Mundu guztia Gazari begira ari da orain. Baina Palestina ez da lur hori bakarrik. Bada beste lurralde bat, izen bera duena, ostutako lurren atzean, moztutako gorputz adarra nola begiratzen diona galdutako lurrari: Zisjordania, eta, egoera are bereziagoan, Jerusalem. Lurralde osoaren hiriburu izan zen Jerusalem, hamaika poeta, idazle eta zinemagileren betiereko musa. Egun, legez zatituta, eta ilegalki okupatuta eta anexionatuta dago. Eta begi eta foku guztiak Gazan dauden bitartean, palestinarrek jarraitzen dute beren lurrean ilegalak izaten, etxeetatik kanporatuak izaten, eta giza eskubideen urraketak pairatzen. Hori guztia Jerusalemen mugen barruan ari da gertatzen, Euskal Herriko eta nazioarteko enpresa askoren laguntza eta onespenarekin.
"Ez da giza eskubideen urraketarik atzeman CAFen 2024ko ezein proiektutan”. Esaldi hori jasotzen duen txostena eskuetan sartu dira CAFeko akziodunak Beasaingo egoitza nagusian. Urteko batzarra dute eta urteak eman duenaz ariko dira. JLR Jerusalemgo tranbiaren proiektua ere landuko dute bileran, hain zuzen ere, horri buruz ari da txostenaren zati hori, 2019tik CAF ari baita hango bi linea eraikitzen, Shapir enpresa israeldarrarekin bazkidetuta eta 1.800 milioi euroko kontratu batekin. Egun eta ordu berean, Donostian, manifestari andana bildu da CAF, jaitsi Israelen apartheidaren trenetik leloa duen pankartaren atzean, BDZ Euskal Herriak deitutako mobilizazioan. Donostian bakarrik ez, CAFek egoitzak dituen herrialde guztietan daude mobilizazioak: Katalunian, Andaluzian, Galesen... Bien bitartean, Mounir Marjieh, Jerusalemgo Al-Quds Unibertsitateko Ekintza Komunitarioko nazioarteko ekintzailea CAFeko egoitzan da. Eskuetan darama Jerusalemgo herritarrek emandako mezua, eta helburu argia du: CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbia okupazio ilegala betieretzen ari dela ikusaraztea.
“Israelek palestinarren aurkako apartheid erregimena du martxan 1948tik”, laburbildu du Marjiehk bere herriaren egoera, eta gehitu du: “Apartheida gizateriaren aurkako krimena da”. CAFen egoitzan ekimena egin aurretik, Marjieh Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean izan da, hitzaldi batzuk eman eta hedabideekin elkartu da. Zorrotz eta aho bizarrik barik egiten du berba, eta argi du aipatu tranbiak goitik behera zeharkatzen duela bere herria: “Tranbia hori Ekialdeko Jerusalemen Israelek eraiki dituen asentamendu ilegalen egituraren parte da”.
Egoera konplexuan bizi da Marjiehren herria: bi zati edo gehiagotan banatuta, bata bonbapean suntsipen bidean; bestea, nazioarteko fokutik kanpo, galbide isilean. Munduko kamera guztiak Gazan daudenean, Israelgo Armada Gazan egiten den sarraskiaren kontrako ahotsak gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari diren momentuan, Palestinako beste lurraldeetan gertatzen ari denaz ezer gutxi entzuten da. Eta azaltzeko ere ez da erraza: Marjiehri, ordea, nabari zaio ohituta dagoela gatazka atzerritarrei azaltzen.
“Tranbia eraikitzeko onartutako ebazpenetako hitzaurreetan, Israelek argi eta garbi dio ebazpenen helburua dela Israelek Ekialdeko Jerusalemen ezarri duen subiranotasuna indartzea”, azaldu du, zehatz. Horrez gain, JLRren eraikuntzan CAFek duen bazkidea, Shapir enpresa israeldarra, okupazio ilegaletik onurak ateratzen dituzten enpresen zerrendan sartu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluak. Salaketa horiek talka egiten dute CAFek kaleratutako txostenarekin, zuzendaritzak baitio tranbiak ez duela gutxiengo etnikorik diskriminatzen; are, edonorentzat irisgarria dela azpimarratzen du.
Apartheid politiken ezaugarri nagusiak azaldu ditu Marjiehk: herri batek bestearekiko dominazioa lortzea, etnian oinarritutako zapalkuntzaren eta gizateriaren aurkako ekintzen bidez. Israelek palestinarren aurka politika horiek ezarri dituela azpimarratu du:
“Bi politika nagusi izan ditu Israelek Ekialdeko Jerusalemen. Batetik, judutarren gehiengoa ezarri du, lurraldea judaizatu du, palestinarrak menperatu ahal izateko; eta, bestetik, ziurtatu du ilegalki anexionatu dituzten lurraldeak, Ekialdeko Jerusalemen, betirako izango dituela kontrolpean”. Bigarren politika horretan sartzen da CAFen tranbia, bere helburua, hain zuzen ere, horixe
baita: “Ebazpenetan ez du palestinarren onurarik aipatzen momentu batean ere. Tranbiaren helburu argia da Israelen subiranotasuna indartzea; hau da, subiranotasun ekintza bat da, eta Israelek, indar okupatzailea den heinean, ezin du ubiranotasunik ezta botererik izan lurralde horren gain”.
Horrela, bada, proiektua legez kontrakoa da; hori darabil Marjiehk ahoan. NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak horrela iritzi
zion 2016 eta 2017an, nazioarteko zuzenbidea "urratzen" duela iritzita. Are, 2024an Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzi zuen Israelen okupazioa legez kontrakoa zela, eta estatuek uko egin behar diotela Israelekin harreman ekonomiko edo komertzialak izateari.
Ekialdeko Jerusalemen eraikitzen ari diren tranbiaren luzapena –2011tik baitago martxan Ekialdeko Jerusalemgo tranbiako linea gorria– Marjiehk aipatutako politiken adibide bat baino ez da. Baina egun gertatzen ari dena ulertzeko atzera begiratzea ezinbestekoa da, eta askotan kontatua izanagatik ere, Palestinako historia katramilatsua eta nahasgarria suertatu daiteke.
1948tik, Israelgo Estatua aldarrikatu zutenetik, lurraren gaineko borroka etengabekoa izan da. Urte horretakoak dira nazioarteko erakundeek, tartean NBE, onartutako Israelen mugak. Ilan Pappé historialari israeldar antisionistak Israelgo Estatuaren sorreratik
bertatik aztertu du palestinarren zapalkuntza, besteren artean, Munduko kartzelarik handiena liburuan. 1948az zera dio Pappék: “1948ak aukera historikoa sortu zuen bi helburu betetzeko: lurraldearen zati handi baten jabe bihurtzea eta bertako biztanleriaren gehiengoa botatzea”. Are, urte horrek Nakba izena hartu zuen palestinarren memoria kolektiboan. “Nakba arabierazko berba bat da, palestinarrek pairatu zuten katastrofea azaltzeko erabiltzen duguna”, azaldu du Marjiehk.
1948an Israelek aldarrikatu zituen mugen barruan milaka palestinar bota zituzten, masiboki bota ere. “Bertako biztanleriaren erdia bota egin zuten, euren herri eta hiri erdiak suntsitu, eta Mandatu Britainiarreko Palestinako lurraldearen %80 Israelgo Estatu judua
bihurtu zen”, laburbildu du gertatutakoa Pappék. Israelen mugen barruan geratu ziren palestinar apurrek “lege militarren mende” egin zituzten hurrengo hamarkada eta erdia, baina israeldar herritartasuna eskuratu zuten, azaldu du Marjiehk.
Urte horretan banatu zuten Marjiehk hizpide duen hiria. Mendebaldeko Jerusalem Israelgo Estatuak bereganatu zuen, eta ekialdea Jordaniak hartu zuen. Hiria, berez, nazioarteko potentziek gobernatu behar zuten, horixe jasotzen zuen Palestinaren zatiketako oinarrizko planak, hiriaren garrantzia eta sinbolismoa kontuan hartuta. Ez zen inoiz gauzatu nazioarteko mandatu hori, ordea, nahiz eta Hiri Zaharraren inguruko lurrak lurralde desmilitarizatu bihurtu; hain zuzen ere, AEBek Israelen duten enbaxada lur zati horretan dago.
"Guztiz ezinezkoa da palestinarrek Israelen eraikitzeko baimenik lortzea, horrek zailtzen du Palestinako familiek Ekialdeko Jerusalemen bizi ahal izatea" - Mounir Marjieh
1967a izan zen hurrengo kolpe handia, eta harrezkero palestinarren biziak atzera ezinezko itzulia eman zuen. Sei Eguneko Gerra delakoa gertatu zen, “Israelek Zisjordania eta Gaza okupatu zituen, eta beste zenbait lurralde arabiar ere”, dio Marjiehk. Okupatu dio palestinarrak, “lurralde bat gerra egiten ari den aktore baten mende geratzen denean lurralde okupatu gisa ulertzen duelako nazioarteko legeak”. Okupatutako lurralde horietako bat da da Ekialdeko Jerusalem. Hori horrela, 1967ko mugak ez dituzte aitortzen nazioarteko erakundeek, “Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko ebazpenak daude. Nazioarteko kontsentsua dago lurralde horiek okupatuta daudela onartzeko”, dio Marjiehk.
Handik hamahiru urtera, 1980an, Israelek azken pausoa eman zuen Jerusalemen, eta ilegalki okupatutako ekialdeko lurrak anexionatu zituen. "Israelek alde bakarrez erabaki zuen Jerusalemetik ekialdera zeuden 70,5 kilometro karratu anexionatzea, bere lurralde subirano gisa. Hori ilegala da", dio Marjiehk.
Erreportajearen hasieran, Marjiehk Israelgo Gobernuaren bi politika aipatu diru: bata, okupatutako lurraldea ahalik eta handiena eta batuena izatea; eta, bestea, demografian gehiengoa judutarra izatea. Hain zuzen ere, Israelek izandako bigarren bataila handiena
izan da demografiarena, palestinarren eta israeldarren arteko oreka haustearena. Lehen kolpea jo zuenean, 1948an, muturreko neurriak jarri zituen martxan, jendea masiboki kanporatu zuen beren etxeetatik. Baina 1967an egoera ezberdina zen, NBEk 1948ko mugak aitortuak zituen, baina hortik aurrerakoak “okupatuta” zeudela iritzi zion; beraz, Israelek ezin zuen bi hamarkada aurretik egin zuen gauza bera egin.
Beste arazo bat ere bazuten sionistek. 1948an egindako kanporaketa masiboen ondorioz, palestinarrak gutxiengoak ziren Israelen, baina Zisjordanian eta Gazan gehiago ziren. “Israelgo mugen barruan geratu ziren palestinarrei emandako herritartasun mugatuak bat egiten zuen Israelen gehiengoa judutarra izatearen helburuarekin, baina ez litzateke hori gertatuko Zisjordania eta Gazarekin”, dio Pappék. Horrela, bada, nazioarteko presioak ekiditeko eta bataila demografikoan irabazten jarraitzeko, Gaza eta Zisjordania okupatu zituzten, baina ez anexionatu, Pappéren hitzetan: “Lurralde horietako biztanleak ezin ziren kanporatu, baina ezta estatu judutarreko biztanle bihurtu ere, beren kopuruak eta hazkunde potentzialak kolokan jarriko bailukete Israelgo gehiengo judutarra”.
Israelgo politikek horrela jarraitu zuten harik eta 1995ean Osloko Bake Akordioak sinatu zituzten arte. Harrezkero, pauso bat gehiago eman, eta Zisjordaniaren gaineko kontrola formalizatu egin zuten. Zisjordania hiru eremutan zatitu zuten, lurraldearen
%70 Israelen kontrolpean uzteraino. Horrela, bada, demografiaren garrantzia are handiagoa bihurtu zen, biztanleria palestinarra azkarrago hazten baitzen.
Ekialdeko Jerusalemgo kasuan, Israelek “bultzatze eta erakartze politikak” ezarri zituen, Marjiehren hitzetan: “Bultzatze faktoreak dira palestinarrak hiritik botatzeko diseinatu zituztenak, eta erakartze faktoreak dira kolono judutarrak lurralde horietara ilegalki bizitzera joateko diseinatu zituztenak”.
Bultzatze faktoreak dira, Marjiehren hitzetan, erresidentzia irakunkorrerako baimena, Ekialdeko Jerusalemgo palestinarrek ez baitaukate herritartasunik: “Baimen hori duen Jerusalemgo palestinar batek erresidentzia mantendu dezake bere bizitzaren erdigunea Israelen dagoen bitartean, Jerusalem barne, Israelek bere nazio subiranotasunaren barne hartzen baitu hiria”. Beraz, bere bizitzaren "erdigunea" Israelen dagoela frogatu ezin duenak, bertan bizitzeko baimena galtzen du: “Horrela, Israelek lortu du Jerusalemgo 14.800 palestinar baino gehiago botatzea Jerusalemdik”. Horrez gain, palestinarren etxeak botatzen dituzte, ez diete ematen baimenik etxeak eraikitzeko: “Guztiz ezinezkoa da palestinarrek Israelen eraikitzeko baimenik lortzea, eta horrek asko zailtzen du Palestinako familiek Ekialdeko Jerusalemen bizi ahal izatea”.
Egoera horri gehitzen zaio azpiegituretan inbertsiorik ez egitea: “Palestinarren eremuetan bizitzea oso zaila da, ez da inbertsiorik egiten bertan, ez dago udal zerbitzurik, eskoletara ez da dirurik bideratzen... Faktore horien guztien baturak eragiten du palestinarrek Ekialdeko Jerusalemdik alde egitea”.
Egoera horrekin parez pare daude israeldarrentzat jarritako baldintzak, "erakartze faktoreak". Etxebizitzetarako dirulaguntzak, eta zerga salbuespenak dituzte: “Bost urtean israeldar kolonoek ez dute zergarik ordaindu; hamarkadatan jaso dituzte zerga salbuespenak, kolonietan bizi daitezen”, azaldu du Marjiehk. Azpiegituretan ere inbertsioa handia da. Horien artean, CAF eraikitzen ari den tranbia.
"Jendeak baleki zergetan ordaindutako dirua bideratzen dutela Israelen garbiketa etnikoaren parte den ariketa batera, ikaratuko litzateke" - Richard Weyndling
Testuingurua ikusita, beraz, Israelek Ekialdeko Jerusalemen duen politika legez kanpokoa dela ondorioztatu daiteke. “NBEko Segurtasun Kontseiluak ebazpen ugari onartu ditu Israeli anexioa bertan behera utzi dezan eskatzeko”, azaldu du Marjiehk. Horrez gain, Israelek Ekialdeko Jerusalemen hartutako edozein legezko edo administrazioko neurrik baliorik ez duela ere onartu du kontseilu berak, okupazioan oinarritzen den erregimena den heinean.
Testuinguru horretan ari da CAF tranbia eraikitzen. “2019an, CAF Jerusalemgo tranbiaren proiektuan sartu zenean, oso ondo zekien non ari zen sartzen: BDZ Euskal Herria plataformatik jakinarazi genion kontratu hori legez kanpokoa zela”, azaldu du Richard Weyndling BDZ Euskal Herria plataformako kideak. BDZk soilik ez, CAFeko langile komiteak ere eskatu zion enpresari proiektu horretan ez sartzeko.
Weyndling Marjiehrekin dago, Euskal Herrian dagoen bitartean gida lanak egiten dizkio. Marjiehren hizkera bera darabil, eta berak ere salatu du proiektuak ilegalki okupatutako lurraldeen batura beste helbururik ez duela:“Tranbia hori Israelen planen parte da
palestinarrak Ekialdeko Jerusalemdik kanporatzeko eta Jerusalem osoa Israelen parte bihurtzeko, bere hiriburu banaezin gisa; eta gero gainontzeko lurraldeak ere okupatzeko plana du”.
BDZk 2019an CAFi proiektuan ez sartzeko eskatu zionean, beste enpresa baten adibidea jarri zion: “Jakinarazi genion Veolia multinazional frantsesak izan zuela kontratu hori bere aurretik, eta bertan behera utzi zuela nazioartean izan ziren protestengatik”. Veoliak soilik ez, Kataluniako Comsa enpresak ere izan zuen kontratua JLRrekin: linea urdina eraikitzeko leihaketa irabazi zuen –CAF ere aurkeztu zen, baina Comsak irabazi zuen– 2.200 milioi euroko kontratua eskuratu zuen 2022an. Baina 2024an bertan behera utzi zuen kontratua “Gazako krisiagatik”.
2020tik ari da BDZ Euskal Herria tranbiaren aurkako kanpainan, eta urteotan erantzunik izan badu ere, Gazako sarraskiak alarma guztiak piztu eta erakundeak esnarazi dituela dio Weyndlingek: “Palestinarren genozidioa gertatu behar izan da klase politikoak ulertzeko beren isiltasunak eta gelditasunak inpunitate sentsazioa eman diotela estatu sionistari; eta horrek eragin duela Gazan ikusten ari garen genozidioa”.
Alderdi politiko gehienen aldetik “konpromisoa” ikusten ari dela dio, eta ulertu dutela neurriak hartu behar direla “CAF apartheidaren trenetik” jaisteko; are, CAFek obra publikoetan parte hartzea edota dirulaguntzak jasotzea saihestu behar dela dio, “nazioarteko legearen eta giza eskubideen urraketen konplize” delako. Nafarroako Parlamentuak eman du dagoeneko pausoa, eta ekainaren 5ean ebazpen bat onartu zuen, Marjieh legebiltzarrean zela. “Nafarroako eta Espainiako Estatuko gobernuei eskatzen zaie obra, zerbitzu, erosketa publiko eta dirulaguntzetatik kanpo utz ditzaten genozidio-ekintzak errazten dituzten jardueretan parte hartzen duten pertsona juridikoak”, zioen ebazpenak.
“Jendeak baleki zergetan ordaindutako dirua bideratzen dutela Israelen garbiketa etnikoaren parte den ariketa batera, ikaratu egingo litzateke”, dio BDZko kideak. Zentzu horretan, erakunde zein norbanakoen boikota ezinbestekoa dela uste du Weyndlingek.
“Ezin dugu Hegoafrikako kasua ahaztu. Hegoafrikako apartheida ez zen bere kabuz amaitu: nazioarteko komunitatetik isolatu zuten, eta horrek eragin handia izan zuen erregimenean; baita apartheidaren amaieran ere”, gehitu du Marjiehk.
Horrela, eta Euskal Herriko kaleetan dauden Palestinako banderen kopurua ikusita, Weyndlingek argi du zer egin behar den: presioa. Zelan? Mila modutan. “Boikotari dagokionean, Carrefourren aurkako kanpaina egin dugu, kolonia ilegaletan produktuak saltzen dituelako eta Gazako genozidioa egiten ari ziren soldaduei jatekoa eman zielako doan”. Baina bestela ere beste mila aukera daudela dio: “Kalera atera, manifestazioetan parte hartu, egunkarietara gutunak idatzi, sare sozialetan aktibo ibili...”.
CAFeko atetik sartu eta ordu eta erdira, kanporako bidean da Marjieh, "Israel hiltzaile, CAF laguntzaile" oihu artean atera da CAFen egoitzatik. Amnesty Internationaleko eta CAFeko zenbait langilek egindako pankarten artetik egin du bidea, BDZ Euskal Herriko kideengana zuzen. "Gogorarazi diet Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzi duela Israelen okupazioa legez kontrakoa dela eta, beraz, NBEko kide diren estatuek ezin dituztela lurralde horiek aitortu eta ezin dutela eman laguntzarik okupazio ilegala mantentzeko".
Egoera zertxobait "tentsoa" izan dela esan du Marjiehk, baina galderari erantzun diotela. Andres Arizkorreta CAFeko lehendakariak Ekialde Hurbileko egoerari zuzendu dizkio hitz batzuk: "Kontatu duzuen egoera amaitu dadin nahi du CAFek, eta herrien arteko behin betiko bakea heldu dadila". Adierazi du enpresak giza eskubideen arloan duen erantzukizuna "oinarrizkoa" dela CAFentzat, eta zentzu horretan "egoki" aritu direla.
Marjieh ez da CAFeko akziodunen batzarrean egon den iritzi kritikodun bakarra. Amnesty Internationaleko bi kidek ere parte hartu dute batzarrean: Cecilia Denis Amnesty Internationaleko Enpresen taldeko kidea eta Sofía García Arana EAEko Amnesty Internationaleko koordinatzailea izan dira batzarrean. Parte hartu dute horretarako eskubidea dutelako, akziodunak direlako, "akziodun kritikoak". Alegia, enpresako akzioak erosten dituzte, eta horrela bertan berba egiteko eskubidea lortzen dute.
Netanyahutaz eta bere gain dagoen atxilotze aginduaz galdetu die Denisek Administrazio Kontseiluko kideei: "Pertsona anker horren intenzioak zuritzen jarraituko duzue?". Horrez gain, CAFi aurpegiratu dio ez dituela nazioarteko erakundeek egindako ebazpenak errespetatzen, nazioarteko zuzenbideak ez baititu onartzen Israelgo koloniak, eta CAFek, hain zuzen ere, horiek elkarren artean lotzeko asmoa baitu. Azkenik, Denisek gogorarazi du zenbait inbertsio-funtsek CAFekin negozioak egiteari utzi diotela, eta horren aurrean neurriren bat hartuko duten galdetu du.
Aranak okupatutako Zisjordanian ugaritzen ari den indarkeria izan du berbagai, "kolonoen eskutik eta gobernuaren babesarekin". Bere hitzetan, CAFen tranbiak Ekialdeko Jerusalemgo kokalekuak areagotuko ditu, eta, ondorioz, palestinarrak baztertuko ditu. Hori kontuan hartzen ez duela aurpegiratu dio CAFi. Azkenik, azaldu du Amnesty Internationalek iritzi diola CAFek beharrezko baldintzak betetzen dituela NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak sortutako okupazio ilegaletik onurak ateratzen dituzten enpresen zerrendan sartzeko, bere bazkide Shapirren bidea jarraituz
Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.
Gazarako Martxara bidean, Kairoko aireportuan atxilotu zituzten euskal herritarren artean dago Agus Gorbea, eta momentuz deportatu duten bakarra izan da. Euskal Herrira bidean dagoela erantzun ditu ARGIAren galderak.
Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa salatzeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian asteburu honetan, larunbatean eta igandean. Garibai kaleko 19. zenbakian egingo dute elkartasun ekintza.
Erdaraz hitz egiten duzu, Francok nahi zuen bezala’ kamiseta dut gogoan egunotan, OlaXonMario Galiziako sortzaile digital kuir eta independentistaren diseinua.
Gogora ekarri dut, lehenengo, Isabel Díaz Ayusok alde egin duenean Imanol Pradales lehendakariak... [+]
Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L. segurtasun-enpresa kontratatu zuen apirilean. Horren aurrean, kexak aurkeztu dituzte dozenaka herritarrek Metro Bilbaoren bulegoetan, Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Nodo BDZ-Bizkaiak deituta.
Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi du trenaren bigarren fasearen hasiera, eta gaitzetsi egin du kokalekuen arteko komunikazioa indartzea duelako helburu. Zisjordanian 22 kokaleku berri ezarriko dituela adierazi du Israelek.
Lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak iazko edizioa "historiko politizatuena eta desatseginena" izan zela salatu dute, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Online botoari esker gertu izan du garaipena Yuval Raphael Israelgo ordezkariak. Polemikaz beteriko... [+]
“Gazako sarraskiak gerra gertaerak dira, eta erruduna Hamas da. (...) Ez dut inondik inora lotsagorritu beharrik borrokak eramateko Israelen moldeaz. (...) Denak poztuko lirateke Israelek lana bukatuko balu”. Haïm Korsiaren hitzak dira, Frantziako Rabbi... [+]
Euskal Herrian harreman mota asko dago Israelekin, eta arrazoi eta interes ugari harremanak ez eteteko. Horietako batzuk aletu dituzte Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek iragarri berri dute liburuxkan, Israel hemen hasten da izenburupean. Maiatzaren 7an aurkeztuko... [+]
Poloniar bat, bi irlandar eta estatubatuar batek jaso dute Alemania apirilaren 21a aitzin uzteko manua. Hori gertatu ezean, kanporatuko dituztela argitu die Berlineko Migrazio Bulegoak. Salaketa jarri dute kanporaketa prozedura geldiarazteko xedez.
Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.
Saskibaloi talde israeldarraren eta Baskoniaren arteko lehia bertan behera uztea exijitzeko manifestua aurkeztu du Palestinaren aldeko mugimenduak. Euskal Herriko 40 saskibaloi klub, talde zein Baskoniako zaletuen taldek, kirol munduko 91 pertsona ezagunek eta Gasteizko 65... [+]
Otsailaren 7an, Maccabi Tel Aviv taldeak Baskoniaren aurkako partida jokatzeko asmoa du Gasteizen. Palestinarekin Elkartasuna Plataformak salatu du Israelek kultur eta kirol ekimenak palestinarren aurkako krimenak estaltzeko erabiltzen dituela. Aurpegi zuriketaren aurka,... [+]
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]
Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.