Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere: “Ikusi dut abstrakzioaren bidez ere nire pentsamenduak adierazi ditzakedala, baina nahiago dut modu ilustratuan azaldu”.
Estralurtar bat sentitzen da Autismoa eta biok liburuko protagonista, eta horrela sentitzen da Oihan Iriarte, jendearekin erlazionatzeko gakoak zeintzuk diren azaltzeko gida banatu zuten egunean kale egin izan balu bezala. Liburua sortu du autismoa nola bizi duen ikusarazteko: “Gida moduko bat egin nahi nuen jendeak gaiari buruz pixka bat gehiago jakiteko”. Liburua sortu zuenean ez zuen espero jendea identifikatuta sentitzea, baina gerora ikusi du askok islatuta ikusi duela bere burua: “Oso baliagarria izan daiteke beste pertsona autista batzuk ez sentitzeko hain estralurtar”.
Iriartek liburuan argi utzi du pertsona guztientzat autismoa ez dela berdina, eta denen antzera, pertsona autista bakoitza mundu bat dela. Horregatik, uste du garrantzitsua dela ezer ziurtzat jo baino lehen, pertsona ezagutzea. Autismoa eta biok liburuak Iriarte hobeto ezagutzeko zenbait gako eskaintzen ditu; tartean, marrazketarekiko duen interes berezia. Arte ikasketak egin ditu eta liburua Gradu Amaierako Lanaren (GrAL) emaitza da. Apirilaren 29an aurkeztu du liburua, Bilboko APNABI elkartean.
Desgaitasuna ebaluatzeko sistemarekin “oso haserre” zegoenez, iruditu zitzaion autismoa ikusarazteko beharra zegoela eta GrALa horretarako aukera bat zela. Bizkaiko Foru Aldundira joan zen desgaitasuna birbalioztatzera, eta %33tik %20ra jaitsi zioten: “Segun eta nola ikusten zaituzten egun horretan, ehuneko bat edo beste ematen dizute. Zure sintoma txar guztiak justu egun horretan erakusten ez badituzu, badirudi gertatzen zaizuna ez dela horren txarra, primeran moldatzen zarela eta ez duzula laguntzarik behar”.
“Argi potenteek eragin handia dute beregan, gauzak zehazki azaltzen ez dizkiotenean anbiguoak iruditzen zaizkio, eta batzuetan ideiak ordenatzea kostatzen zaio”
Iriartek aipatu dituen erronketako batzuk dira, adibidez, argi potenteek eragin handia dutela beregan, gauzak zehazki azaltzen ez dizkiotenean anbiguoak iruditzen zaizkiola, eta batzuetan ideiak ordenatzea kostatzen zaiola. Desgaitasunaren ehunekoa jaitsi diotenez, ezin ditu zenbait laguntza eskuratu, dirulaguntzak esaterako: “Zentzugabea iruditzen zait ehuneko bat izatea, ezin badut ezer eskatu eta diagnostikorik izango ez banu bezala bada”. Erreklamatzen saiatu zen, eta horretarako artikuluak, psikologoak egindako txosten bat eta beste gauza asko aurkeztu zituen, baina ezezkoa jaso zuen bueltan.
Sentitzen du autismoaz gero eta gehiago hitz egiten den arren, oraindik “ezjakintasun handia” dagoela: “Kasu batzuetan kanpotik ez da autismoa ikusten. Jendeak uste du ez dela deus gertatzen, ongi moldatzen garela beti eta ez dugula inolako esfortzurik egiten, baina hori ez da hala”. Maskaratzeaz mintzo da Iriarte, hau da, ezaugarri autistak kamuflatzeaz, neurotipikoa dela iruditzeko: “Oso ariketa kontzientea eta aktiboa egin behar dut nire ezaugarri autistak ezkutatzeko. Oso nekagarria da. Jendearekin egon ostean ez daukat ezer egiteko energiarik, nire kontura egoteko denbora asko behar dut eta batzuetan erabat nazkatuta amaitzen dut”.
Beltza nagusi
Kolore asko erabili ditu autismoaz mintzatzeko, baina beltzak protagonismo handia dauka liburuan. Batez ere, krisialdiaren atalean erabili du beltza, kolapso emozional bat irudikatu nahi zuelako: “‘Meltdown’-a da fisikoki eta mentalki gehiago ezin duzunean, kanpotik eta barrutik datorren guztia gehiegi denean, eta nolabait kanporatu behar duzunean”. GrALa aurkeztu zuenean, irakasleetako batek galdetu zion zergatik ez zituen grisak erabili, baina Iriartek argi zeukan berak bizi duen moduan islatu nahi zuela: “Momentu horietan ez ditut grisak ikusten, dena da beltza, gordina eta biolentoa, bizi dezakedan egoerarik estresagarriena delako”.
Koloreez gain, bereziki arte figuratiboaz baliatu da emozio eta bizipen horiek guztiak irudikatzeko. Betidanik gustatu zaio marrazketa: “Oso literala naizenez marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”. Horregatik, zuzen, gauzak diren bezala eta gordin marrazten ditu, eufemismoetan eta apainduretan galdu gabe: “Nahiago dut gauzak jendeak erraz uler ditzan esan”. Hala ere, urteekin abstrakzioarekiko gustu apur bat garatu du eta krisialdiaren atalean marrazki abstraktuagoak egin ditu: “Ikusi dut abstrakzioaren bidez ere nire pentsamenduak adierazi ditzakedala, baina nahiago dut modu ilustratuan azaldu”.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
“Begiak aukeratuko nituzke, ironikoki ezin dudalako horietara begiratu. Beti entzun dut begiak arimarako leihoak direla, eta uste dut egia dela. Asko esaten dute sentitzen dugunari buruz. Uste dut nire adierazkortasunaren gehiengoa ikasia dela, baina begien kontua berezkoa da. Gainera, liburuan irudikatzen dudan pertsonak begi ugari ditu, badirudielako leku guztietara begiratzen dudala, begiratu behar dudan tokira izan ezik”.