Urriaren 25ean "bira ekofeminista" egingo dute autobusez Araban zehar hainbat erresistentzia esperientzia ezagutzeko. "Emakumeak eta gorputz disidenteak" daude deituak bertan parte hartzera.
"Lurraren defentsan, elikadura burujabetzan eta agroekologian aktibo dauden erresistentziak ezagutzea eta berauek diskurtso feministatik irakurtzea" du helburu larunbatez autobusez egingo duten egun osoko txangoak, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Horrekin batera, bira baliatu nahi dute Euskal Herriko mugimendu feministaren baitan ekofeminismoari buruz hitz egiten jarraitzeko.
Gasteizen 9:30ean elkartuko dira eta goizean Aramaio bisitatuko dute. Eguerditik arratsaldeko lehen orduak bitartean Labrazan emango dituzte eta iluntzea, berriz, Tuestan. Horietako bakoitzean solasaldi formatoan ezagutuko dute bertatik erresistentzia esperientzia bat. 21:00etan Gasteizera itzuliko da autobusa.
Toki horietan eolikoen eta negutegian makroproiektuak dira aztertuko dituzten proiektuak eta begirada feministatik aztertuko dituzte energiaren eta elikaduraren gaia.
Izena emateko epea agortu da, baina autobusean oraindik bada lekuren bat hutsik. Izena eman nahi izanez gero, idatzi ekofeministakbiran@gmail.com helbidera. Antolakuntzak eskatu du alferrik lekurik ez betetzeko, hau da, izena emanez gero konpromisoari eusteko eta gorabeherarik sortu zaionak aurrez abisatzeko, leku hori beste batek erabili ahal izan dezan.
5 euroko ekarpena egitea eskatu dute eguneko gastuei aurre egiteko. Egun horretako hamaiketakoa eta bazkaria antolakuntzak jarriko ditu.