Sanferminetan jasandako errepresioa salatu dute Iruñerriko hainbat kolektibok

  • Lan politikoari lotuta 50 identifikatu, bi atxilotu eta 8.000 euroko isunak utzi dituzte aurtengo sanferminek.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko abenduaren 18an - 08:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzera" deitu dute asteazkenean Iruñerriko hainbat eragilek, aurtengo San Fermin jaietan jasandako errepresioari erantzunez. Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak (AZGM), Indar Gorrik, Harituk, Jardunek eta Mugimendu Sozialistak egin dute salaketa: propaganda politikoa jartzeagatik eta aldarri politikoak plazaratzeagatik, jende andanak jasan zuen Espainiako Poliziaren eta Iruñeko Udaltzaingoaren jazarpena sanferminetan.

Horren ondorio da uztailaren 6an hamaika pertsona jipoitu izana, lagun bat atxilotu izana eta 50 identifikatu izana; edo, gerora, txupinazoagatik bigarren pertsona bat atxilotu eta 8.000 euroko isunak pilatu izana, jardun politikoagatik. Tartean da jota aldarrikatzaile bat abesteagatik jarritako isuna, 2.400 eurokoa.

Agerraldian, "gizarte justu honen aurkako protesta berretsi" dute aipatutako kolektiboek, eta azaldu dute "Iruñerriko kaleak aldarrikapenez betetzen jarraituko" dutela, "bai sanferminetan bai urte osoan zehar". "Poliziaren inpunitatea, normalizazioa eta jarduera politikoaren aurkako erasoak eta errepresioa salatzeko indarrak batzera" deitu dute, eta zenbait hitzordu jarri dituzte urte hasierarako: pintxo-potea antolatu dute urtarrilaren 3rako, eta kontzertu bat urtarrilaren 5erako.

Instituzioak eta polizia-indarrak eskutik, aldarri politikoak isiltzeko

Prentsaurrekoan nabarmendu dute "kontsumora eta turismora are gehiago bideratu" nahi dituztela sanferminak, eta, beraz, "eragile politikoen presentzia oztopo" dela "enpresarien etekinetarako, normaltasun kapitalista hankaz gora jartzen baitu". Eta esan dute horri erantzunez esku hartzen dutela, hain zuzen ere, polizia-indarrek: "Poliziak, status quo-aren bermatzaile izanik, ezin du onartu kaleak aldarrikapen politikoz beteta egotea, eta instituzioen onespenarekin, propaganda egiten duten eragile sozial eta politikoen kontra oldartu da".

Horrekin, bilatzen dutena "protesta soziala bideratzea eta kontrolatzea" nahiz "instituzioetatik kanpo antolatzen diren eragileak errepresioan itotzea" dela uste dute kolektibo salatzaileek. "Militantzia politikoaren kontrako eraso berritzat" jo dute sanferminetan gertatutakoa, argituz bi erantzule daudela: "Alde batetik Polizia, beso betearazle gisa, eta bestetik haren defentsan ateratzen diren instituzioak, haien ekintzak ezkutatu eta normalizazioaren alde egiten baitute". Eta gaineratu dute: "Polizia ez dago herritarrak zaintzeko, boteretsuen klase-pribilegioak eta ordena soziala babesteko baizik".

Curiako eta Karlos III. etorbideko jazarriak gogoan

Agerraldian gogoan izan dituzte, bestalde, Curia kaleko gertakariengatik auzipetu dituzten sei pertsonak. Ia 40 urteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte haientzat, 2022ko sanferminetako prozesioan agintarien aurka protesta egiteagatik. "Hemendik babes osoa helarazi nahi diegu eta klase-elkartasuna praktikan jartzeko deia egiten dugu", azpimarratu dute.

Aurtengo uztailaren 9an Karlos III. etorbidean jazarriak izan ziren gazteei ere eman diete babesa: kalean materiala saltzen ari ziren 20 bat lagunen aurka oldartu zen Foruzaingoa. Piper-gasa bota zien, haietako bati arnasketa-krisia eraginez; isunak ezarri zizkien, eta asko identifikatu zituen. Foruzainen esku-hartze bortitzaren ondoren, udaltzainak bertaratu ziren, eta "osasun-langileen lana zaildu zuten", gogorarazi dutenez.

"Gazte horrek uko egin zion ospitalera joateari, ez ziotelako ziurtatu ez zutela atxilotuko", ohartarazi dute: "Sanferminetan profil arrazializatuek jasaten dituzten arrazakeria, kriminalizazioa eta errepresio poliziala ere agerikoak dira. Babes osoa beraientzat".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sanferminak
Eguneraketa berriak daude