Martxoan zainketa aringarriekin hasi, eta maiatzean zendu zen Junkalen eta Iñakiren alaba. Etxean egin zuten prozesua, eta nabarmendu dute premiazkoa dela Osakidetzaren zaintza aringarrietako arreta hogeita lau ordukoa izatea: "Asteburua heltzen zenean, beldurra sentitzen genuen erabaki asko hartu behar genituelako medikurik gabe".
Bost hilabeterekin diagnostikatu zioten minbizia Aiuriri. Ordutik, kimioa, radioa eta beste tratamendu asko egin ostean, iaz, tratamendua amaitu eta irudietan ez zela deus agertzen esan zieten gurasoei. Onkologoak esan zien urte eta erdi pasa behar zela irudietan ezer agertu gabe. Hiru hilabetero egiten zizkioten probak, eta aurtengo martxoan, lau urte zituelarik, minbizia “oso zabalduta” zegoela eta metastasia zuela esan zieten. Ez zegoenez beste tratamendurik, martxoan zainketa aringarriekin hasi, eta maiatzean zendu zen Aiuri.
Junkalek eta Iñakik, zainketa aringarriak Bizkaiko Gurutzetako ospitalean jaso ordez, etxean egitea erabaki zuten. “Prozesu onkologikoan zehar orokorrean oso eskertuta gaude jasotako arretarengatik, Aiurik ez zuela sufritu sentiarazi digutelako, bizitza polita izan duelako eta gainera, medikuek uste zutena baino luzeagoa izan delako”, esan du Junkalek. Halere, nabarmendu dute premiazkoa dela zainketa aringarrietako arreta hogeita lau ordukoa izatea.
Hasieran, ez zekiten prozesu osoa etxean egiteko aukerarik izanen zuten, baina azkenean ez dira ospitalera itzuli behar izan. “Esan ziguten erosoago egonen zela, zortzi hilabeteko haurdunaldia neukan eta ez nintzen ikusten joan-etorriak egiten”, kontatu du Junkalek. Iñakik etxean egotearen beste alde on batzuk gehitu ditu: “Etxean Aiuri bere jostailuekin zegoen, telebista ikusten egon zitekeen lasai eta Izar jaio ondoren denok batera egoteko aukera genuen. Gainera, Aiurik egunero jatetxe batera joan nahi zuen bazkaltzera. Ospitalean egon izan bagina, ezingo genukeen”.
"Etxean, Aiuri bere jostailuekin zegoen, telebista ikusten egon zitekeen lasai eta Izar jaio ondoren denok batera egoteko aukera genuen. Ospitalean ezingo genukeen"
Diagnostikoa jaso zutenean, ospitalizazioak “oso gogorrak” izan direla kontatu dute. Izan ere, salatu dute langileen ardura ez den arren, ospitaleko segurtasun protokoloak “oso zorrotzak” direla eta ez daudela egokituta bi urtetik beherako umeentzat. Adibidez, kimioa garraiatzeko hodia ez askatzeko, ezin zuten sehaskatik atera eta besotan hartu. “Segurtasun protokoloak lehenetsi baino, haurraren bizitza kalitatea eta aurretik zituen zaintza ohiturak errespetatzeko minimo batzuk bete behar dira”, esan du Junkalek. Horregatik, zainketa aringarriak ospitalean jasotzearen beldur ziren.
Zainketa aringarriekin hasi zirenean, Osakidetzako langileak egunero ordu bat joaten ziren ikustera nola zeuden eta jarraibideak ematera. “Emozionalki sostengu handia izan ziren. Erakutsi ziguten nola izanen ziren azken egunak, eta esan ziguten Aiuri gutxika itzali eta bere barne-mundura joanen zela, gauza asko eskatuko zituela eta oso ondo egiten ari ginela. Aiurik geroz eta jende gutxiagorekin egon nahi zuen, orduan, familia moduko bat izan ziren guretzat”, dio Junkalek.
Astelehenetik ostiralera eta 08:00etatik 15:00etara baino ez dago zabalik zainketa aringarrietako zerbitzua. Halere, lan orduetatik kanpo zeozer behar izatekotan, mezu bat idatzi edo deitzeko aukera eskaini zieten. “Ondoan zeudela jakin arren, asteburua heltzen zenean beldurra sentitzen genuen, erabaki asko hartu behar genituelako medikurik gabe. Bagenekien borondatezko zerbitzua zela eta ez genuen enbarazu egin nahi. Nekatuta zeudela ikusten genuen askotan”, azaldu du Iñakik.
Esate baterako, medikuek jarritako morfina ez zenean aski, erabaki behar zuten gehiago eman edo ez. Iñaki arduratzen zen batez ere horretaz, eta aitortu du ez zela erraza: “Gure kasuan Aiurik ez zuen argiki esaten mina zuela eta oso aldakorra zen. Orduan, zaila zen ikustea ondo edo txarto zegoen. Igual medikamentua pixka bat igota hobeto zegoen, baina ondorioak ere bazituen horrek”. Nahiz eta mina arintzeko izan, “gehiegi” ematearen beldur ziren. Nabarmendu dute “oso gogorra” izan dela prozesua.
Osakidetzak kargu hartu zien osasun arloko langileei, Aiuri lan ordutegitik kanpo artatzeagatik
Argi zuten zerbait behar izatekotan ondoan egonen zirela. Alabaina, Iñakik salatu du horrelako prozesu bat bizitzeak eragiten dituen min eta beldurrez aparte, hogeita lau orduko arretarik ez egoteak “gehiago zamatzen” zituela: “Errazagoa litzateke jakinez gero telefono batera deitu eta bere txanda egiten ari den eta atseden hartu duen pertsona bat etorriko dela. Bestela, ematen du mesede bat edo behar duzuna baino gehiago eskatzen ari zarela”.
Gainera, prozesu onkologikoan zehar ikusi dute zailtasunik handienak gauean edo asteburuetan agertzen direla; justu arretarik ez dagoenean. Horregatik, Faltan Botatzen Dugu plataformak eskatzen du zainketak egunero eta hogeita lau orduz izatea. Bi erizain, psikologo bat eta bi pediatra aritu dira familiaren jarraipena egiten. Aiuri hil eta hurrengo egunean, Osakidetzak kargu hartu zien osasun arloko langileei, Aiuri lan ordutegitik kanpo artatzeagatik eta ospitaleko baliabideak erabiltzeagatik. Horien artean, pediatra batek ordu txikitan joan behar izan zuen Aiuri zendu aurreko egunean eta egunean bertan. Junkalek azpimarratu du medikuaren presentziak osasun ardurak askatu, eta “lasaitasuna” ematen ziela: “Horri esker, gure alaba agurtzen jarri genezakeen arreta. Gainera, lasaitasuna ematen zigun Aiurik ez zuela sufritzen jakiteak”.