Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz eta aurre egiteko estrategiez mintzatu da. Bere esperientzia kontatu nahi izan du, besteena entzutea lagungarri izan zaiolako.
Norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira akufenoak edo tinnitusak, eta ez ditu kanpoko soinu iturri batek sortzen. Pertsona batetik bestera asko alda daitezkeen zaratak dira, baina Irazuren kasuan, beti presente dagoen soinu “karrankari” eta “altu” bat da. Mundu osoko herritarren %10-17k jasaten ditu, eta kasu batzuetan kroniko bihurtu daitezke: “Hasieratik esan zidaten normalena zela hor gelditzea. Hala ere, ez nuen argibide gehiegirik jaso”.
2020ko abuztuan, bertigo gogor bat izan zuen Irazuk. Ordutik, ezkerreko belarrian txistu bat entzuteaz gain, eskuinekoan burrunba bat entzuten aritu da sei edo zazpi hilabetez. Hori dela-eta sentsibilitate handia zuen, eta edozein zaratak, adibidez harrikoa egiteak, min fisikoa eragiten zion. Horri gehitu zitzaizkion migrainak, buruko mina eta beste gauza asko: “Koktelera moduko bat zen”. Egun ez ditu horiek guztiak sentitzen, baina txistua ez da eten.
"Isiltasun zalea naiz eta mendian ibiltzea gustuko dut. Etengabeko burrunbak hori guztia bukatu zuen"
Txistuarekin bizitzen ikasten ari da, baina kontatu du kosta egin zaiola: “Sentitu nuen patxada kentzen zidatela. Gainera, isiltasun zalea naiz eta mendian ibiltzea gustuko dut. Etengabeko burrunbak hori guztia bukatu zuen”. Txistuak ez du beti bolumen maila bera, kanpoko zarata barrukoa baino altuagoa denean, apaldu egiten dela dio. Horregatik, momentu intimoetan zein isiltasuna dagoenean indar handiagoa hartzen du zaratak. Batez ere, gogorra egin zaio burrunba zein txistua aldi berean entzuteak: “Patxadarik ez izateak asko eragiten du fisikoki. Loan eragiten dizu, burua bueltaka hasten da, antsietatea sortzen zaizu, ezineraman handia da eta ez dakizu buelta nola eman”.
Denetarik probatu du; hala nola audifonoa kanpokoa barrukoa baino gehiago entzuteko, medikazioa, akupuntura, osteopatia eta terapia. Ez daki bakoitzak zer ekarri dion, baina “gustura” gelditu da saiatu izanarekin. Esan duenez, gehien lagundu diona antzeko egoeran dauden pertsonen bizipenak entzutea izan da: “Niretzat lagungarria izan da ikustea honekin bizi den jendea existitzen dela. Estimatu dut entzutea jendeak nola egin duen aurrera. Horregatik kontatzen ditut gauza hauek”.
Onarpenaren bidean
Batez ere hasieran, asko kostatu zitzaion onartzea zarata horrekin bizi behar duela: “Bajan egon nintzen denbora askoan. Koktelera horrek guztiak bizitza pixka bat albo batera uztera arrastatzen ninduen. Buklean sartzen zara, eta arreta guztia zentratzen duzu noiz gainditu horretan. Azkenean bizitzaren parte bat alboratzen duzu nolabait, edo ez zara konektatzen bizitzarekin eta sufrimenduan eta ezinegonean sartzen zara”.
Poliki-poliki, balantza beste aldera joan da. Esan du lanera itzuli, bertsotan hasi eta gustuko dituen gauzak egiten hasi zenean, txistua garrantzia galtzen hasi zela: “Bizitzaren aldeko jarrerak bigarren planoan uzten du zarata. Hor dago, baina ez diozu daukana baino garrantzi gehiago ematen”. Teoria argi duen arren, praktikara eramatea zaila dela dio: “Aurreratu xamar noa, baina ez zait iruditzen guztiz onartu dudanik. Agian betirako da onarpen prozesu hori”.
Batez ere nekatuago edo indarrez justuago dagoenean zaratak leku gehiago hartzen duen arren, argi du bidea onarpenean dagoela: “Nahi ez duzun arren, zure parte da, eta onarpen hori zure mesederako, gauzak ikasteko eta sentsibilitatea lantzeko bide bat izanen da”. Bere bizipenak batez ere lehenengo fasean daudenentzat lagungarri izatea espero du: “Animoak eman nahi dizkiet hasierako fasean daudenei. Pasa behar duzuna pasa behar duzu. Pasa dezakezunez, horri heldu eta aurrera”.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
“Bihotza, bizitzarako indar motor gisa. Eta eskua, zure esku dagoenaren isla”.
Belarriko “akufeno” edo zarata etengabeari jarritako bertsoak
(Jexux Mari Irazu, 2022)
1.
Luzeak, motzak edo zabalak
maiz mitoz elikatuak
onak, eskasak, finak ta gorrak
guztiak delikatuak
ageriko nahiz ilepekoak,
piercing-ez murtxikatuak…
Sonatuetan sonatuenak
belarri musikatuak.
2.
Suge txistu fin hozkalaria
edo erlauntza burrunba
ekaitz aldiko haize soinu ta,
pitido, zunbido, zunba.
Edozelango Lekeitioak
ta beste hainbat oihartzun-da
Ze ezberdina dena kanpotik
edo barrutik entzunda.
3.
Barne ahotsik ba ote nuen
kezkaz eta jakin-minez
Orain atsegin ez dela eta
larri isildu ezinez
Bere hizkuntzan nabilelako
nola Txirrita latinez
unibertsoa hizketan eta
ze esan nahi didan jakin ez.
4.
Federik balitz zientzian eta
alternatiben praktikan
estimatzen da ez izatea
zeinek lagundu faltikan
denak du bere eragin ona
konfiantzaren argitan
Soinua berriz jaisten ta jaisten,
belarrian ez, patrikan.
5.
Audifonoak omen direla
zarata goxatzeko gai
zenbait pastilla lagungarriak
agudoak grabetzen, ai (sic)
akupuntura, osteopatia
yoga, energiak, zernahi
eskura izanda nola ez probatu?
Sendabelarrak ere bai!
6.
Desesperatu ta noiz joango
nor ez da borrokan jardun
tonu berean jarri artean
bihotz, belarri ta garun
bizitzarako irakaspena?
Nahiz ta ez datorren leun…
batzutan izan behar dugula
nahi ez dugunaren lagun.
7.
Zer hauspotzeko hasten da jotzen
norbere barruko gaita?
Biak aukeran, kasurikan ez
edo etxekotzat maita
horra bertsotan akufenoen
udako bertsio light-a…
Egiari zor, benetakoa,
beste musika bat baita.