Carrefour, CAF, Crédit Agricole, BlackRock... Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak enpresa sare handi bat egin du Israel burutzen ari den Gazako genozidioaren konplize bere azken txostenean, eta horien arduradunak ikertzeko eskatu du. Munduko gobernuek begiak estaltzen dituzten bitartean, italiar jurista hau da nazioarteko goi kargu bakarretakoa ahotsa altxa duena palestinarren aurkako krimenen aurrean. "Batzuentzat, genozidioa errentagarria da", esan du Genevan, txalo eta irain artean. Ez zaio merke atera ausardia hori, besteak beste zentsura, zigorrak eta presioak jasan dituelako.
Israel Gazan egiten ari den genozidioak mundu mailan denon inplikazio politiko eta etiko ikaragarria izateaz gain, enpresa eta sektore askorentzat etekin ekonomiko itzelak ezkutatzen ditu. Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEn errelatore bereziak uztailaren 3an aurkeztu zuen erakunde bereko Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izeneko txostena, eta bertan hainbat sektoretako multinazionalak eta bankuak seinalatu ditu genozidio horren kolaboratzaile eta konplize gisa.
Israel Palestinan praktikatzen ari dena, interes komertzialek munduan sarritan egin izan dutena da: indigenei lurrak kentzea. “Dominazio mota horri ‘kapitalismo arraziala eta kolonialista’ deitzen zaio”, dio NBEko errelatoreak
Albanesek ez du inor epel utzi, eta espero zen bezala, oso gogor agertu da Gazan gertatzen ari denarekiko Mendebaldeko gobernuek eta enpresek duten jarrerarekin. Berehala etorri zaizkio kritikak errelatoreari, berehala zentsura eskariak, eta berehala mehatxuak eta erasoak eskuindarren eta negazionisten partetik. Izan ere, 48 urteko Italiako Campaniako jurista honek lehendik ere hainbat ikerketa argitaratu ditu Palestinako giza eskubideen urraketen inguruan –2024an idatzitako Genozidioaren anatomia, besteak beste– eta bera da NBE bezalako nazioarteko erakunde batetik gauzak argi eta garbi esaten ari den ordezkari bakarretakoa. Oraingoan ere ahobizarrik gabe hitz egin du: "Genozidioa ez bada orain arte gelditu, hori izan da jarduera oso lukratiboa delako askorentzat", esan du.
Sistema honetan preso gaudela ziurtatu du errelatoreak, "araurik gabeko kapitalismoaren" preso, eta Israel praktikatzen ari dena interes komertzialek sarritan egin dutena dela: indigenei lurrak kentzea. "Dominazio mota horri 'kapitalismo arraziala eta koloniala' deitzen zaio", irakur daiteke Albanesek NBEn aurkezturiko idatzian.
Zein ari da aberasten genozidioarekin?
Txostenak 60 multinazional, banku eta erakunde inguru aipatzen ditu, baina Albaneseren esanetan, horien konplizitatea “icebergaren punta” baino ez da, eta ohartarazi du Israelek Palestinan ezarri duen apartheid sistemak eta egiten ari den sarraskiak parte-hartze korporatibo askoz sakonagoa duela: “Dauden guztiak dira [genozidioaren konplizeak], baina ez daude diren guztiak”, esan du. Goazen korporazio horien izenak aletzera.
BlackRock, Vanguard eta Allianz inbertsio funtsak dira Israelen finantza sostengu nagusia Gazako eta Zisjordaniako bere kanpaina militarrentzako. Israelek 8.000 milioi dolarretako balioa zuten “gerra bonoak” kaleratu zituen 2024an Defentsarako aurrekontua bikoizteko, eta 36 herrialdetako 400 erakundek hartu zuten parte salmenta makabro horretan, tartean, aipatu funts horiek, baina baita BNP Paribas, Barclays, Crédit Agricole eta beste finantza entitate batzuk ere. "Honek guztiak ahalbidetu du Tel Aviveko burtsan kotizatzen duten enpresen akzioak %179 igotzea Gazako asaltoa hasi zenetik", ondorioztatu du txostenean.
Gainera, enpresa teknologikoetan IBM, Microsoft, Amazon eta Google nabarmendu daitezke, beste batzuen artean. Txostenak dio enpresa horiek eskainitako zerbitzuen bidez palestinarren datu biometrikoak, populazioaren gaineko kontrola eta adimen artifiziala erabili dituela Israelek helburu militar eta diskriminatzaileak aurrera eramateko.
Multinazional horien konplizitatea “icebergaren punta” baino ez da Albaneseren esanetan, eta ohartarazi du Israelek Palestinan ezarri duen apartheid sistemak eta egiten ari den sarraskiak parte-hartze korporatibo askoz sakonagoa duela
CAF, “funtsezko”
Eraikuntzaren sektorean, hondeamakinak ekoizten dituzten enpresa ugarik Gazako azpiegiturak eta labore lurrak deuseztatzen lagundu dute, hala nola, Caterpillarrek, Hyundaik eta Volvok. Bestalde, “hainbat enpresak errepideak eta garraio publikoa garatzen lagundu dute, funtsezkoa kolonien ezarpenerako eta hedapenerako”, dio txostenak, eta horien artean dago CAF –zehazki, "Spanish/Basque" deitzen dio Beasaingo konpainiari–, Jerusalemdik Zisjordaniara egiten ari den trena dela-eta.
Ez dira gutxi Euskal Herrian CAF kritikatu dutenak proiektu horrengatik, pasa den ekainean Donostian manifestazioa egin zen, esaterako –Argia.eus-en eskueran duzue horren inguruan Maria Ortegak idatzitako Apartheid isilaren geltokiak erreportajea–. Bada, NBEko txostena publiko egin den egunotan, CAFeko hainbat enpresa batzordek Israelekin harreman komertzialak amaitzeko eskatu diote zuzendaritzari, eta Amnistia Internazionalak ere Jerusalemgo trenbidea bertan behera uzteko eskatu dio.
Apartheidaren kate ekonomiko luzea
Txostenak beste arlo batzuetan ere jarri du azpimarra. Adibidez, energiaren eta elikaduraren arloan Gazako sarraskian interes handiak dituzten enpresak atzeman ditu Albanesek: Israel ikatzez hornitzen duten Suitzako Glencore eta AEBetako Drummond multinazionalak, BP, Petrobras eta Chevron petrolio konpainiak, eta Tnuva, Netafim edo Mekorot israeldar elikadura eta ur kontsortzioak, batzuk aipatzearren.
Ez da hor amaitzen zerrenda. Booking eta Airbnb alokairuentzako aplikazioek badute euren partea “okupazioaren turismoa” sustatzeko garaian. Carrefour bezalako supermerkatu kateek edo Maersk ontzi-enpresak, bestalde, “zuzenean jarduten dute kolonietan, eta hango ekonomia sostengatzen dute, diskriminazio-zerbitzuen bidez kolonia horien hedapena erraztu eta apartheidean parte hartzen baitute”, dio txostenak.
Massachusetts Institute of Technology AEBetako zientzia erakunde prestigiotsua eta Europar Batzordearen Horizon Europe programa ere jo-puntuan jarri ditu Albanesek, ikerkuntzaren bidez eta Israelgo unibertsitateekin egindako akordioen bidez lagundu baitute genozidioarekin zerikusia duten hainbat proiektutan, tartean, Gazan Israelgo armadak hainbeste erabili dituen droneak hobeto kontrolatzeko.
NBEen errelatorea oso zorrotz agertu da bere txostenean multinazional, enpresa eta banku horiekin guztiekin, eta haien arduradunak eta goi karguak ikertu eta kartzela zigorrarekin pertsegitu beharko liratekeela uste du, zuzenean ari direlako kolaboratzen Israel Gazan egiten ari den genozidioarekin eta “nazioarteko zuzenbidearen urraketekin”.
Albanesek ondorioztatu du genozidioak “irabazi handiak” utzi dituela askorentzat, eta estatuei eskatu die hautsi ditzatela Israelekin dituzten inbertsio harremanak. Enpresei, bere aldetik, palestinarrak indemnizatzeko eskatu die: "Palestina, mundu honen porrot politiko eta moralak islatzen dituen ispilua da. Genozidio hau gelditzeko ez da bakarrik haserrea behar, hori posible egiten duenarekin hautsi eta desmantelatzeko ausardia behar da".
"Palestina, mundu honen porrot politiko eta moralak islatzen dituen ispilua da. Genozidio hau gelditzeko ez da bakarrik haserrea behar, hori posible egiten duenarekin hautsi eta desmantelatzeko ausardia behar da"
(Francesca Albanese)
Albanese: zentsura, zigorrak eta... mafia
Napoli ondoko Ariano Irpino herrian jaioa, Francesca Albanesek Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta urte asko aritu da NBEko giza eskubideen arloko jurista eta aditu gisa. Horrela, palestinarren egoera gertutik ezagutu du denbora horretan. 2022an NBEko errelatore izendatu zutenean, Gazakoa genozidio bat dela esaten lehena izan zen, eta oso irmo aritu da salatzen Israel 1967az geroztik Palestinako lurralde okupatuetan egiten ari den apartheida.
Hala, lobby sionistak "antisemita" moduan aurkeztu du errelatorea, eta apiril honetan Israel eta AEBak kargutik kentzen saiatu dira, arrakastarik gabe baina. Hala ere Israelek non grata pertsona izendatu du eta Gaza zein Zisjordaniara bidaiatzea eragotzi dio. Eta orain, azken txostena argitaratu ondotik, Trumpek bere eskuz sinaturiko dekretu baten bidez Washingtonek zigorrak ezarri dizkio, AEBetara bidaiatzea ere ezinezkoa izan dezan.
Presio horren ondorioz, makina bat bider zentsuratu dute Albanese hitzaldiak eman behar zituen tokietan, adibidez Alemanian, Berlingo eta Municheko unibertsitateetan, edo Wurzburgoko unibertsitatean. Azken zentsura erasoa genozidioaren ekonomiari buruzko txostena argitara ekarri ostean etorri zaio italiarrari: Suitzan, Bernako Unibertsitatean mahai-inguru batean parte hartu behar zuen baina antolatzaileek bertan behera utzi dute, "muturreko posturak" izateagatik.
“Gero eta gehiago ari naiz ikusten ideologia eta metodo mafioso bat; konexio bat dago gai politikoen eta gai ekonomikoen artean, eta ni natorren tokian horrek mafia izena du”
(Frances Albanese)
Erradikala, partziala edo antisemita izatea, bere kargutik harago aritzea, edo "AEBetako eta munduko ekonomiaren kontra kanpaina onartezina" burutzea, hori guztia leporatzen diote italiarrari. Baina berak jarraitzen du temati, nazioarteko zuzenbidea eskuan, salatzen eta salatzen.
“Seguru sentitzen al zara?" galdetu dio Publico TVko kazetariak duela gutxi egindako elkarrizketa batean: "Seguru sentitzen al gara multinazionalen interes ekonomikoek herritarren interesek baino pisu handiagoa duten mundu batean? Ni ez”, erantzun du berak, irmo, temati. “Gero eta gehiago ari naiz ikusten ideologia eta metodo mafioso bat; konexio bat dago gai politikoen eta gai ekonomikoen artean, eta ni natorren tokian horrek mafia izena du”.
Kufiya palestinar zapia eramango du Jaizkibel konpainia berdinzaleko kide ugarik, Hondarribiko jaien egun nagusian, Palestinarekiko elkartasuna ikusarazteko. Jaiak eta politika ez nahasteko diotenen aldean, “jaiak ere badira justizia eta eskubideak adierazteko plaza... [+]
Israelgo Gobernuaren esanetan, bere subiranotasunaren aurka eta Hamasen alde dago Global Sumud Flotilla egitasmoa. Hortaz, esku hartze gogorrak iragarri ditu.
Igande arratsaldean irten da Bartzelonako portutik Palestinaren aldeko inoizko ontzidirik handiena: 30 itsasontzi inguru eta 300 bat ekintzaile, Gaza helburu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko. Bidean ontzi gehiago batuko zaizkie Mediterraneoko hainbat portutatik. Gauean... [+]
Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]
Informazioaren arloko dozenaka profesional bildu dira ostegun arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan, Gazan kazetari lanetan ari direnen aurka Israelgo armada egiten ari den sarraskia salatzeko.
Bigarren aldiz gelditu dute Katalunian Espainiako Vuelta Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko. Hainbat pertsonak Palestinako banderak atera dituzte eta txirrindularien bidea oztopatu dute Oloten.
Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak.
Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.
Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]
Ontzidia abuztuaren 31n irtengo da Bartzelonatik. Euskal Herriko lau kide joango dira bertan, munduko beste 40 herrialdeetako solidarioekin batera.
AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]