Asteartean hasi eta ostiralean bukatuko da Zestoako (Gipuzkoa) sei herritarren aurkako epaiketa. Donostiako epaitegiaren kanpoan egunero izan den kontzentrazioak gogorarazi du “elkartasun feminista” epaitu dutela epaitegiko ateez bestaldean. Salatzaileak ez ditu kartzela zigor eskaerak kendu.
“Derrigortze” eta “integritate moralaren aurkako” delituak epaitu dituzte, justiziaren izenean, Donostiako epaitegietan asteartetik ostiraleraino. Epaitutako Zestoako (Gipuzkoa) sei akusatuak babestera etorritako jende andanak, ordea, “elkartasun feministaren” aurkako epaiketa dela salatu du, eta ez du horretarako zantzurik falta: defentsaren arabera, indarkeria matxistaren biktima zen emakume bat eta bera babesten aritutako bost lagun salatu ditu emakumearen bikotekide ohiak. Hiru eguneko epaiketaren ostean, fiskaltzak baztertu egin ditu kartzela zigorrak –salatzaileak bost urte eskatzen zituen bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat, eta gainontzeko akusatuentzat laukoa–; bikotekide ohia absolbitzeko eskatu du, baina gainontzekoentzat zortzi hilabetez eguneko seina euroko isuna eskatu du; alegia, 1.450 euro inguru buruko. Epailearen esku dago orain erabakia; gizonak, salatzaileak, ez du zigor eskaerarik aldatu.
Hedabideetan zein kalean presentzia handia hartu du asteon izandako epaiketak. Ostiraleko konklusioen zain, kartzela zigorrak baztertuta dituzte sei akusatuek. Edonola ere, epaiketa bezperan Zestoan izandako kontzentrazio jendetsuan zein epaiketa kanpoan izandakoetan, Zestoako Mugimendu Feministak salatu du “sinestezina” dela elkartasun feministaren aurkako salaketa epaiketetaraino heltzea, eta horrek agerian uzten duela sistema judizialaren “izaera heteropatriarkala”.
Hiru eguneko epaiketan, lehenengoan akusatuaren eta bere lekukoen txanda izan da. Gizonak adierazi du sei akusatuek, bikotekide ohiak eta haren bost lagunek, “bere aurkako kanpaina” egin zutela, “frogatu gabeko akusazio faltsuak zabalduz eta bere bizitza soziala hondatuz”. Lekuko gisa Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuetako langileak izan dira. Bigarrenean izan zen defentsaren eta Arartekoaren txanda izan da, eta emakumea “beldur bizian” bizi zela deklaratu dute; Oihana Elduaien Berria egunkariko kazetariak zehatz kontatu ditu kronika honetan emakumeak bizi izandakoak. Egun horretan bertan izan da Arartekoko letraduna, Maria Luisa Agirretxe, eta hain zuzen ere, salatu du gizarte zerbitzuek ez zutela inpartzialtasunez jokatu: emakumeak bertan egindako lehen deklarazioan indarkeria matxistaren inguruko pasarte garrantzitsuak txostenetik kanpo utzi baitzituzten.
Hirugarren egunean heldu da fiskalaren txanda, eta orduan erabaki du kartzela zigorra mahai gainetik kentzea. Horretarako arrazoia, jada aurreikusita zegoena: fiskalak baieztatu du ez dela egon gizonaren integritate moralaren aurkako erasorik, baina bai “hertsatze” delituaren zantzuak. Hori horrela, bikotekide ohia absolbitzeko eskatu badu ere, gainontzeko bost akusatuei isuna jartzeko eskaera egin du: zortzi hilabetean egunean seina eurokoa. Laugarren egunean izango dute konklusioetarako tartea, eta epailearen erabakiaren zain geratu beharko dute akusatu zein babesa adierazi dien dozenaka lagunek.