Ikusten banauzu, egin negar

Europa erdialdeko ibaietako Hungersteine edo
Europa erdialdeko ibaietako Hungersteine edo "gosearen harrietan" iraganeko lehorte urteak daude markatuta. Argazkia: Petr David Josek
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Elba ibaiaren arroa, 1417. Lehorteak eraginda ibaiaren mailak nabarmen egin zuen behera, eta norbaitek ur maila markatu zuen harri batean, idazkun bat zizelkatuta: “Harri hau berriro ikusten baduzu, negar egingo duzu. Ura maila honetan zegoen 1417 urtean”.

Hurrengo idazkuna 1616koa da: “Ikusten banauzu, egin negar”. Harri horretan beste hainbat urte daude markatuta: 1707, 1746, 1790, 1800, 1811, 1830, 1842, 1868, 1892 eta 1893.

Ez da antzeko markak eta inskripzioak dauzkan harri bakarra. Elba ibaiaren arroan beste asko daude eta Rin, Mosel, Mündesee edo Weser ibaietan ere aurkitu dituzte halakoak. “Ikusi ninduenak negar egin zuen. Orain ikusten nauenak negar egingo du” dio horietako batek; “Bizitza berriro loratuko da harri hau desagertzen denean” beste batek.

Europa erdialdeko ibai horien ur maila baxuak lehortea adierazten zuen, uzta txarrak eta, beraz, urritasuna egungo Alemanian, Txekian, Eslovakian, Austrian eta Hungarian

Europa erdialdeko ibai horien ur maila baxuak lehortea adierazten zuen, uzta txarrak eta, beraz, urritasuna egungo Alemanian, Txekian, Eslovakian, Austrian eta Hungarian. Alemanian bada markatutako harri bat “Hungerjahr 1947” dioena (“Gose urtea 1947”, alegia). Horregatik alemaneraz hungersteine esaten diete harri hauei, gosearen harriak. Bigarren Mundu Gerraren ostean, baldintzak berez gogorrak zirenean, 1947ko negu hotz eta lehorrak are gogorragoak egin zituen bizi baldintzak. Eta ez soilik uzta txarren eraginez: ur maila asko jaisteak edo urak izozteak eremu horietan hain garrantzitsua izan den ibaien nabigagarritasuna oztopatzen du eta, beraz, lehengaien garraioa ere bai.

Hasieran aipatutako harria, 1417ko marka zaharrena duena, 2013an aztertu zuten txekiar ikerlariek eta 2022ko udan geratu zen agerian azkenekoz. Oro har, azken urteetan gero eta harri gehiago agertzen ari dira, eta aurrez ezagutzen zirenak geroz eta maizago geratzen dira ur mailatik gora, klima aldaketak eragiten dituen lehorteen ondorioz. Hala, gosearen harriek, iraganeko zorigaitzak gogorarazteaz gain, etorkizunekoak iragartzen dituzte.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!