Ofizialtasuna aldarrikatu eta palestinar erresistentziari babesa erakutsiko diote Bilbon

  • Azaroaren 15ean, gizonezkoen euskal futbol selekzioak eta Palestinak San Mamesen jokatuko duten partidaren aurretik, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak eta zenbait zale taldek deituta, kalejira egingo dute Areatzatik futbol zelairaino, 18:30ean abiatuta. Lehenago, 13:00etan, Palestinako kirolariak omenduko dituzte Arriaga plazan. Hainbat euskal kirolarik hartuko du parte ekitaldi horretan.

Hainbat zale taldek babestu dituzte Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako mobilizazioak. Palestinarekin Elkartasuna

2025eko azaroaren 07an - 10:22
Azken eguneraketa: 13:24
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
 Dani Blanco - ARGIA Fototeka

Ostegunean eman dute ekimen horien berri, Bilbon egindako agerraldian. Palestinarekin Elkartasuna plataformako ordezkariez gain, han izan dira Indar Gorri, Bultzada Txuriurdina, Herri Norte Taldea, Iñigo Cabacas Herri Harmaila, Iraultza 1921, Indar Horibeltz, Indar Baskonia, Armagiñak 1940 eta South Side zale taldeetako kideak ere.

"Euskal Selekzioaren partidak beti dira bereziak", adierazi dute. "Batetik, kirol-ekitaldi gisa, gure selekzioa jokatzen ikusteko aukera dugulako; eta bestetik, aldarrikapenerako egunak izan direlako historikoki". Gaineratu dute Euskal Herriko langileriaren "zapalkuntza soziala eta nazionala" salatzeko, ofizialtasuna aldarrikatzeko eta gainontzeko herri zapalduekiko elkartasun internazionalista adierazteko egunak izan ohi diela: "Aurten ere, aldarrikapen horiek bultzatuko ditugu kalean zein zelaian".

Aurtengo partida "are bereziagoa" izango dela diote, "Palestinako selekzioa aurrez aurre izateagatik, palestinar herria pairatzen ari den sarraskiaren erdian". Zaleen harmailek euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko kalejira egin ohi dute hark jokatzen duenean, eta hala egingo dute hilaren 15ean ere bai, baina Areatzatik abiatuko den kalejira palestinar erresistentziari babesa adierazteko ere baliatuko dute.

Estadiora ere eramango dituzte euren aldarrikapenak, nahiz eta segurtasun-buruaren jarrera salatu duten, "jasandako zentsuragatik": "Ibaitik itsasora esaldia, amnistiaren ikurra eta palestinar erresistentziaren aldeko leloak hasieratik zentsuratuak izan zaizkigu", jakinarazi dute.

Herri Libreak martxa Arriagatik

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zale taldeek antolatutako mobilizazioei gehitu behar zaie Gernika-Palestina, Gu ere bai! eta Gure Esku plataformek partidaren egunerako deitutako martxaHerri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa STOP lelopean egingo da, 17:30ean Arriagatik abiatuta.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal selekzioak
Eguneraketa berriak daude