Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Niri ere gertatu zait. Eraikuntza lana mugatzen duen metalezko hesiaren zurtoina hormigoizko blokearen zulotik atera, zirrikitutik barnera sartu, bertako langilearekin eraikuntzako neurri eta zehaztapenak ematen hasi, eta esaten dudanari entzungor egin, serio ez hartu. Gutxiespena, kuestionamendua, mesprezua, aintzakotzat ez hartzea. Emakume baten aginduek leku zaila topatzen dute adreiluen artean, lekuz kanpo sentiarazi arte. Eskuen ekintzek agintzen dute lan-giroa, hierarkikoa da (arduradunak, peoiak), izenik gabeko langileak daude, ordu txikitan hasten da lanean, ordainsari prekarioekin ordaintzen da eta jatorri desberdineko pertsonen konfigurazioak osatzen du.

Udazkeneko euskal zinemagintzaren uztan, eraikuntzako sektorea hizketagai duen dokumental bat daukagu: Llámame Sinsorga, Marta Gomez eta Paula Iglesias zuzendari. Bilboko Alde Zaharrean kokaturiko La Sinsorga kulturgune feministaren eraikinaren zaharberritze lanen komeriak filmatu dituzte. Eraikuntzaren eraldaketa lanen garapena jasotzearekin batera, obra baten harremantze-moduak eta izaera dokumentatu dituzte.

Obra txiki baten prozesua liskartsua da ia beti, gremio desberdin askok parte hartzen dutelako, eta koordinazioan abilezia berezia behar da gremio bakoitzaren interesak adiskidetu eta lankidetza sustatzeko, askotan nork bereari eusten diolako. Tentsioa denboren luzapenak eta aurrekontu igoerek ekartzen dute. Bitartean, espazioa hautsez, zikintasunaz, desordenaz eta zarataz betetzen da. 

La Sinsorga emakume sustatzaileen proiektua izanik eta eraikuntzako emakume langileek pairatzen dituzten zailtasunen jakitun, eraikuntza lanak emakumeekin bakarrik egiteko helburuarekin abiatu zuten proiektua. Emakumeentzako espazio bat emakumeek fisikoki eraikia. Egiaztatu dute oraindik orain ez dela posible eraikuntza lana osorik emakume langileekin burutzea eta eraikuntzaren sektorearekin harremanak eskarmentu handia utzi die, kapital sinboliko handia mugitzen den lan eremua baita. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2025eko abenduaren 21
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.