonikoak

Iktusa izan baino lehen Donostian bizi zen pisua partekatzen, baina etxea ez zen irisgarria. Zortzigarren solairuan bizi ziren, eta igogailua soilik zazpigarren solairura iristen zen. Etxe barruan ere eskailerak zituzten. Hori dela eta amaren eta lagun baten laguntzaz etxebizitza berria aurkitu behar izan zuen. Salatu du orokorrean etxeak ez direla irisgarriak izaten: “Oraingo etxeko ateak zabalak dira eta sukalde-gainekoa pixka bat baxuagoa da. Halere, aldaketa batzuk egin ditut: osabaren laguntzaz heldulekuak jarri nituen eta bainuontzia dutxagatik aldatu”. 

Gaineratu du sukalde-gainekoak “oso altuak” izaten direla: “Etxe askotan gauza asko ez dira behar bezain eskuragarri eta eroso egoten. Askotan, hori, gauzak gure kabuz egiteko oztopoa izaten da”. Horregatik, uste du etxebizitzak ekonomikoki zein arkitektonikoki irisgarriak izateko neurriak hartu behar direla: “Etxebizitzak doakoa izan beharko luke mundu guztiarentzat. Horrela ez denez, uste dut desgaitasunen bat dugunontzat ekonomikoagoa izan beharko lukeela”. 

"“Espaloi batzuk txikitu dituzten arren, oraindik ere espaloiak dira, eta niretzat zein aulkiarentzat txarrak dira", dio Lacuestak. "Printzipioz, denak espaloirik gabe izan beharko luke” / DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Urteekin iruditzen zaio desgaituak diren pertsonen eskubideen inguruko kontzientzia eta informazioa handitu dela. Alabaina, nabarmendu du gauza asko geratzen direla egiteko oraindik: “Ikusten da gauza asko legea betetzeko egiten dituztela eta ez dituztela desgaitasunen bat duten pertsonek egiten. Adibidez, espaloi batzuk txikitu dituzten arren, oraindik ere espaloiak dira, eta niretzat zein aulkiarentzat txarrak dira. Printzipioz, denak espaloirik gabe izan beharko luke, baina ez da horrela”. Halere, ez du esperantza galdu, eta uste du “poliki-poliki” gauzak aldatzen ari direla. 

Gorputzeko atal bat?

Bihotza. Maila sinbolikoan bihotza izateak asko esan nahi du. Maila fisikoan ere, taupadek mugimendua sortzen dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Eguneraketa berriak daude