Urria hasieran sinatutako su-eten akordioa urratzen jarraitu du estatu sionistak, etengabe Gazan erasoak egiten ari da. Hildako azken 100 palestinarretatik 35 haurrak dira.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak astearte gauean indar militarrei agindu zien Gazako palestinarren aurka “bonbardaketa gogorrak” egiteko, Hamasi egotzita urriaren 10eko su-eten akordioa urratzea, soldadu israeldar bat hiltzea leporatu baitio. Hamasek ukatu egin du zerikusirik duenik, eta su-etena betetzeko konpromisoa berretsi du. Defentsa Zibilak jakinarazi duenez, gutxienez 100 pertsona hil ditu Israelek erasootan, horietatik 35 haurrak.
Egipton sinatutako su eten akordioa martxan jarri zenetik, armada sionistak hiltzen jarraitu du. ARGIAn zabaldu dugun modura, akordio horretatik ordu gutxi pasa ziren Israelek gutxienez bederatzi pertsona hil zituen arte. Palestinar horiek desplazatutako pertsonak ziren eta beraien etxeetara itzultzen saiatzen ari zirenean Israelgo droneek tirokatuta hil zituzten. IDFko tropengana gerturatzen ari ziren “susmagarri talde bat” zela argudiatu zuen Israelek, eta akordioko lehen faseko “lerro horia zeharkatzea” egotzita justifikatu zituen hilketak.
Gutxienez125 aldiz urratu du su-etena Israelek, El Saltok gogorazi duenez. Halere, Netanyahuk dio egindako bonbardaketen ostean “su-etenari berrekin” diola. Adierazpen hauek egin ditu JD Vance AEBetako presidenteordeak: “Su-etenak bere horretan jarraitzen du. Horrek ez du esan nahi han eta hemen liskar txikiak egongo ez direnik”.