Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren 6tik 8ra izanen da, Alkizan: “Hasieran ni lagundu ninduen proiektuak, baina ni bezala beste mila daude”.
Betidanik egon da musika Shrabani Aranzabe-Pitaren bizitzan. Txikitatik pasioa den horren bueltan eraiki du bere bizitza. “Gurasoek pentsatu zuten nonbaitera eraman behar nindutela 4 urte nituenean, zeren etxean kantatzen nuen eta ez ninduten jasaten, kar-kar-kar. Koru batera joan, eta esan nien koru zuzendaria izango nintzela”, kontatu du. Egun, besteak beste, Tolosako Abesbatza Gaztearen zuzendaria da, neurozientzia, musika eta hezkuntza uztartzen dituen doktoretza egiten ari da eta Naturaren Doinuak proiektua sortu du. Ekainaren 6tik 8ra izanen da jaialdia: “Musika nire bizitzaren filosofia edo ardatz bihurtu da”.
Pandemia bete-betean loratu zen Naturaren Doinuak. Prozesu onkologiko batek piztu zion proiektua sortzeko grina: “Alkizako leihotik begiratzen duzunean batez ere natura ikusten da”. Hilabeteak medikuz mediku ibili ostean, itxialdia baino egun bat lehenago medikuaren dei bat jaso zuen: “Esan zidan ez zekitela zer nuen, ziurrenik minbizia izanen nuela, baina ezin zidatela probarik egin itxialdiagatik”. Nire osasunak okerrera egin zuen: “Zulorantz nindoan, eta Osakidetzak ezin gintuen artatu. Zorionez, pribatura joateko pribilegioa izan genuen”. Osasun zerbitzu pribatuan diagnostikoa jaso eta kimioterapia hartzen hasi zen. Ordutik, “poliki-poliki” hobera egin zuen, eta egun, ez du minbizirik.
Prozesu horretan guztian, naturaz gain, musika ere bidelagun izan du. Asko lagundu dio mina eta beldurrak arintzen. Pandemian gurasoekin zegoen, eta edozein momentu edo aitzakia bilatzen zuten musika jo eta kantuan hasteko: “Mina daukazunean hori saihesteko bideak bilatzen dituzu, eta musika mina kudeatzeko eta kanalizatzeko modu bat da”. Min fisikoak baino, psikologikoak eragiten zion gehien: “Sentitzen nuen hil egingo nintzela eta inork ez gintuela laguntzen”.
"Ez genuen edozein eskolara joan nahi, haur autistak dauden testuinguruetan eragin nahi genuen"
Orduan otu zitzaion jaialdia egitea eta gurasoen laguntzaz forma ematen hasi zen: “Oso eskertuta nago, batez ere, gurasoei. Nik indarrik ez nuenean, beraiek aurrera atera dute proiektua”. Hasiera, egun bakarreko kontu “txiki” bat izan zen, pandemia zelako. Gainera, baliabide gutxirekin abiatu ziren: “Jende pila bat dago proiektu honen atzean, horiek guztiak gabe ezingo genuke egin. Jendea beti egon da prest laguntzeko”. Urteak aurrera joan ahala, geroz eta baliabide gehiago dituzte, eta proiektua handitzen ari da. Iaztik hiru eguneko jaialdi bihurtu da: “Nik banekien zer nahi nuen, baina ez nuen espero horrela handitzea”.
Gizartean eragiteko tresna
Naturaren Doinuak ez da soilik jaialdi bat, urte osoan bizirik dagoen gizarte proiektu bat da. Azken hiru urteetan, kolektibo bat aukeratu eta horiekin elkarlanean aritzen dira. Lehenengo urteetan minbiziari lotutako kolektiboekin egin dute lan. Aurten, Gautena elkartearekin aritu dira lanean. Autistak diren pertsonen senideen Gipuzkoako elkarte bat da. “Hasieran ni lagundu ninduen proiektuak, baina ni bezala beste mila daude”, nabarmendu du.
Gautena elkartean dauden haur eta gazteen eskoletan aritu dira inklusioa, normalizazioa eta sentsibilizazioa lantzen: “Ez genuen edozein eskolara joan nahi, haur autistak dauden testuinguruetan eragin nahi genuen”. Horretarako Tolosako Herrikide Ikastetxearekin harremanetan jarri ziren: “Oso lanketa polita egiten dute autismoaren inguruan”. Arteaz baliatu dira, hala nola marrazketaz eta dantzaz, eta sentsibilizatzeko tailerrak eman dituzte eskolan zein eskolatik kanpo: “Asmoa normalizatzea da. Nik azal kolore hau daukat, eta beste batek beste ezaugarri bat izango du. Hori ez dadila izan norbait baztertzeko bidea”.
Tailerretan landutakoaren erakustaldi bat eginen dute jaialdian, ekainaren 6tik 8ra. Horrez gain, artisau eta nekazari azokak, kontzertuak eta beste egonen dira. Lehenengo egunean desioetan jarriko dute arreta, eta zuhaitz bat landatuko dute autismoari lotutako desioekin. Bigarren egunak belaunaldien arteko harremanak indartzea du helburu. Horretarako bazkalosteko kantu proiektua sortu dute, zeinetan gazte eta zahar elkartuko diren kantuan aritzeko: “65 urtetik gorakoak dira kantu tradizionalak ezagutzen dituztenak. Transmisiorik ez badago galdu egingo dira”.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
"Bihotza. Azkenean, bihotz-bihotzetik egiten dituzun gauzak ateratzen dira aurrera. Nik uste dut gaur egun hemen bagaude dela benetan bihotz bihotzez sentitu ditugun gauzengatik, eta denon bihotzak konektatu direlako".
Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]
Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]
Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren... [+]
Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]
Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]
Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean, Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Xumea, alaia eta energia handikoa da Olga Garate (Iruñea, 1964). Bizikletan ibiltzea dauka pasio eta familia da bere lehentasuna. Erizain laguntzailea da, eta lana “izugarri” gustuko duen arren, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote, minbizi kronikoa... [+]