Ostegunean Izarran lau adin txikiko dituen familia bat etxegabetu behar zuten, baina bizilagunen presioaren ondorioz etxegabetzea gelditu eta alokatzaile eta alokatuen arteko akordioa sinatzea lortu dute. Burlatan ere etxegabetze bat gelditzea lortu dute oraingoz, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik.
Ostegunean aurreikusita zegoen Izarran (Araba) lau adin txikiko dituen familia baten etxegabetzea. Asteazkenean, baina, iragarri zuten ez zela etxegabetzea egingo. Bizilagunen presioari esker alokatzaile eta alokatuen arteko akordioa sinatzea lortu dute. Udalerriko bizilagunek poztu dira “herritarren antolakuntza eta elkarlanari esker” gelditu dutelako etxegabetzea.
Izarrako bizilagunek salatu dute, halaber, Izarran aurreikusita zegoen etxegabetzea ez dela kasu isolatu bat, eta egunero "milioika pertsona deserrituak, kaleratuak, prekarizatuak, etxegabetuak, eta zapalduak" izaten direla, "sistema kapitalistaren atzaparren erruz bizitza duina izateko aukerarik gabe". Horrez gain, agerian utzi dute hiriguneetan ez ezik, landa eremuan ere etxebizitza problematika presente dagoela. Arabako Foru Aldundiari leporatu diote "baliabide sozial oso eskasak" bideratzea herrietara, baita horiekiko duen "utzikeria" ere.
Amaitzeko, azpimarratu dute bizilagunak "antolatuta" jarraituko dutela, eta "borrokatzen" jarraituko dutela etxebizitzaren auzia "negozioaren ekuaziotik ateratzeko, eta eskubide unibertsal izan dadin". Izarrako bizilagunek argi eta ozen esan dute: "Soilik herriak salba dezake herria".
Burlatan ere etxegabetze bat gelditu dute
Izarrakoa ez zen ostegunerako aurreikusita zegoen etxegabetze bakarra. Burlatan (Nafarroa) kaleratze bat zegoen ezarrita, eta hau ere bertan behera uztea lortu dute herritarrek, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik.
Osteguneko egunsenti aldera Burlatako San Frantzisko kaleko 1. zenbakian elkarretaratu da jende andana, etxegabetzea gelditzeko prest. Espainiako Polizia ere garaiz ibili da, eta zazpi furgoi erabilita itxi du atari aurreko kalea. Ondoren, Nafarroako Probintzia Auzitegiak jakinarazi du atzera bota dutela gaurko agindutako etxegabetzea, hurrengo datarik gabe. Elkarretaratutako pertsonek “txalo artean” ospatu dute erabakia.
Gedar-ek jakinarazi duenez, CaixaBankek, bere filiala den Building Centerren bidez, gaur etxegabetu nahi zuen Maria Pilar. Hipoteka-betearazpen baten bidez kendu zion pisuaren jabetza 2012an, eta alokairu sozialean bizi da ordutik. Aurten, baina, “hainbat engainuren bidez alokairua ezin ordaindu ondoren”, emakumea etxegabetzeko prozesua jarri zuen martxan CaixaBanken higiezinen filialak.