“Nik neure irrintzia egiten dut, aita-amei ikasitako zantzoa”

  • Irrintzi bat entzun da, mendi tontorrean… Eta balizko tontorra Gorbeiako gurutzea bada, baliteke –bazitekeen, garaian– irrintzilaria Rakel Etxebarria izatea. Irrintzia han eta hemen, “zantzoa” da Arratian, hala Orozkon nola Zeanurin. Gurasoei ikasia inoiz ez du ahaztu Rakelek. Eta elkarrizketan ere, nahi beste zantzo egin dizkigu, pozik.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA
Zaldi ero / ARGIA CC BY SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Rakel Etxebarria Lexartza (Zeanuri, 1946)

Lexartza baserrian jaioa, aita-amek bezala eginez ikasi zuen zantzoa botatzen. Derrigorrezko eskola amaitu eta lanean hasi zen Aretan, ez zantzo ez irrintzi, harik eta Orozkon irrintzi txapelketa asmatu zuten arte. Plazara atera zuten andrea, eta jantzi zuen txapela. Harrezkero kito irrintzia isilean edukitzea. Berdin bota die familiakoei eta lagunei. Eta bota dizkigu guri era batekoak eta bestekoak dozena erdi, elkarrizketan ari ginela. Grabagailua dugu lekuko.

Zeanurin jaioa zaitugu, aspaldi Laudioko Aretan bizi zarena.
Zortzi neba-arreba izan ginen etxean. Ni, gazteetan bigarrena. Ahizpa zaharrena, Isabel, hemen bizi zen, ezkonduta. Orozkokoa zeukan gizona, taxilaria, eta Aretan, berriz, taberna, denda, eta telefono-zentrala ere eduki zuten. Akordatzen naiz, 16 telefono zenbaki ziren orduko denbora Aretan, gehienak fabriketakoak –bakarrik bi etxe egon ziren telefonoa zeukatenak–, eta han ibiltzen nintzen ni kablea zulo batean eta bestean sartzen [larako telefonoa], jendea elkarrekin komunikatzeko. Eta telegramak ipintzen ere ikasi nuen. Eskola amaitu eta etorri nintzen ahizparen ondora lanera, 14 urterekin. 1960an izan zen hori.

14 urte arte Zeanuriko eskolan ibili zinen.
Baina ez herrikoan. Gu Lexartza baserrikoak izan gara, Uribe auzokoak. Eta eskola ere Uriben eduki genuen, ez Zeanuri behean. Mutil eta neska, denak batera ibili ginen eskolan,  gela berean, alde batean mutilak eta bestean neskak. Han dena erdaraz egin behar zenuen, kastigua zen bestela. Bazen itsulapiko bat, eta erdaraz egiten zuenak etxetik dirua ekarri eta sartu behar izaten zuen han. “Txinitoentzat” esaten zuen maistrak. Guk euskaraz baino ez genekin eta, eskolan, berriz, dena zen erdaraz. Dena espainola, eta Cara al sol kantatzen genuen eskolara sartzean, patioan.

Eta Aretara etorri zinen, erdara apur bat ikasita…
Bai, eskolan ez zen beste erremediorik! Aretan erdaraz egiten zen, baina orain asko egiten da euskaraz…

Aretara etorri zineneko, irrintzia botatzen ikasita zeunden zu. “Zantzoa” omen da hemen. Orain, berriz, irrintzilari taldea ere osatua duzue. Ez zarete Garaionen bildu zaharrak.
Hamaika lagun gara taldean, hamar andre –neu zaharrena, 79 urte–, eta mutil bat, 26 urtekoa. Orain urte bi Bruselan ibili ginen, eta aurten ere joan gara hango oihulari batzuekin batzera. Haiek ez irrintzia eta ez zantzoa, haiek juju-a egiten dutela esaten dute. Afrikarrak eta beste leku batzuetakoak dira. Elkartzen gara eta bakoitzak dakiena egiten du; haiek mihiaz, eta guk eztarritik. Nik ez dut haien modura egiten ikasi, eta eurek ere ez nirea.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA

Taldea osatu duzuela esan diguzu…
Horretaz Nerea [Iglesias, Aiaraldeko Faktoria] arduratzen da. Jakin zuen nik zantzoa botatzen banekiela, eta deitu zidan, joateko, taldea osatu nahi zutela. Nereak kontakturen bat-edo badauka Bruselan, eta halaxe joan ginen. Eta handik ere etorrita daude sei irrintzilari, eta ibili ginen hemen bateko irrintzi eta besteko juju. Gure baserrira ere joan ginen, eta bota genituen irrintziak. Ederra izan zen.

Elkartasuna

“Irrintzilariok Garaionen-eta elkartu izan garenean, adibidez, beroketa egiten dugu lehenengo;  gimnasia apur bat bezala: gorputza mugimenduan jartzen dugu, ahoa, boza… Berotzeko, adibidez, txorien kantua egiten dugu; nik kukuarena egiten dut, eta zerrotearen zirri-zarra ere bai. Gero, bata besteari irrintzia botatzen hasten gara… Bakoitzak berea, eta bakoitzak bere modura. Eta oso ondo pasatzen dugu”.

Zuek zantzo edo irrintzi, haiek juju… Oihu guztiak ez dira berdinak, hortaz.
Ez, diferenteak! Gure aitak ere ez zuen gure amak bezala egiten. Aita zen artzaina, eta joaten zen Lexartzatik Gorbeiarantza, eta mendira joaten zenean amari zantzoa botatzen zion. Haren zantzoa zen “uuuuuu…!” [Aitaren zantzoa egin digu, fabrika bateko sirenaren antza-edo du]. Eta amarena, berriz, zen “iiiii… ijijiji!” [Ohiko irrintzia] “Hemendik noa ja! Agur!” esan gura zuen aitak. Eta nik aitari eta amari entzunda ikasi nuen zantzoa botatzen, txikitan, etxean. Nire bi ahizpek ere badakite irrintzia botatzen. Nebak ez du ikasi. Ez dakit zergatik. Ez da neska edo mutil kontua, aitak bazekien-eta. Baina nebak ez daki.

Zuk aita-amei entzunda ikasi zenuela esan diguzu.
Bai. Haiek zelan egiten zuten, nik ere euren modura. Gainera, orduan ez zegoen telefonorik, zantzoa baino ez. Aitak eta amak komunikatzeko erabiltzen zuten zantzoa. Ez da irrintzia egitea bakarrik, komunikatzea da. Aitak artzain txabola zeukan Gorbeian, Arabako aldean. Joaten ginen, eta askotan bota genituen han zantzoak. Eta ederto! Asko gustatzen zitzaigun, bai niri, bai neure ahizpei.

Beste zantzolaririk bazen Zeanurin? Edo Uriben?
Ez dakit. Jendeak oihuak egiten zituen mendira-eta joaten zenean. Guk etxean ikasi genuen zantzoa egiten. Orain irrintzia esaten da. Jakina, “...irrintzi bat entzun da, mendi tontorrean…”. Baina Zeanurin, Lexartzan, zantzoa zen. Eta Orozkon ere hala esaten da. Egia esanda, Orozkon bota nuen lehenengoz zantzoa jendearen aurrean.

Nola izan zen jendaurrean agertze hori?
Zantzo-txapelketa egiten dute urtero-edo, aspaldi, sanantolinetan, eta, behin, parte hartzeko eskatu zidaten. Urte asko dira. Hogei urte baino gehiago-edo. Parte hartu nuen, eta txapela irabazi ere bai. Gero, Muruetan [Orozkoko auzoa] ere irabazi nuen. Badauzkat txapel batzuk, bai. Hamabi zantzolarik ere parte hartu izan dugu txapelketa horietan. Batzuek ez dakite zantzoa botatzen, baina aproba modura-edo saiatzen dira zantzoa egiten. Saiatzen dira, gutxienez, nahiz ondo botatzen ez dakiten.

"Nire bi ahizpek ere badakite irrintzia botatzen. Nebak ez du ikasi. Ez dakit zergatik. Ez da neska edo mutil kontua, aitak bazekien-eta"

Guk dakienari galdetu behar: nola botatzen da zantzoa?
Hasi behar zara suabe-suabe, arnasarik hartu barik, eta gorantza beti, eta eutsi, eta ondo amaitu, goian amaitu, ito barik [irrintzia egin du]. Nik, lehenengo, aitari eta amari ikasitakoa egiten nuen. Gero konturatu naiz zelan egin behar den ondo. Orain kasik urtero joaten gara Orozkora, irrintziak ikustera, edo irrintzia botatzera txapelketan. Batzuek eta besteak zelan egiten duten ikusten duzu. Orozkon bakarrik ez, Galdakaon ere egiten da, edo egin izan da txapelketa. Behin, Galdakaon, nire ahizpa Maria Luisak irabazi zuen txapela. Lemoan bizi da Maria Luisa.

14 urterekin Aretara etorri zinenean, bazen zantzoa botatzeko girorik?
Ez. Irrintzia isilduta egon da denbora askoan. Horregatik-edo, Aretatik Lexartzara joaten ginenean, edo Gorbeiara joaten ginenean, libre botatzen genuen zantzoa. “Ze ondo!” esaten genuen. Baina Aretan orduko denboran ezer ez. Orozkoko txapelketa hartan parte hartu arte, isilik. Lagun batek bazekien zantzoa botatzen nuela, eta txapelketara joateko esan zidan, jendea animatzeko. Juanjo Respalditza zen laguna, bertsolaria. Berak darama Orozkoko txapelketaren ardura.

Generoa

“Ez dakit zergatik dagoen hain gizonezko gutxi irrintzilarien artean. Arratia guztian ia ez dut ezagutzen mutil irrintzilaririk, denak neskak. Hala ere, Orozkon bada mutil bat irrintzia oso ondo botatzen duena. Batzuetan, gizonak laburrago botatzen du, baina nire ustez, laburra botatzen baduzu, baina polito, berdin balio du zantzoak. Baina egia da zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta ederragoa dela”.

Noiz botatzekoa da zantzoa?
Hiletetan ere botata nago. Orduan suabeagoa botatzen duzu [eta zantzoa bota digu berriz]. Hiru-lau bider botata nago. Batean, elizan; bestean, Garrastatxun, mendian, Pablo Gorostiagaren andrearen errautsak zabaldu zituztenean. Beste egun baten, Aretako jaietan, herriko bazkarian, andre bat etorri eta esan zidan, erdaraz: “Rakel, ni hiltzen naizen egunean irrintzia bota behar didazu”. “Baina zer ari zara, ordea?!”. Eta berak, ekin: “Rakel, hiltzen naizen egunean zantzoa bota niri, faborez”. Eta hil zen. Eta hileta egunean, joan nintzaion abadeari, eta esan nion zelan nire lagun hark esan zidan zantzoaren kontu hori. Eta abadeak: “Bai, bai. Eta nahi duzun moduan: aldaretik nahi baduzu, aldaretik; eta korutik nahi baduzu, korutik”. Eta korutik nahi izan nuen. Lehenengoz hari bota nion elizan. Eta jendea negarrez. Gero, beste batzuek ere esan didate hildakoan zantzoa botatzeko.

Zantzoa botatzeko momentu alaiagoak ere izango dira, gero!
Bai, eta orduan fuerte botatzen dut zantzoa! Beste egun baten, gure auzoko pertsona bat, asko maite duguna, kartzelan egon eta gero libre utzi behar zuten. Jakin nuen, eta haren familiarekin joan nintzen harrera egitera [Herrera de la Mancha, 2015]. Eta irten zenean, zantzoa bota nion, eta gizajoa, zelan paratu zen! “Honaino etortzea ere, Rakel! Eta niri irrintzia botatzea!”. “Bai, bai, merezi duzu!”. Laudioko alkatea izandakoa zen, Pablo Gorostiaga.

Gaur egun, zuen zantzoa ez dago isildua, eta zuen familian ere hainbatek ikasi du irrintzia botatzen. Zuen adinekotan, hiru ahizpak —Ana Marik, Maria Luisak, zuk zeuk…— ikasi zenuten, eta ilobak ere badatoz.
Bai. Enrikek [neba] ez du ikasi, baina berak dultzaina jotzen du. Belarriz ikasi zuen, inora ikastera joan barik. Enrikek jotzen duen dultzaina gure aitarena zen, aitak ere dultzaina jotzen zuen eta. Gure aita bertsolaria ere izan zen, eta ibiltzen zen batera eta bestera bertsoak botatzen. Basilio Etxebarria Angoitia izan zen. Ez zen famatua izan, baina ibili zen Gernikan-eta. Aita-amek urrezko ezteiak bete zituztenean, [Balendin] Enbeita bera etorri zen bazkarian bertso kantatzera. Arteako Mauriziarekin ere ibilitakoa izan zen gure aita dultzaina jotzen.

Mauriziarekin, gero!
Bai. Oraintxe paratu dute plaka bat Zeanuriko plazan. Han esaten du zelan jaio zen gure aita Zuloa baserrian, eta zelan ezkondu zen Lexartzara gure ama Felisarekin. Eta esaten du artaldea hartu eta joaten zela Bilbora, errege-kabalgatara. Aitak Zeanuriko “Maite Orfeoia”-rekin hainbat emanalditan parte hartu zuen 1948-50ean. Eta, festa zenean, hantxe ibiltzen zen dultzaina jotzen. Arrabako San Inazio egunean batez ere, berak zaintzen zuen-eta aterpea. 1981ean, omenaldia jaso zuen Frantzisko Artzarekin batera. Artzak atabala jotzen zuen, gure aitaren dultzainari laguntzen. Horiek denak paratu dituzte plaka horretan.

Zaldi ero / ARGIA CC BY SA

Zuretik ezpala, hortaz. Zantzoaz ari garela, zer sentitzen duzu zantzoa botatzean?
Halako gauza eder bat gorputz osoan, barru-barrukoa. “Ze ondo!”, esateko moduan. Eta poza.

Nola hartzen du jendeak zantzoa?
Batzuek oso pozik. Beste batzuek ez dute ulertzen. “Nondik datoz hauek!?”, esateko moduan. Beste batzuei, inoiz zantzorik ez irrintzirik entzun ez dutenei, ileak lazten zaizkie.

Irrintzia galtzeko arriskurik bada?
Egon da ezkutatua, baina orain diferentea da. Egon gara Bruselan, Santanderren, Zaragozan… Zaragozan egon ginenean, hangoek beren jotak kantatu zituzten, andaluziarrek euren flamenkoa erakutsi zuten, eta guk geure irrintzia. Jende diferentea elkartzen garenean berba egiten dugu eta bakoitzak berea erakusten du. Zaragozako hartan, mediku bat ere etorri zen, gure eztarriak-eta zelan egiten duen irrintzia esplikatzera.

Zer esango zenioke zantzoa botatzen ikasi nahi duenari?
Ez dela gaitza, saiatzeko, eta ikasteko ondo botatzen. Hasteko irrintzia botatzen. Lehenengoetan ez da ondo aterako, baina berriz saiatu, luzeago, gorago… arnasa hartu barik. Ez dago besterik. Denborarekin ikasiko du irrintzi diferenteak egiten; batean, altuagoa; bestean, baxuagoa… Baxuagoa, adibidez, elizan, edo mendian inoren errautsak zabaltzerakoan. Horietan suabe, baina luzetxo. Gure irrintzilari kuadrillan hasita daude beste modu bateko irrintziak botatzen, bariazioak egiten, baina nik neurea, altuago edo baxuago, baina nik neurea, aita-amei ikasitakoa.

Hementxe gabiltza, zantzo edo irrintzi, Aretara etorriak, baina Arratia erdigune dugula. Bizkaia gainerakoan eta beste euskal herrietan ez da irrintzirik?
Ez dakit, bada, nik! Behin, joan ginen Donostiara eta gure arteko batek irrintzia egin zuen. Ez zuen oso goian amaitu, eta emakume edadeko batek esan zion: “Irrintzia politago da, laburtxoa bada ere, hobeto amaituz gero”. Donostiakoa zen emakume hura, gure adinekoa, eta trikitilaria. 

Azken hitza: transmisioa

“Nire neba Enrikeren alaba Maiderrek polito ikasi du zantzoa botatzen. Eta ikasi du, guri entzunda, ze familiako bazkariak-eta egiteko batzen garenean beti botatzen dugu zantzoa. Beste iloba batek ere, Iratxek, ikasi du. Haren ama da nire ahizpa Maria Luisa, eta zelan amak badakien zantzoa botatzen, alabak ikasi! Ana Marik [86 urteko ahizpa, Zeanuri] ere badaki zantzoa botatzen”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2025-07-20 | Garazi Zabaleta
Aukera Natura
Kuartangoko lursaileko paisaia eraldatzen

Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
EH Bildu: “Ez da nahikoa salaketa, hizkuntza politika ausartak behar dira”

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzakideak prentsa agerraldi batean esan du Eusko Legebiltzarrean dauden "gehiengoak" baliatu beharko liratekeela "hizkuntza politika berri bat ahalbidetzeko". 


2025-07-17 | ARGIA
Jaurlaritzak esan du ez duela bat egiten Auzitegi Gorenaren erabakiarekin

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, “indar politiko batzuk erabaki politikoak judizializatzen ari dira”.


Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erori eta gero

Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.


Baionako eguneko harrera zentroa itxi dute higiene baldintza txarrak direla eta

Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute. 


Migrazio politikak gogortzeko eskuin muturrarekin bat egin du Portugalgo Gobernuak

Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna... [+]


Udaletan euskara normalizatzeko dekretuaren zati handi bat baliogabe utzi du Espainiako Justiziak

Vox alderdi ultraeskuindarraren eskariz EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean baliogabetu zituen EAEKo Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak. Erabaki hura berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ez dago helegiterako aukerarik... [+]


2025-07-17 | Sustatu
WeTransfer: erabilpen baldintza berri ez oso fidatzekoak

Hautsak harrotu ditu azken orduetan Interneten WeTransfer zerbitzu oso praktiko eta erabiliak iragarri dituen erabilpen baldintza berriek, abuztuan jarriko direnak indarrean. WeTransfer da oso fitxategi (edo fitxategi multzo) handiak bidaltzeko modu bat. Ez dira kabitzen e-posta... [+]


Eguneraketa berriak daude