Nafarroako Torturatuen sareak antolatuta, torturari buruzko IV. Nazioarteko Konferentzia egin zen Iruñeko Medikuen elkargoan, azaroaren 6an. Gai nagusia: torturaren inpunitatea. Ipar Irlandako paramilitar loialistek hil zuten Pat Finucane abokatuaren seme John Finucane egon zen, batetik, eta Iñigo Iruin abokatu ezaguna bestetik. Azken honek Espainiako Estatuan tortura babestu duen egituraren eraikuntzaz jardun zuen Ane Eslava Txalapartako editoreak gidatuta, eta guk bere hitzaldiaren laburpen zabala bildu dugu ondorengo lerroetan.
Iñigo Iruinek adierazi zuen gaia ondo kokatzeko eta inpunitate hori ulertzeko, abiapuntu egokia jarri behar zitzaiola. Ondoko hitzaldian, torturaren egitura hori nola antolatzen den azaldu zuen, besteak beste entzuleen artean ziren dozenaka torturatuen aurrean. Hala jarraitu zuen:
Tortura ez da Poliziaren biolentzia, hainbatetan aipatzen den bezala, tortura estatuaren biolentzia da. Botere legegilea, judiziala eta exekutiboa torturaren konplizeak dira, elkarlanean aritzen dira eta horrek dakar inpunitatea. Hau da, inpunitatea dago, hiru botere horiek testuinguru politiko zehatz batean tortura onartzen dutelako, eta tortura ikusezin egiteko diseinu zehatz bat egiten da.
Fernando López Agudin kazetariak idatzitako El Laberinto liburuan kontatzen duenez –jarraitzen du Iruinek–, 1994an Juan Alberto Belloch eta Margarita Robles Barne Ministeriora iritsi zirenean [PSOE, Felipe Gonzálezen gobernua], bilera bat egin zuten Gasteizen segurtasun indarren agintariekin, eta bertan azken horiek galdetu zieten ministroaren eta haren segurtasun idazkariari ea jarraitu ahal izango zuten lanean “sarearen babesarekin”, hau da, ea estatuaren babesa izango zuten torturarekin jarraitzeko.
Jakina, estatu batek tortura baimentzen duenean, bilatzen du ere tortura juridikoki ikusezina bihurtzea, eta horrek inpunitatea dakar. Estatuak, lehenik lege egitura bat eraikitzen du, Espainiako Estatuan terrorismoaren aurkako legeak izan ziren, eta horiek bermatzen dute inpunitatea: 1975eko lege antiterrorista, 1980an beste bat, UCDk berea egin zuen 1982an eta 1984an PSOEk. Horiek guztiek estaliko dute tortura.
Inkomunikazioa
Lege horiek guztiek daukate enbor bera: lehenik atxilotuaren inkomunikazioa, atxiloketaren luzapena eta, 1983ra arte, atxilotuak lehen unean abokatuaren arretarik ez izatea. Horiek dira oinarrizko legeak, baina horien ondoan daude ere sekretu ofizialen legeak eta diru funts erreserbatuak, torturatzaileen lana saritu eta errazteko. Mikel Zabalzaren kasuan, adibidez, [aurten 40 urte betetzen dira hil zutela] sekretu ofizialen legeak erabili ziren epaitegietatik eskatutako informazioa ukatzeko.
Gobernuari dagokionez, zeregin ugari ditu torturaren existentzian, baina bat azpimarratuko dut: Polizia eta Guardia Zibilen terrorismoaren aurkako unitate bereziak. Horiek erabateko autonomiarekin aritu ziren, klandestinoak ziren eta terrorismoaren legeen erabateko babesa zuten inork kontrola ez zitzan. Horrek tortura klandestinoa bihurtzen zuen, botere exekutiboa eta judizialaren arteko muga bat sortzen zuen.
Adibide argi bat jarriko dut, hori da gehien ezagutzen dudana eta: Intxaurrondoko kuartela. Han ez zegoen erregistro libururik, atxilotuak noiz sartzen edo ateratzen ziren kontrolatzeko, zerbitzu orririk ere ez jakiteko atxilotuarekin zer gertatzen zen, atxilotuez nor arduratzen zen zehazteko... ez zegoen ezer. Horrela, adibidez, 1985eko abenduaren 12an epailea Intxaurrondora joan zenean Mikel Zabalzaren desagertzea ikertzeko, ikusi zuen ez zegoela inolako informaziorik, ezer ez Mikelek han egin zuen ibilbidea jarraitu ahal izateko. Dena klandestinoa zen, eta gobernuak hori guztia babesten zuen. Mikelen kasuan bi agiri bakarrik lortu nituen: bat, bere etxean sartu zireneko unearena, eta bestea kuartelera sartzean egin zioten eskubideen irakurketarena. Kito, ez zegoen besterik.
Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak
Pieza hori ere giltzarri da, jakina, eta hemen azaltzen zaigu Auzitegi Nazionala. Horrek hainbat patologia ditu: Barne Ministerioaren eta segurtasun indarren erabat menpekoa da. Batetik, ez dago atxiloketaren gertuko jarraipenik. Ohikoan, Guardia Zibilak edo Poliziak erabakitzen du norbait atxilotzea, eta atxiloketaren lehen unetako kontrol erabatekoa dute. Bestetik, epaitegi horietako instrukzio epaileen jarrera erabat pasiboa da. Zer egiten dute atxiloketaren lehen unean? Ezer ez, inkomunikazioaren hamar egunak pasatzen uztea. Zeinek ordezkatzen du bere lanean? Auzitegi-medikuak, eta horrek, batzuetan egunero besteetan ez, osasun miaketaren bere txostenak pasatzen dizkio. Epaileak batzuetan ikusi ere ez ditu egiten eta, oro har, erabat pasiboa da horiekiko. Epailea joan daiteke atxiloketaren gunera, baina 45 urteko abokatu jardunean behin bakarrik ezagutu dut halako kasu bat. Egunkaria auzian izan zen, atxilotuetako bat ospitaleratu egin zuten eta, habeas corpus eskaera bat tartean, derrigorrean joan behar izan zen ospitalera.
Inkomunikazioaren garaia pasatzen da, atxilotua epailearen aurrera iristen da eta zer egiten du honek tortura salaketen aurrean? Ezer ez, izatekotan gomendatzen dio atxilotuari handik ateratzen denean salaketa jarri dezan dagokion epaitegian. Orokorrean, epaile horiek Guardia Zibila eta Polizia sostengatzen dute, eta bada horren adibide oso esanguratsua. 1994ko ekainean, Belloch Barne Ministeriora iritsi berritan, 20 pertsona atxilotu zituzten Usurbilen. Tratu txarren salaketak izan ziren, eta ondorioz, Barne Ministerioak espediente bat ireki zuen balizko torturak ikertzeko. Bada, Baltasar Garzón epaileak auto bat idatzi zuen, non esaten zen prozedura hartan ez zegoela tratu txarren edo torturen zantzurik, eta horrek balio izan zuen beste espediente administratiboa artxibatzeko. Berez, Garzónen autoak onartzen zituen biolentzia zantzuak, baina atxiloketaren unearekin lotzen zituen. NBEko Torturaren Aurkako Batzordekoak egon ziren hemen kasua aztertzen, eta argi azaldu zuten, atxilotuetako batzuekin hitz egin ondoren: ez ziren ados Garzónen jokabidearekin.
Milaka tortura salaketa, 20 zigor bakarrik
Beraz, zein da estatuaren hiru botere horien elkarlanaren ondorioa: inpunitatea. Datuetan ikusi daiteke, milaka tortura salaketa daude eta bakarrik 20 zigor epai, eta gainera guztiak 1979tik 1984ra arteko kasuak dira. Salbuespen bat dago, Kepa Urraren kasua, 1992koa. Hau da, kasu hori kenduta, Espainiako Auzitegietan ez dago tortura zigorrik, beraz, Espainiako justizian 41 urtetan ez dago torturaren zantzurik.
Zer gertatzen zen orduan? Atxilotuak ez zituztela Madrilera eramaten, eta beraz, haien torturak lekuan lekuko epaileek ikertzen zituzten –Donostia, Bilbo...– eta epaitegi horietako forentseek egindako txostenekin, askoz zehatzagoak izaten zirenak. Gainera, torturatzaileek ez zieten kaputxarik jartzen atxilotuei eta horiek gero ezagutu egiten zituzten epaiketetan. Jakina, torturatzaileek ikasi egin zuten eta gero atxilotuak Burgosera eta Madrilera eramaten zituzten eta atxilotuei kaputxak jartzen hasi ziren. 2008an Portu [Igor] eta Sarasola [Mattin] Donostiako ospitalera eraman zituzten, berriz ere hemen egin ziren ikerketak eta guardia zibilen aurkako zigorrak izan ziren torturengatik. Gero Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen.
Estrasburgoko hamar epaiak
Azter dezagun zer egiten duten lekuan lekuko epaileen tortura salaketen aurrean. Estrasburgoko Auzitegiak hamar epai ditu, non esaten den kasu horietan ez direla behar adina ikertu ustezko tortura kasuak. Epai horietan ikusten da tortura ikertzen ari den epaile horien jokaera: bat, epaile horiek bakarrik egiten dute zerbait kalte fisikoen aurrean, bestela kasua artxibatzen dute eta kito; kalte psikologikoen aurrean ezer ez. Bi, epaileari batez ere interesatzen zaio auzitegi-medikuaren testigantza, eta hura bakarrik deitzen du. Martxelo Otamendiren kasua esanguratsua izan zen –beste askoren antzera–: bere torturak ikertzen zituen epaileari ez zitzaion interesatzen Otamendiren tortura testigantzak entzutea. Beste jokaera argi bat, abokatuok eskatzen dugu ikertu daitezela atxilotuen eta haien zaintzan parte hartzen duten agenteak, baina epaileok ez dute ezer egiten.
Gurutze Iantzi: “bronkistis” batetik heriotzera
Eta auzitegi-medikuez zer? Lagundu dute tortura ezkutatzen edo fenomenoa gutxitzen. Estrasburgoko Auzitegiak esan behar izan zuen atxilotuak aztertzeko protokolo bat egon behar zuela; bada, lehen protokolo hori 1997koa da. Gainera, NBEko Torturaren Aurkako Batzordeak aztertu zuen protokolo hori eta esan zuen guztiz urria zela. Gurutze Iantziren kasua oso esanguratsua da. 1993an atxilotu zuten bere etxean eta 24 ordu geroago hil zen Guardia Zibilaren Madrilgo Tres Cantoseko egoitzan. Orain Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak haren heriotzaz egin duen azterketa oso gogorra da. Auzitegiko-medikuaren zabarkeria aipatzen du, medikua mugatu zelako telefonoz entzutera Iantzik bularrean zuen min handiaren deskribapena. Medikua ez zen Tres Cantosera joan, eta ez zuen ospitaleratzeko aholkurik eman... Bronkitisa zela esan zion, horretarako medikamentua errezetatu eta denbora gutxira Iantzi hil egin zen.
Eta fiskalek zer? Terrorismoaren aurkako legeek diote fiskalek zaindu behar dutela atxilotua eta abar. Bada, ez dut inoiz ikusi fiskal bat polizia egoitza batera joaten hori egitera. Hori bai, atxiloaldiaren luzapen eskaeren aurrean, gehienetan onartu izan dute; eta beste batzuetan, tortura salatzailearen aurkako salaketa jarri izan dute ustezko tortura salaketa faltsuagatik.
Honek guztiak zer dakar, inpunitatearen ikuspegitik? Batetik, terrorismoaren aurkako legearen menpe, tortura ikertzen duen epaileak ez duela sarbiderik atxiloketaren esparru klandestinora. Beraz, hori ez dagoenean, nola pentsa daiteke gero tortura salaketak direnean hor gertatutakoa ikertu daitekeela?
Bestetik, zeinek kontrolatzen du probaren eremua? Torturaren eremuan egon diren guardia zibilek eta poliziek. Haiek bakarrik egon dira atxilotuarekin, ikerketa guztiz ezinezkoa egiten duen egitura osoaren babesarekin. Horrek guztiak torturaren inpunitatea bermatzen du.
Tortura ezabatu zen Espainiako legeetatik 1808ko Baionako Konstituzioarekin. Orduan, gainera, ez zen erabiltzen tortura kontzeptua, tormentua baizik. Tortura judiziala zen, eta probak lortzeko modua zen. Bistan da gero torturak jarraitu duela, eta XX. mendean torturaren aurkako nazioarteko itunak sortu ziren. Jakina, ez dira nahikoak izan torturarekin amaitzeko, hor dira Abu Ghraib, Guantanamo, Israel... Orduan, amaitu daiteke torturarekin? Estatuarentzako tortura eraginkorra da, eta gainera, bizi ditugun garaietan, ikusten ari gara nola sortzen den tortura lausotzeko literatura juridikoa, esanez eraso txikiak, kolpe batzuk... ez direla tortura. Beraz, jarraitu behar da torturaren aurkako borrokarekin, baina jakitun izanda egitura juridikoek dituzten mugak eta estatuak horiez egiten duen erabilera.
Jardunaldia osorik entzun nahi duenak, Ahotsa.info-ren bideo honetan egin dezake.