“Aisialdia ere gure eskubidea da, eta etxean geratzea pentsaezina da”

  • Eginaren Eginez elkarteko gizarte langilea eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboko kidea da Noelia Da Costa (Gasteiz, 1996). Eginaren Eginez 1979an sortu zen, desgaitasun fisikoren bat duten pertsonen inklusioa gizarteko esparru guztietan lortzeko lanak koordinatzeko. Gauza askoren artean aisialdia denentzako eskubidea dela aldarrikatzen dute. Horregatik, Ez naiz etxean geldituko kanpaina abiatu dute.

OLAIA L. GARAIALDE / ARGIA CC BY-SA

2025eko azaroaren 26an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gasteizko Simon Bolivar plazako 9. zenbakian dago Noelia Da Costa. Eginaren Eginez elkartetik atera, eta ia buelta osoa eman behar izan dio plazari erdian dagoen iturrira hurbiltzeko. Izan ere, espaloiez inguratuta dago ia iturri osoa. Plazatik gertu dauden taberna eta denda askok ere koska edo espaloi bat dute sarreran. Horrek pertsona askoren ibilbidea eta aisialdia oztopatzen du. Desgaitasun fisikoren bat duten pertsonen inklusioa eta eskubideak aldarrikatzea du helburu Eginaren Eginez elkarteak. Bertako gizarte langilea zein dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboko kidea da Da Costa. Aldarrikatzen dituzten eskubideen artean, aisialdirako eskubidea dago. Horregatik, Ez naiz etxean geldituko kanpaina abiatu dute: “Sentsibilizatzeko eta ahotsa altxatzeko kanpaina bat da. Argi utzi nahi dugu ez garela etxean geldituko”.

Elkarteko gazte batzuen proposamena izan da kanpaina, ikusi dutelako diskoteka, taberna, jatetxe, denda eta beste leku asko ez direla irisgarriak. Da Costak azpimarratu du kolektiboarentzat “oso garrantzitsua” dela aisialdia, eta “beharrezkoa” dela auzia mahai gainean jartzea. Hiru protagonista ditu kanpainak, eta bakoitzak gertakari bat irudikatzen du. Adibidez, lagun talde batean whatsappetik berriki ireki duten taberna batean afaltzera joatea proposatzen dute. “Oso itxura ona du, baina... ez da irisgarria. Eskailerak ditu alde guztietan, eta bainugela ere ez da egokitua. Beste behin ere!”, dio gazteetako batek. Amorrua eta haserrea adierazten dute gainerakoek: “Nahikoa da! Hau ezin dugu onartu. Goazen udaletxera kexa bat jartzera”. Halere, ez dute amore ematen eta tabernara doaz. “Eskerrik asko neskak. Oraingoan, EZ NAIZ ETXEAN GELDITUKO!!”, dio gazteak. Hiru dira kanpainan agertzen diren egoerak, baina egunerokoan beste horrenbeste daude. Da Costak nabarmendu du kanpainak “oso ondo” islatzen duela errealitatea.

“Desgaitasuna gizarteak sortzen dituen egiturazko muga, oztopo eta jarreren ondorioa da”

Gasteiztarrak irisgarria ez den leku bat topatzen duenean, konfiantzazko tokietara jotzen du askotan. Horrez gain, beti ditu alternatibak buruan: “Zergatik pentsatu behar ditugu guk alternatiba batzuk? Alternatiba horiek ez lirateke existitu behar”. Izan ere, salatu du gakoa ez dela aukera gehiago jartzea, baizik eta leku guztiak irisgarriak izatea: “Aisialdia ere gure eskubidea da, eta etxean geratzea pentsaezina da”. Horregatik, animatu nahi dute jendea horrelako egoeren aurrean planto egin, eta salatzera. Elkartearen webgunean (www.eginareneginez.org), irisgarritasuna bermatuta ez duten saltokien, jatetxeen, kiroldegien, tabernen eta beste espazio askoren argazkiak biltzen ari dira.

Isolamendua

Aisialdia ukatzeak dituen ondorioez ere mintzatu da, eta azpimarratu du osasun mentalean eragin handia izan dezakeela: “Gizarteak duen aisialdia guretzat ere bada, gu gizartearen parte garelako. Orduan, sozializatzeko nahia eta beharra dugu. Etxean geratzea erabaki propioa bada, ederto, baina ez bada nahita hartutakoa, isolamendua eragin dezake”. Horregatik, uko egiten dio etxean geratzeari. 

Uste du oraindik ere sentsibilizazioa falta dela, eta diskurtsoetan “behin eta berriz” inklusioa aipatzen den arren, neurri asko hartu behar direla: “Gizartearen parte gara, baina zein modutan? Gizarteak eta administrazioak badakite hemen gaudela, baina inplikazioa falta da. Ez dut uste ezjakintasun kontua denik”. Gaineratu du jendeak benetako errealitatearen inguruan hausnartu beharko lukeela. “Ez da horren zaila ulertzea ez garela desberdinak, eta guk ere aisialdiaz gozatu nahi dugula”, esan du. Azkenik gogorarazi du pertsonen desgaitasuna gizartearen oztopoek eragindakoa dela: “Desgaitasuna ez da pertsona bakoitzak berezko duen zerbait. Desgaitasuna gizarteak sortzen dituen egiturazko muga, oztopo eta jarreren ondorioa da”. 

Gorputzeko atal bat?

"Niretzat bihotza sentimenduak gordetzeko kutxa da".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.