Bortxaketak 2016an gertatu ziren Iruñeko Erripagaina auzoan. Erasoa jasandako bi neskek salaketa jarri zuten, Espainiako Poliziak ikerketari ekin zion, eta denborarekin ikerketa horretako material ugari desagertu zen edo horretan aldaketak gertatu ziren. Ikerketako polizietako bat erasotzaileetako baten koinatua zela jakin zen gero.
Estrasburgoko auzitegiaren esanetan, Poliziak ez zuen egin behar adinako ikerketarik bi emakumezkoek jasandako sexu erasoaren aurrean. Eta hori gertatu zen, batez ere ikerketan bildutako probak Poliziak berak zaintzen zituenean desagertu zirelako, edota manipulatuak izan zirelako. Beraz, auziak ez zuen izan behar diren bermeak ikerketa ondo burutzeko, eta gainera, ikerketa akats horiei emandako erantzuna ere oso desegokia izan zen.
Horren ondorioz, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du bi biktimei 20.000 eurona ordaintzera. José Luis Beaumont abokatuak eraman du auzia Estrasburgoraino eta prentsara bidalitako oharrean jakinarazi duenez, pozik daude emaitzarekin, bere defendatuei denean arrazoi ematen baitie.
Ikertzailea erasotzailearen koinatua
Gertaeren egunetan bi neskek jarritako salaketaren arabera, Iruñeko Alde Zaharreko San Nicolas kaleko taberna batean zeuden bi gizonezkorekin, 2016ko abenduaren 8ko goizaldean. Geroago hirugarren bat ere hurbildu zitzaien –foruzain bat–, baina ondoren horrek alde egin zuen. Momentu batetik aurrera ez dute ezer gogoratzen, bakarrik foruzainarekin hizketan aritu zirela eta gero Erripagaina auzoko etxe batean iratzartu zirela, erasotzaileetako baten etxean, burua guztiz nahastua eta bertan bi gizonezkoak han zeudela. Biluzik ziren, gorputza minberatuta zuten, eta batek beltzuneak lepoan.
Itxura guztien arabera, bortxaz egindako sexu abusuak jasan zituzten neskek, eta ez zuten gogoratzen sexu harremanetarako baimenik eman izana. Haien ustez, drogaren bat-edo edanarazi zieten oharkabean eta horrek egoeraren kontrola galtzea ekarri zien; ez zuten ezer gogoratzen.
Egun batzuetara nesketako batek ospitalera joan behar izan zuen jasaten zituen minak eramanda. Ospitalean ondorioztatu zuten min horiek bat zetozela bortxaketa baten ondorioz izan daitezkeenekin, eta sexu erasoaren protokoloa abiarazi zuten. Orduan, neskek gertatutakoa salatu zuten.
Osasun zerbitzuen protokoloa Iruñeko Espainiako Poliziaren eskuetara iritsi zen, ikerketari ekin zitzaion eta denbora gutxira bi erasotzaileak atxilotu zituzten. Horietako bat ikerketa zeraman polizia taldeko kide baten koinatua zen. Geroago, auzitegietan, Polizia buruek adierazi zuten bi gizonek sekulako lasaitasuna erakutsi zutela atxilo hartu zituztenean, hori ez dela batera ohikoa, eta haien ustez polizia-koinatuak jakinarazi zien atxilotuak izan zitezkeela.
Ikerketako materialaren desagertzea
Ikerketaren material eta datu asko desagertu ziren, hala nola poliziaren koinatuaren telefonoaren adituen txostena. Atxilotuei hartutako telefonoak aktibatu zituzten Iruñeko Espainiako Poliziaren Etxean eta hainbat datu eta artxibo borratu zituzten. Poliziaren goi arduradunek, halaber, ezabatu zituzten disko gogor batean gordetzen ziren atxilotuen telefonoei egindako azterketak.
Era berean, gertaeren tabernako bideo batzuk ere desagertu ziren eta beste batzuk manipulatu zituzten. Edo besteak beste, ikusi izan zen polizia-koinatuak sarrera izan zuela ikerketaren datuetara, bere koinatua atxilotu aurretik. Baina hori guztia bakarrik jakin izan zen urteetara, auziaren aldeek ikerketari buruzko datuak eskatu eta Espainiako Poliziak eman ez zituenean. Horregatik guztiagatik, Estrasburgoko auzitegiak ondorioztatzen du ikerketa ez zela bermez egin eta ez zela egokia izan, eta gainera deitoratzen du agintariek ez zutela behar beste zaindu auziaren ikerketa.
Auzi honetan guztian egon den epaiketa bakarrean, polizi-koinatua bakarrik eseri da akusatuen aulkian eta epaileak absoluzioa eman zion.