Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna jorratzen ditu bere bizi esperientzietan sustraituta. Adrenalin bilduma goraipatu dute nazioartean, poemen sakontasun eta oihartzun emozionala direla-eta. Almadhounek artista eta itzultzaileekin egindako kolaborazioek haren oihartzuna anplifikatu dute eta poesia garaikidean ahots esanguratsua bihurtu. Duela gutxi argitaratu du poesia bilduma berria: Esku moztu bat ekarri dizut.
Zure poesia politikoa dela diote eta gerraz egiten duela berba. Hala da?
Nekez topatuko duzu gerra hitza nire poesian. Europar Batasunean, kategoriak sortzea gustuko du jendeak. Erbeste-idazlea, immigrazio-idazlea, gerra-idazlea… Baina, idazleak besterik ez dira. Munduko migratzaileen %90 jende zuria izan da, Argentina eta Zeelanda Berrikoak kasu, eta ez zaie iheslari-idazle deitu. Literatura eta poesiari buruz solasten dira komunikabideetan; niri, aldiz, ibilbidearen eta bizitzaren inguruan galdetzen didate.
Gerra pairatzen duten herrialdeetan baina, Palestina kasu, gerrak determinatzen du lekuko literatura.
Israelek Palestinan egiten duen kaltea izugarria da, baina handienen artean daude gure artea eta literatura. Idazkera bera landu edo beste gauza batzuei buruz idatzi beharrean, beste edozein idazlek bezala, Palestinako idazleek literatura eta artea borrokara zuzentzen dituzte, hura baita errealitatea. 75 urteko okupazioaren aurkako borrokan parte hartzen saiatzen dira, horrela beste norabide bat emanda gure literaturari.
"Pantailetan eta prentsan ikusi dituzun gauzak gara gu, eta piezak bat egiten ahaleginduko bazina, puzzle baten antzera, gure irudi argia lortuko zenuke, hain argia ezen ez zinatekeen ezer egiteko gai izango", diozu We poeman.
Hori da Alemanian gertatzen ari dena. Alemaniako iraganarekin alderaketak egitea ez dute onartzen. Palestinarrak isilarazi dituzte eta palestinarren alde dauden judu eta beste pertsona asko ere bai. Ez dago esaterik “hau aurretik ere gertatu izan da hemen”, gaur egun Palestinako gaiarekin gertatzen ari dena 1930eko hamarkadako Alemaniako egoerarekin alderatuko nukeelako, antza. Eta hori ez dago baimenduta.
Nolakoa da artisten egoera Alemanian?
Azken sei hilabeteetan 129 ezeztapen gertatu dira. Tira, horiek dira publiko egin dutenak. Isilik gelditu diren artisten bigarren multzo bat ere badago. Albistea zabalduko balitz, antisemitismoaz akusatuko lituzkete Alemanian eta lana eta karrera galduko lituzkete.
Nola gertatzen da ezeztapena?
Ezeztatuak izan direla ez dakitenek osatzen dute hirugarren multzoa. Ekitaldien antolatzaileek artistei telefonoz deitu eta beraien lanak erakusteko ea une egokia den galdetzen diete. Batzuetan behin baino gehiagotan jasotzen dituzte deiak, artistak "beno, agian ez da une egokia" erantzun arte. Horrela artistak bere burua baliogabetzen du.
"Alemanian artista palestinarrak ekiditen dituzte, Palestinaz hitz egiten duten juduak saihesten dituzte"
Zein izango da egoeraren bilakaera?
Ekitaldi, antzezlan eta ikuskizunetara ez gaituzte gonbidatuko. Egia esan, oso nabaria da dagoeneko. Ekitaldi batean ezeztatu nindutenetik ez naute beste inora gonbidatu Mendebaldean. Nire ezeztapena izan zen txorakeriarik handiena. Ez zen Palestinari buruzko antologia bat, ezta antzekorik ere; poesia arabiarra zen. Palestinarra naizelako ezeztatu ninduten. Egoera berria da niretzat.
Ez gaude poesia-irakurketetan, antologietan edo agertoki gaineko eztabaidetan, eta ez gaituzte poesia-jaialdietara gonbidatzen. Nire aurrezkietatik bizi naiz orain. Laster, inoren lana ezeztatzeko aukerarik ez da egongo, desagertuta egongo gara eta. Gaur egun, palestinarrak ekiditen dituzte, Palestinaz hitz egiten duten juduak saihesten dituzte. Artearekin zerikusia duen lan edo ekitaldietan parte hartzen duen artista palestinarrik ez dut ezagutzen Mendebaldean.
Alemaniatik kanpo, Mendebaldeko beste herrialdeetan, nolakoa da egoera?
Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, edo Suedian, gobernua auzi palestinarraren aurka dago, baina herritarrak Palestinarekin daude. Alemanian, herria eta gobernua kontra ditugu.
Hilabete hauetan guztietan, aldatu al da Alemaniako gizartearen jarrera gatazkarekiko?
Bat ere ez.
Alemania oroimen eta adiskidetzearen ikono bihurtu zen. Alemaniarren errudun konplexuaz ere asko hitz egin da. Baina, azkenaldian, badirudi alemaniar izan nahi duten etorkinei kriminalen rola ematen zaiela, ez biktima potentzialena.
Ez dut alemaniarren erru-konplexua sinesten. Erru selektiboa da. Adibidez, naziek sei milioi judu erail zituzten modu sistematikoan. Hain ikaragarria izan zen, gehiegizkoa eta zentzugabea, ezen Hannah Arendt gisako pertsona zorrotzentzat ere sinesgaitza izan zela. Orain, 90 urte geroago, Alemanian, “inportatutako antisemitismoa” aipatzen da. Alemanian eraso antisemita gehienak gizon zuri kristau europarrek egin dituzte. Hala ere, inportatutako antisemitismoaz hitz egiten dute. Sei milioi judu horiez gain, gerran 28 milioi sobietar hil zituzten: 10 milioi soldaduak ziren eta 18 milioi emakume eta haurrak. Haienganako errurik egon al zen edo konpentsazio-funtsik? Poloniako egoera ere hor dago: non dago dirua eta erru konplexua Poloniarekiko?
Batzuk gertaera zentzugabeak izan dira.
Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago. Garai batean holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute. Pasa den hilabetean, Neuköllen (Berlingo auzoa) Nakba mito gisa deskribatzen duten liburuxkak eskoletan banatzeko eskatu zuten; eskolaren hezkuntza-esparruan dauden “narratiba antisemitak” saihesteko, antza. Oso gai zaila da, baina etorkizunean palestinarrekin gertatzen ari denagatik damua eta lotsa sentituko dituzte.
Mendebaldeko gobernu eta erakundeengan itxaropenik izan dezakegu?
Arabiarrei eta musulmanei, kolonialismoaren garaitik, gizatasuna kendu izan diete eta Israelek jarrera horretan tinko jarraitzen du palestinarren aurka. Arabiarrak, musulmanak, errefuxiatuak, etorkinak… “besteak” dira. Israel orain ez da “bestetzat” hartzen. Kolonialismoaren historiaren jarraipena besterik ez da, Israel Europako proiektua da Ekialde Hurbilean. Ez da inoiz aldatuko boterearen izaerarekin konektatuta dagoelako. Arabiarrek mundua konkistatu zutenean gauza bera gertatu zen.
"AEBetan edo Suedian, gobernua auzi palestinarraren aurka dago, baina herritarrak Palestinarekin daude. Alemanian, herria eta gobernua kontra ditugu"
Alemaniako lagun eta lankideekin hitz egiten duzu honetaz?
Alemaniako herrialde “librean” su-etenaren alde berba egin edo “Palestina askatu” esateagatik akademian lanpostua gal dezakezu. Geure buruari galdetu beharko genioke zer diren, nola definitu dezakegun, garaiotan Europan etengabe gertatzen ari diren ekintza hauek.
Eskarmentu handia dut diktadurekin. Sirian ezin zen Al Assaden familia kritikatu. Gauza bera gertatu zen Libian Gadafirekin edo Sobietar Batasunean Stalinekin. Alemanian kritikatu daiteke, baina ez Israel. Adibide bat: nire lagunek ez diete like ematen Instagrameko nire argitalpenei Palestinaren ingurukoak badira, norbaitek ikusiko duen beldurrez. Baina ebidentziarik uzten ez duten istorioetan, hori bai. Shock egoeran daude. Sirian bizi izan nuena bizitzen ari gara, baina demokrazian.
Kontinentaldrift: Das Arabische Europa (Kontinenteak noraezean: Europa arabiarra) antologiaren komisario eta editore nagusia zinen Berlineko Poesiaren Etxean, baina urrian bertan jakin zenuen urriko aurkezpen-ekitaldia bertan behera geratu zela.
Europa Persiarraren eta Europa Beltzaren ondoren, 2021ean Poesiaren Etxeko zuzendariak eskatu zidan Europa arabiarra antologiaz arduratzeko. 34 egile sartzeko asmoa geneukan baina, jasandako zentsuraren ondorioz, 31rekin amaitu genuen lana. Hilabete batzuk geroago, zuzendaria (30 urte zeramatzan karguan) erretiratu egin zen.
Talde berri batek hartu zuen ardura, eta lehenengo bileran jakinarazi zidaten kontratuan atal berri bat sartuko zutela. Antologiako 34 idazle arabiarrek idazki bana sinatu beharko lukete esanez BDSren aurka daudela. Palestinarrek bultzatutako indarkeriarik gabeko mugimendua da BDS, Israelen aurkako boikota, desinbertsioak eta zigor ekonomikoak sustatzen dituena. Ezetz esan nuen, hori diskriminazioa zela. Horrelakorik ez dela inoiz eskatu beste antologietan. Alemanian debekatutako erakunde guztiak sar genitzakeela (Alemaniako Ku-Klux-Klan edo New Nazi adibidez) edo bat bera ere ez. Klausula kontratutik kendu zuten. Nire gomendioa orduan izan zen kontratu guztietan Poesiaren Etxea homofobiaren, antisemitismoaren, arrazakeriaren, sexismoaren eta islamofobiaren aurka dagoela idaztea. Dena sartu zuten, islamofobia izan ezik, jakina.
Klausula kontratutik kanpo utzi bai, baina antologiako hainbat zati zentsuratu zuten.
Nirekin kontsultatu gabe, editorea eta komisarioa izanik, hamar poema ezabatu eta poesia antologiatik kanpo laga zituzten. Urte eta erdi baino gehiagoko lana zen, zortzi itzultzaile... Behin eta berriz esaten zuten kalitateagatik zela, baina, jakina, poema horien erdiak baino gehiagok Palestinarekin, judaismoarekin eta Alemaniako historiarekin lotura zuten. Zentsura-ekintza izan zen, hortaz. Proiektutik ateratzen saiatu nintzen, baina antologia nire izenean argitaratuko zela zioen kontratuak. Isildu egin nintzen. Garaitua sentitu nintzen.
Esku moztu bat ekarri dizut bilduma argitaratu berri duzu.
Otsaila amaieran, arabierazko nire bosgarren poesia bilduma atera zuten labetik, Beiruten. Lauzpabost hilabete barru ingelesezko bertsioa kaleratuko da. Alemanez, ez dakit. Duela bost urte adostu genuen kontratua, baina ez dakit zer gertatuko den. Argitaletxekoak eta editorea pertsona onak dira, baina ez ditut presionatu nahi.
Zer diote zure olerkiek?
Batez ere amodiozko poesia da, baina asko arakatu behar da hala dela ulertzeko. Atzeko oihala beldurrez eta amesgaiztoz osatzen da. Ni ondo nago, baina nire liburuak gaixo daude. Bizirik atera naiz, baina nire liburuek TOEN (Trauma osteko estresaren nahasmendua) dute, bizirik irauteagatik erru-konplexua. Zorte handikoa naiz hau guztia nire liburuei gertatzen zaielako eta ez niri. Baina, oinarrian, maitasun-poesia da. Nire poema guztiak maitasun-poemak dira.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]
Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.
Ibilaldiaren helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian kausa palestinarra babesteko sarea ikusaraztea eta aktibatzea, eta, bestetik, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak salatzea, hala nola CAF, Teva, Carrefour, Zara eta Bardeako tiro poligonoa. Euskal... [+]
Gazako palestinarren aurkako genozidioa aurrera doan bitartean, Europak Israelgo armagintza industria hauspotzen jarraitzen du. Elbit Systems Israelgo armagintza enpresa ezagunak joan den astean iragarri zuen Europako herrialde batekin 1.600 milioi euro baino gehiagoko kontratua... [+]
Gaza Hiria osorik okupatzeko onartu berri duten planaz kezkatuta, milaka israeldarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari exijitu die Hamasekin akordio batera iristeko "gerra amaitu" eta zerrendan dituzten bahituak aske uzteko. Herrialdeko lehen... [+]
Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]
Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]
Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.
Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]
Israelgo lehen ministroa Segurtasun Kabinetearekin biltzekoa zen asteartean, "Gaza osorik okupatzeko planaz" eztabaidatzeko eta hori aurrera eramateko; baina atzeratu egin dute bilera. Israelgo armadaren buru Eyal Zamirrek, aldiz, Gazan diharduten lurreko soldaduei... [+]
Bahituen "egoera larriaz" eztabaidatuko dute biltzarrean egongo diren herrialdeek, Danny Danon Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadorearen arabera. Hamasek adierazi du bahituek osasun arreta jasoko dutela baldin eta Israelek Gazara laguntza humanitarioa... [+]