Lantegia espazioa, Esperantza liburutegia, Arte Ederren Museoko eta Euskal Museoko lanak, Urdaibaiko Guggenheim proiektua... Ugari dira Bilbon eta Bizkaian kulturaren ikuspegi utilitarista eta pribatizazioa agerian uzten dituzten adibideak. Alde Zaharreko haur eta gazteentzako liburutegiaren kudeaketa publikoaren alde Bilboko Liburuzainek darabilten borrokaren haritik tiraka Euskal Herri osoan errotutako joera aztertu dugu.
Urte eta erdi luzetxo daramate Bilboko Liburuzainek borrokan, Alde Zaharreko Esperantza eraikineko haur eta gazteen liburutegia, Udal Liburutegien Sareko gainerakoak bezalaxe, langile publikoek kudeatu dezatela exijitzen. Auzokideen “aldarrikapen historikoa” izan den liburutegia, Bilboko Udalak esku pribatuaren menpe utzi du bere kudeaketa, zerbitzuaren eta bertako langileen kaltetan. Horrez gain, lizitazio prozesuan zehar izandako gardentasun falta kritikatu dute.
Esperantza liburutegiarena Bilbon eta Bizkaian orokortua den azpikontratatze joeraren baitan kokatzeko, hitzaldia antolatu zuten martxoaren 3an Bidebarrieta Liburutegian, Kulturaren pribatizazioa goiburupean. Haizea Barcenilla ikerlari eta Arte Ederretako irakaslea eta Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetaria aritu ziren hizlari; bien artean zirriborratu zuten Bilbon eta Bizkaian bereziki errotua den kultur munduaren pribatizazioaren mapa.
Solasaldian aipaturikoetatik ez ezik, Bilboko Liburuzainak kolektiboko Goiuri Eguzkiza eta Idoia Delgadorekin izandako elkarrizketatik abiatuta ondu du ARGIAk hurrengo erreportajea. Bilboko Gazteria eta Kultura sailekin harremanetan jartzen ahalegindu gara, baina ez dugu erantzunik jaso.
Esperantza haur eta gazte liburutegia
Bidebarrieta Liburutegiko langileek 2023ko udan jakin zuten handik 300 metro eskasera zabaltzear zegoela Esperantza liburutegia, haur eta gazteentzako izango zena, Alde Zaharreko elkarteek urtetan eskatu bezala, baina kudeaketa pribatua izango zuela. “Harriduraz eta haserre” jaso zuten notizia, eta liburuzainen kolektiboa sortu zuten berehala. Ordutik, kexu dira Udal Liburutegien Sareko zuzendari Itziar Follak ez zielako ezer esan, “ekintza gaitasunik” izan ez zezaten.
Horiek horrela, abagune oso txikiarekin abiatu zuten borroka; artean, kontratuaren oinarri teknikoak argitaratuta zeuden, baina lizitazioa ez. Lehiaketa geldiaraztea izan zen Bilboko Liburuzainen lehen eginahala. LAB sindikatuak bideratu zuen prozedura administratiboa eta lehen instantzian geldiaraztea lortu bazuten ere, 2024ko urtarrilean azkenengo instantziak bide eman zion lizitazioari.
Lehen ekinbidea zapuztuta, liburuzainak auzoko eragileekin eta udalbatzako alderdi politikoekin jarri ziren harremanetan —EAJren eta PSE-EE-ren erantzunik ez zuten jaso—, eta bilera bat eskatu zuten udal ordezkariekin. Gonzalo Olabarria Kultura zinegotziarekin, Iñaki López de Aguileta Kultur arloko zuzendariarekin, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziarekin, Itziar Folla Udal Liburutegien Sareko zuzendariarekin eta Gazteria Saileko teknikariarekin elkartu ziren, zera eskatzeko: Bilboko Udalak liburutegiaren zerbitzua langile publiko bidez bermatzea, baliabideak bazeudela horretarako, eta kudeaketa pribatizatzeko asmo edota arrazoien gainean azalpenak ematea.
Bi argudio nagusi jaso zituzten: batetik, haur eta gazteentzako Esperantza liburutegiak ordutegi zabala izan behar zuela eta, antza, udal langileek ezingo zutela bete; eta, bestetik, proiektu “transbertsal, komunitario eta kolaboratiboa” izatea nahi zutela. Izan ere, Esperantza liburutegiaren kudeaketa eraikin berean dauden Haurgunearekin eta Gaztegunearekin batera lizitatu zuen Udalak. Azken bi zerbitzu horiek erabat azpikontratatuta daude Bilbo osoan, eta horietako asko Esperantzako lehiaketa irabazi zuen Hazian Kultur Elkarteak kudeatzen ditu.
Liburuzainen kolektiboko Goiuri Eguzkizak uste du urte eta erdiren ostean argi geratu dela “argudiook gezurra” zirela. Izan ere, gaur egun, liburutegia arratsaldez baino ez dago irekita, eta iragan udan bi hilabetez egon da itxita. Ez hori bakarrik, elkartearen temari esker lortu zuten astean zehar ordutegia egunean ordubete gehiagoz luzatzea eta larunbatetan arratsaldez ere zabalik egotea. “Hainbeste txalotzen zuten eredu parte-hartzaile hori aldebakarrekoa izan da, eta nahiz eta auzoko talde eta eragileekin bilerak egin dituzten, ez dituzte haien beharrak eta kexak aintzat hartu”, gaineratu du Eguzkizak.
Bilboko Udalak eskaintzen
dituen Haurgunea eta
Gaztegunea zerbitzu
guztiak enpresa pribatuek
kudeatzen dituzte, nagusiki
Hazian Kultur Elkarteak
Kolektiboko kide Idoia Delgadok, berriz, nabarmendu du auzoetako liburutegietan eragileekin lan komunitarioa egiten dutela urte osoan, eta udalak argudio horiek “pribatizazioa justifikatzeko” baino ez dituela erabiltzen. Duela pare bat urte, Basurtuko liburutegian, Esperantzarekin egin duten gauza bera egiten saiatu zela seinalatu du Delgadok, hots, Gazteria Sailaren barruan dauden proiektuak liburutegiarekin batera lizitatzea. Orduko hartan, langileen erresistentziari esker lortu zuten liburutegiaren kudeaketa publikoari eustea.
Garrantzitsua da azpimarratzea Bilboko Udalak eskaintzen dituen Haurgune eta Gaztegune zerbitzu guztiek kudeaketa pribatua dutela eta Gazteria Sailaren barruan kokatzen direla. Udal Liburutegien Sarea, ordea, Kultura Sailaren mende dago. Bestalde, Esperantza liburutegiaren eraikin berean kokatuta dagoen pilotalekua jada ez dago herritar ororentzako zabalik: Bilbao Kirolak erakundeak kudeatzen du orain, eta bertako erabiltzaile edo pilota elkarteko kide izan beharra dago baliatu ahal izateko, Udalak lanak hasi baino lehen auzokideei agindutakoaren kontrara.
Udal langileak, enpresa pribatuarentzako lanean
Esperantza eraikinaren kudeaketan “anomalia” bat gertatzen dela azaleratu du Eguzkizak. Liburutegiaren kudeaketa Haurgunearenarekin eta Gaztegunearenarekin batera lizitatu zenez, Gazteria Sailaren barruan dago Esperantzako haur eta gazteen liburutegia, Udal Liburutegien Sarean egon eta bertako aurrekontua, funtsak eta baliabideak baliatuagatik ere.
Bidebarrietako liburuzain diren langile publikoek kudeatzen dituzte Esperantzako eskariak eta erosketak, prozesu tekniko guztiak betetzen dituzte eta bertara bidaltzen dituzte liburutegien garraio zerbitzuaren bidez. Bertan eskaintzen den animazio programazioa ere udal liburuzainek kudeatzen dute. “Paradoxa handia gertatzen da: udal langileok enpresa pribatuarentzako ari gara lanean”, salatu du Eguzkizak. Liburuzainak zehaztu du Hazian Kultur Elkarteak zerbitzua emateagatik 300.000 euro baino gehiago jasotzen dituela, BEZa Udalak ordaintzen duela eta liburutegiko funts guztiak Kultura Sailetik ateratzen direla. “Gure azpiegitura eta kanal guztiak erabiltzen ditu musu-truk”, erantsi du.
Ez hori bakarrik: eraikina Bilboko Udalarena denez eta haren iruditegi korporatiboa nonahi ageri denez, erabiltzaile askok ez dakite zerbitzua azpikontratatuta dagoela eta bertako langileak ez direla funtzionario publikoak. “Engainua” izateaz gain, zerbitzuaren kalitateari kalte egiten diola salatu du Eguzkizak, bertako langileek baldintza “oso prekarioak” dituztelako. Halaber, gaineratu du lehiaketan Bilboko Udalak ez zuela jaso liburuzainak izan beharreko esperientziaren gaineko zehaztapenik, Haurguneko eta Gazteguneko langileekin egin ez bezala: “Badakite zer egiten duten, dena dute lotuta”.
Eguzkizak eta Delgadok argi dute Esperantzako kasua ez dela salbuespena, eta gogora ekarri dituzte Azkuna Zentroko Lantegia, Bilbao Musika, anbulantzien zerbitzua, Bilbo Bus, Bilbao Kirolak, etxez etxeko arreta zerbitzua eta adinekoen egoitzak, besteren artean. Areago, ohartarazi dute Bilboko Udal Liburutegian aspaldi daudela pribatizatutako zerbitzuak; esaterako, Garellanoko kanpo-biltegia 2013an eraitsi zen, “izugarrizko negozio espekulatiboa eginda”, eta geroztik Archivos Basurto enpresak kudeatzen du.
Guggenheimetik hasi eta museo txikienetara
Azpikontratazioen bidez pribatizatzen dena zerbitzuaren kudeaketa denez, zaila da herritarrengan duen eraginaz jabetzea. Martxoaren 3ko solasaldian Haizea Barcenillak azaldutakoaren arabera, 1990eko hamarkadan agertu zen Euskal Herrian kultur munduaren jarduteko modua aldarazi zuen lehen elementua, Guggenheim museoa, hain zuzen. Barcenillak uste du proiektua hasiera-hasieratik diseinatu zutela “industria krisiaren aurrean zerbitzuen sektorera igarotzeko irtenbide” gisara, eta ez kultur proiektu moduan.
Guggenheim museoa eraiki zuten garaian, Euskal Herriko arte ederren museo gehienak publikoak ziren, baina fundazio pribatu gisa zabaldu zuten hura, ekarpen publikoak lagunduta. “Lankidetza publiko-pribatu gisa aurkeztu zen, baina lankidetza arraro samarra da: alde publikoa dirua jartzea da eta pribatua kudeatzea”, zehaztu du Barcenillak. Guggenheimek urtean hamar edo hamabi milioi euroko aurrekontu publikoa du, baina erabat modu pribatuan kudeatzen da, kontratazioak egiteko orduan zein eguneroko kontuetan.
Eraikina Bilboko
Udalarena denez, iruditegi
korporatiboa ageri da
nonahi. Erabiltzaile
askok ez dakite zerbitzua
azpikontratatuta dagoela
Museo publikoetatik fundazio pribatuetarako iragatea “eredu aldaketa garrantzitsua” izan zela ziurtatu du Barcenillak. Izan ere, horren ostean Bilboko Arte Ederren Museoa fundazio izatera igaro zen, eta Gasteizko Artium fundazio moduan jaio zen. “Egun ditugun arte ederren museo handi gehienak fundazioek kudeatzen dituzte, ez dira guztiz publikoak, nahiz eta jasotzen duten diru gehiena publikoa izan”, laburbildu du irakasleak.
Neurriz kanpoko eraikuntza lanak
Kulturaren ikuspuntu “utilitario” horren baitan, museoetatik etekin ekonomikoa ateratzeko beste modu adierazgarri bat eraikuntza sustatzea dela azaldu du Barcenillak. Bilboko museo gehienak oso eraikin adierazgarri eta garestietan daude, eta, ikerlariaren hitzetan, Guggenheimek ireki zuen bide hori.
Arte Ederren Museoan eta Euskal Museoan gaur egun egiten ari diren obren adibideak jarri ditu mahai gainean Barcenillak: bere esanetan, bietako batek ere ez dio erantzuten museook duten arazo handienari, gordailurako espazio faltari, alegia. Arte Ederren Museoaren obra “guztiz neurrigabekotzat” jotzeaz gain, gogoratu du hasierako hemezortzi milioi euroko aurrekontua 42 milioitan dagoela orain, lanak amaitzeko oraindik urtebete falta denean.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko Biosfera Erreserban eraiki nahi duen Guggenheim Museoaz ere oroitu da Barcenilla: “Herritarren iritziaren gainetik inposatu nahi dute proiektua eta ekonomian izango duen eragina baino ez dute aipatzen, inork ez daki zer kultur proiektu egin nahi duten ez zer funtzio izango duen”.
Hala, egun Bizkaiko museoek duten helburu bakarra “turismoa erakartzea” dela berretsi du Barcenillak, “ez kultura sustatzea eta bertan bizi garenon bizitza artistikoa indartzea”. Eredu honen arriskuaz ohartarazi du: “Museoak eredu pribatura bultzatzeko presio horren bidez, kulturaren berezko balioak gutxiesten dituzte, ez zaie axola kulturaren balio sinboliko eta adierazgarria”.
Azkuna Zentroko zuzendariaren dimisioa bultzatu zuen mugimendua
Sona berezia hartu du Bilbo erdiguneko Azkuna Zentroko Lantegia espazioan gertatu denak, zuzendariaren itxurazko bat-bateko dimisioak. Hain justu ere, hori etorri zen Udalak jakinarazi zuenean artista eszenikoei zuzendutako proiektuaren espazioa La Caixa fundazioari lagako ziola, azken horrek STEAM gela bat irekitzeko. Fernando Pérezek abenduaren 12an aurkeztu zuen dimisioa, La Caixa erdian sartzea “kudeaketa ereduaren gaineko desadostasunetan azken tanta” zela argudiatuta. Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean, 160.000 euro emango dizkiote La Caixari, eta obra egingo diote.
Barcenillak prozesu guztiaren gardentasun falta kritikatu du: “Dena egin dute ezkutuan; Gabonak hasi baino astebete lehenago iragarri zuten eta zuzenean zuzendariaren dimisioa etorri zen, erabakia hartuta zegoelako”. Uneotan, Bilboko Udalak oraindik ez du zuzendariaren plaza bete, eta Bilbao Arteko zuzendaria ari da bi proiektuak kudeatzen; Barcenillaren ustez, bi plazak batzea “oso kaltegarria” izan daiteke. Azkuna Zentroan hiru proiektu daude –liburutegia, kiroldegia eta proiektu kulturala–, eta hirurak esku pribatuek kudeatzen dituzte.
Hazian, Alaiki eta Ortzadar
Aipatutako adibideokin, Barcenillak hitzaldian salatu du Bizkaiko museo txiki guztiek pribatizazio prozesuak jasan dituztela eta lizitazio guztiak Alaiki eta Ortzadar elkarteek “monopolizatu” dituztela. Ahoztar Zelaieta kazetariak berretsi du Bilbon eta Bizkaian kultur espazio gehienak Hazian, Alaiki eta Ortzadar elkarteek kudeatzen dituztela, eta ia ezinezkoa dela haiekin lehiatzea. Zelaietaren hitzetan, hiru enpresak EAJren gertukoak dira eta “aukera berdintasunaren printzipioa higatzen ari dira”.
Izan ere, kazetariak argitu du Alaiki enpresa 1990eko hamarkadan sortu zutela Gotzon Bilbao Leioako zinegotzi eta BBBko kide izandakoak eta Andoni Busquets Basauriko alkate ohiak. Zelaietaren arabera, EAJk aurrez “ondo baino hobeto” zekien zerbitzu horiek pribatizatuko zituztela, eta horretarako sortu zuten elkartea. Urte batzuk geroago sortu zuten Hazian Kultur Elkartea, “Alaikiri ustezko konpetentzia egiteko”. Urte luzez Iñigo Iturrate izan zuen zuzendari, Bizkaiko Batzar Nagusietako ahalduna eta Kultura batzordeko bozeramailea zela; gero, Iturrate EAJren legebiltzarkide izan da hamabost urtez. Zelaietaren esanetan, Sabino Arana fundazioaren eraikin berean dute egoitza Hazian, Uztarri eta Gaztetxoak elkarteek: “Erabateko zigorgabetasuna dute, ez dute ezkutuan egin beharrik”.
Hiru enpresen artean Bizkaiko kultur zerbitzu gehienak kudeatzen dituztela azaldu du Zelaietak hitzaldian: Bizkaiko liburutegi andana, Santimamiñe Kobak, Gaztelugatxeko bisitarien harrera-gunea, hainbat udaletako proiektuak... Haren esanetan, enpresok abantaila izaten dute lehiaketak irabazteko, urteetako esperientzia dutelako eta aurrez oinarriak ezagutzeko aukera dutelako: “Ahaleginak ahalegin, ezin da merkatuan bezero-sare horiekin lehiatu, salbu eta alderdikidea bazara”.
Kultur mundua, “geldi”
Hizketaldian, Barcenillak nabarmendu du oro har kultur mundua “isilik” egoten dela horrelako egoeren aurrean. Arrazoia? Dirulaguntzen sistemak sortzaileak “lotuta” dituelako. Mendekotasun horrek “segmentazioa” eragiten duela azaldu du: “Errepresalien beldur handia dago, jendea isilik mantentzeko modu bat da. Laguntzak prekarioak eta puntualak dira, eta urtez urte aurkeztu behar direnez, ez dago alternatibak bilatzeko tarterik”.
Horretaz aparte, behin zerbitzuak pribatizatuta atzera egitea “oso zaila” dela seinalatu du Zelaietak: “Alde pribatuan zenbat eta denbora gehiago egon, orduan eta zailagoa da egoera lehengoratzea eta publikora itzultzea, mota desberdinetako kontratuak dituzten langileak daudelako lanean eta hori berdintzea oso zaila da”. Era berean, gogoratu du enpresari kalte-ordainak ematea saihesteko indarrean dagoen kontratua amaitu arte itxaron behar dela. Zelaietak argi esan du kultur munduan negozioa ez dela soilik kudeaketa, “baita eraikuntza eta kontratazioa ere”.
Horiek horrela, Bilboko Liburuzainek borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu dute. Iazko urtarriletik ia hilero egin dituzte elkarretaratzeak, eta aurtengo urtarrilean udalbatzara joan ziren Bihotzean Auzo Elkartearekin batera. Salatu dute “oso gaizki” tratatu zituztela, eta landu nahi zituzten bi puntuetatik bakarra aipatzen utzi zietela. Izan ere, Esperantza liburutegiaren lizitazioa gelditzea eta pilotalekuan edonor sartu ahal izatea eraman nahi zuten udalbatzara, baina lizitazioa astebete lehenago luzatu zuten bi aldeek. Egunean bertan jakin zuten liburuzainek, eta pilotalekuaren afera aipatzen baino ez zieten utzi.
Esperantzako proiektu berriarekin, Alde Zaharreko auzokideak kexu dira leku komunitario bat galdu dutelako, orain ezin baitute frontoia modu librean erabili. Horrez gain, Esperantzako Haurgunea eta Gaztegunea jartzeko San Frantzisko auzokoak kendu izana salatu dute. Bi guneentzako aurrekontua bera da orain, baina San Frantziskon haur eta gazte liburutegia eta familia zaurgarrientzako programak baino ez dituzte mantendu. Animazio programazio gehiena Esperantza eraikinean egiten dute orain, eta San Frantziskokoak erabiltzaile gazte asko galdu ditu. “Horrek ume, gazte, zein familia zaurgarriak gizartean txertatzea oztopatzen du eta ghettoa iraunkortzen da”, esan du Delgadok.
Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]
O plazan garatuko dute egitaraua. Bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste.
Ehunka lagun mobilizatu dira berriz Gasteizen, txosnetan GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka mantentzen duten betoa dela-eta, irtenbide bat aldarrikatzeko.
Joan den asteko asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean istiluak izan ziren Martzillan (Nafarroa), eta hainbat bizilagunek harriak eta aulkiak jaurti zizkieten zentroan zeuden etorkin adingabeei. Bizilagunak kalera irten ziren igandean, "herri seguru bat defendatzeko"... [+]
Oporretan nago baina oraindik ez dut zutabea hasi. Oporretan nago baina nire gelak ez du igarri. Oporretan nago eta etxeko hautsa ez da mugitu. Oporretan nago eta topaguneko kanpin dendak lokatzez beteta jarraitzen du egongelan. Oporretan nago baina nire agenda ez da... [+]
CAFek urteroko akziodunen batzarra egin duen egun berean, Jerusalemgo trenaren martxan duen tren proiektua bertan behera uztea exijitu diote Donostian eginiko manifestazioan. Amnesty Internationalek hitza hartu du tren ekoizlearen akziodunen batzarrean, eta Israelen "legez... [+]
Hainbat urtetan jarduera hezitzaileak gazteleraz jaso ostean, bi urte direla Zabalgana ikastetxeak euskara hutsean ematea eskatu zion auzoko osasun zentroari. Osasun zentroko arduradunek diote ez dutela horretarako baliabiderik. Osakidetzak egoera ikasturte honetan... [+]
Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan Bizkaiko Kimuak ernamuinduen proiektuak, baina hasierako bultzatzaileak erretiratu dira eta erreleboa hartu berri dute Mikel Landa Luzarragak eta Asier Iñigo Oraindik. Ernamuindutako kimu freskoak ekoizten dituzte batik bat,... [+]
Nafarroako landa gune asko daude despopulazio arrisku larrian eta horietako bat da Urraul Goiti Pirinioaurreko bailara. Hango Adoain herrian biztanle bakarra bizi da iraunkorki eta 93 urte ditu. Han da ere Perotx oinetxe zaharra eta berau birgaitzeko herri ekimena abiarazi dute.
Erasoa Bilboko kale horretako ile apaindegi batean egin zuten maiatzean. Erasoa grabatua izan zen eta auzokideek salatu zuten.
Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.
Ondo Etorri Laudio Harrera Herria sortu dute, kale egoeran bizi diren pertsonen “bidelagun” izan eta “mugimendu arrazista zein xenofoboen aurka” borrokatzeko. Eskualdeko ikuspegiarekin landu nahi dute gaia, eta “lanean” jartzeko deia egin... [+]
Dagoeneko 30 hiri inguru batu dira politika migratorioen eta militarizazioaren aurkako protestetara eta larunbaterako 1.800 hiritan dituzte protestak deituta. Los Angelesen egin bezala, hiri horiek ere militarizatzeko xedea aipatu du Trumpek. Guardia Nazionala hedatu dute... [+]
Emaitza positiboa eman zuen iragan abuztuan egindako testak, baina Polizia Zientifikoaren laborategira bidali baino lehen Ondarroako komisariatik desagertu zen frogen poltsa.
Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]