Kamerarik ez! Berogailuak, mesedez


2025eko abenduaren 19an - 09:44
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bizkaiko bigarren hezkuntzako institutu publiko bateko ikaslea naiz. Eusko Jaurlaritzaren “Hezkuntza Ekosistema Digitalizatzeko” programari jarraituz, gure DBHko ikasgeletan mahai ordenagailu berriak jartzen ari dira eta, antza denez, oso laster kamerak ere; hori guztia Lakuak “musu-truk” eskaintzen dizkigun (baina batzuek uko egiten diegun) ordenagailu pertsonalen osagarri gisa. Hezkuntza Sailak programa horri emandako justifikazioa da COVID-19 pandemian “gabeziak” egon zirela; horrela, beste pandemia hipotetiko baterako hornitzen gaituzte. Baina, esan bezala, pandemia hori hipotetikoa da; aldiz, batere hipotetikoa ez dena ikasturte honetan berriro negua eta uda izango ditugula da, baita institutuan ordu asko emango ditugula ere.

Diru publiko hori guztia enpresa pribatuetara ‘beste pandemia baten badaezpadan’ bideratu baino lehen, gure agintariek ikasleok, oraindik eskolatuta egotera behartuta gaudenok, hotzik
ez pasatzeaz arduratu beharko lukete

Eusko Jaurlaritzak dirua ordenagailuetan eta kameretan gastatzen duen bitartean, nire ikasgelan eta beste askotan berogailuak ez dabiltza edo oso bero gutxi ematen dute, ateak eta leihoak ez dira ondo ixten edo maiatzean eta ekainean eguzkiak bete-betean joko dituen geletan gortinak eta pertsianak falta dira. Nire ustez, diru publiko hori guztia enpresa pribatuetara “beste pandemia baten badaezpadan” bideratu, edo desbideratu, baino lehen, gure agintariek ikasleok, oraindik eskolatuta egotera behartuta gaudenok, hotzik ez pasatzeaz arduratu beharko lukete.

Eta ez dut idatzi hau amaitu nahi hurrengoa argitu barik: lerro hauek irakurtzean norbaitek bere seme-alabak ikastetxe kontzertatu batera eramateko erabakia berresten badu, esango nioke nahiago dudala hotza jasan gizarte-segregazioan eta oinarrizko zerbitzuen narriaduran parte hartzea baino. Hezkuntzak publikoa eta abegikorra izan beharko luke.

Eihara B., DBHko 3. mailako ikaslea (gutun honen egilea adin txikikoa denez, sinaduraren izena eta abizenaren haste-letra fikziozkoak dira, haren intimitatea gordetzeko)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!