Osasun arreta faltagatik Iruñeko espetxeko presoak “babesgabetasun” eta “ziurgabetasun” egoeran daudela dio Salhaketa Nafarroak

  • Berriki Iruñeko espetxean hildako presoa espetxe logikaren biktimatzat jotzen du Salhaketa Nafarroak. Salatu dute asteburuetan ez dagoela medikurik, eta orokorrean arreta “urria” dela.


2025eko abenduaren 19an - 06:52
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Azaroaren 30ean Iruñeko espetxean preso zegoen pertsona bat zendu da. Salhaketa Nafarroak lortutako informazioaren arabera, heriotzaren arrazoia biriketako enbolia bat izan zen. Alabaina, ez daukate askoz informazio gehiago. Andoni Burguetek, Salhaketa Nafarroako kideak, doluminak helarazi dizkio familiari, eta salatu du espetxe sistemaren eta osasun arreta faltaren ondorio dela: “Asteburuetan ez dago arreta medikua bermatuta. Babesgabetasun eta ziurgabetasun egoera honek tamalez horrelako egoerak sortzen ditu”.

2021ean Nafarroako Gobernuak espetxeko osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu izana “positibotzat” hartzen dute, baina uste dute “asko” dagoela hobetzeko: “Uste dugu hurbilagoa den lana egin daitekeela, baina kalean ez dago arreta ongi bermatuta eta barruan nabaritzen da. Ondorioak tamalgarriak dira”. Elkartearen datuen arabera, 2012tik, hau da, espetxea sortu zenetik, 11 pertsona hil dira espetxean. Horietatik bi, gobernuak eskumena eskuratu zuenetik. Azkeneko biak ospitalean zendu dira: “Kartzelatik korrika ateratzen badira presoa ospitalera eramateko, eta ospitalean hiltzen bada espetxearen kontua da”.

Azaroaren 30ean hil zen pertsonaren kasuan, hasieran ez zegoen argi ospitalean edo espetxean izan zen. Burguetek baieztatu du ospitalean izan zela: “Gure ustez espetxe egoeraren ondorioz da, eta hortaz, espetxe logikaren biktimatzat jotzen dugu”. Gainera, pertsona zahar bat zen: “Horrelako kasuetan, espetxearen zentzua zalantzan jartzen dugu”.

"Zaila" da jakitea nola dauden presoak, eta tabua sortzen da: "Askotan presioagatik beldur dira, eta kosta egiten zaie hitz egitea"

Salhaketa Nafarroako kideek ez dituzte guztiz argi datuak, baina uste dute gaur egun soilik bi mediku plaza daudela espetxean. Mediku horiek zortzi orduko lanaldia egiten dute astelehenetik ostiralera. Gainerako egun eta orduetan guardian daude. Burguetek dio asteburuetan arreta medikua behar dutenean, funtzionarioen esku geratzen dela arreta: “Ez daukate prestakuntza handirik, eta haiek kudeatu behar dute egoera. Batzuetan erizaintza modulura eramaten dituzte edo guardian dagoen medikuari deitzen diote. Medikua presondegira heldu arte, nahiko denbora pasatzen da, eta horrek eragiten du arreta ez izatea azkarra”. Gaineratu du beste kasuetan presoek eman behar izaten dutela arreta.

Amaitu da gose greba

Medikua dagoen orduetan ere “arreta ez dela kalitatezko” eta “urria” dela salatzen dute presoek. Horien artean, Patxi Ruiz Romero euskal preso politikoak hilaren 9an gose grebari ekin zion Iruñeko espetxeko egoera salatzeko. Zazpi egunez izan da gose greban. Horrez gain, urrian besoan ebakiak egin zituen salatzeko pneumonia sintomak zituela eta ez ziotela arreta medikorik ematen. Protesten adibide batzuk dira, baina beste hainbeste egin izan ditu. Burguetek esan duenez, “zaila” da jakitea nola dauden presoak, eta tabua sortzen da: “Askotan presioagatik beldur dira, eta kosta egiten zaie hitz egitea”.

Azkenik, horrelako egoerak saihesteko neurri “eraginkorrak” hartzea exijitu dio administrazioari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe baldintzak
Eguneraketa berriak daude