Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira Espainiako Powerchair Football-eko Liga Nazionaleko bigarren mailan. Nabarmendu du “oso esperientzia polita” dela.
Astelehenero bezala, entrenatzeko prest dira Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalariak. Iruñeko Sanduzelai auzoko kiroldegiko joko-zelaiaren atarian daude, jokalekura sartzeko prestatzen. Motordun aulkiko futbolean aritzeko, burdinazko defentsa bat jartzen dute aulkiaren aitzinean. Defentsa horren bidez baloiaren norabidea zuzendu, eta jaurtiketak egiten dituzte. Zenbait boluntarioren artean aulkiak egokitzen dituztelarik, Javier Escudero Pascual jokalaria taldearen inguruan mintzatzen hasi da.
Modu batean edo bestean, kirola presente egon da Escuderoren bizitzan. Gaztetan saskibaloian jokatzen zuen aulki gurpildunean. Horren ostean, mahai-tenisean hasi zen, eta azkenik, duela urtebete, motordun aulkiko futbolean. Sare sozialei esker aspaldi ezagutzen duen kirol bat den arren, Nafarroako taldea duela urtebete sortu zuten. Euskal Herrian badira beste talde batzuk; adibidez, Handisport, Angelun. “Poliki-poliki gehiago sortzen ari gara. Azpeitian [Gipuzkoa] Kemen kirol klubak beste talde bat sortu du”, esan du.
Espainiako Powerchair Football-eko Liga Nazionalean sei taldek jokatzen dute bigarren mailan eta zazpik lehenengo mailan. Bigarren mailan hirugarren geratu da Nafarroako taldea: “Lehenengo mailara igotzen dira soilik lehenengo geratzen direnak”. 2024ko maiatzean sortu zuten Nafarroako taldea. Aritz Acevedo Lasheras jokalariari otu zitzaion taldea sortzeko ideia. Iruñekoa da, baina Sevillan ezagutu zuen motordun aulkiko futbola. Etxera itzultzean taldea sortzea erabaki zuen. Horretarako, Nafarroako Aspace elkartekoekin harremanetan jarri zen. Aspace garun paralisia duten pertsonen eta haien senideen beharrei erantzuteko asmoz sortutako elkartea da.
“Aritzek jendea gelditzen zuen kaletik taldera sartzeko. Nik Instagrametik idatzi nion”, kontatu du Escuderok. Gaineratu du “oso erraza” egin zaiola taldearen parte sentitzea: “Jendea ezagutzeko gogoa baduzu, oso esperientzia polita da. Asko errazten dizkizute gauzak”. Horrez gain, genero eta adin aldetik taldeak mistoak direnez, “oso kirol aberasgarria” dela dio.
"Izugarrizko desoreka sortzen da taldeen artean, ikaragarrizko aldea dagoelako Strike Force aulkietatik beste batzuetara"
Arauak eta oztopoak
Lau lauren kontra jokatzen da eta arau asko dituzte, baina bat nabarmendu du bereziki Escuderok: “Ezin dira bi jokalari bakarraren kontra joan. Oso arau garrantzitsua da”. Jokalekuaren dimentsioei dagokionez, saskibaloikoaren antzekoak dira, eta penaltiak “oso gertutik” botatzen dira. Atetik hiru metrora. Abiadura bada kontuan hartu beharreko beste neurri bat; gehienez, 10 km/h abiaduran mugitu daitezke: “Abiadura kontrolatzen dute ezberdintasunik ez egoteko. Beste kontu bat da norberak daukan bizkortasuna”. Entrenamenduaren aurretik komentatzen aritu dira bakoitzak zein abiaduratan graduatuta daukan aulkia. Batzuek “ozta-ozta” lortu dute azken partida jokatzea.
Nafarroako taldeko kideek kalerako erabiltzen dituzten aulkiekin entrenatzen eta lehiatzen dute. Hala ere, badira, kirolerako propio sorturiko aulkiak. Horren adibide dira Strike Force aulkiak. 12.000 euro edo gehiago kostatzen dute. Escuderok kontatu duenez, “gero eta gehiago” dira horrelakoak dituztenak: “Kordobako Udalak adibidez, talderako aulki bat erosi du. Nafarroan oso zaila ikusten dugu hori”. Kalerako diren aulkiak, futbola praktikatzeko erabiltzean, poliki-poliki higatu egiten dira eta zailagoa da zenbait mugimendu egitea: “Izugarrizko desoreka sortzen da taldeen artean, ikaragarrizko aldea dagoelako Strike Force aulkietatik beste batzuetara. Biraketak eta norabide aldaketak askoz arinagoak eta biziagoak dira”.
Aulkiena ez da afera bakarra, uste du dirua orokorrean “oztopo handi bat” dela, eta horrek “zailtzen” duela irisgarritasuna kirolean: “Betiko arazoa da. Kirol minoritarioetan babesgabetasun ekonomiko handia dago. Kanpora joan behar badugu, garraioa, erregaia, hotela, janaria eta beste gauza asko ordaintzeko kirol klubetik eta norberaren ekonomiatik tiratu behar dugu”.
GORPUTZEKO ATAL BAT?
“Begiak, ikusteko gaitasunagatik. Entretenimendurako gaitasunik handiena da. Jendeak agian ez ditu asko baloratzen, baina jendearen begiak eta begirada dira arreta gehien ematen didatena”.