ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Sorkuntzari trabak, kultur hirian

  • Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi berriz zabaltzetik gertu egon daitezkeela. Era guztietako artistei eta arte interesatuei ateak ireki asmo dizkiete, sormena modu kritikoan lantzeko eta espazio urratzailea izateko. Jende bati azkura eragiteko.

Ezkerretik eskuinera, Elena Scaratti, Lucia Arrieta, Melisa Guerrero, Iosu Del Moral eta Lyndon Barett. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)
Ezkerretik eskuinera, Elena Scaratti, Lucia Arrieta, Melisa Guerrero, Iosu Del Moral eta Lyndon Barett. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Antso Jakitunaren zortzigarrenean, Donostian. Beste era batera esanda, eta solaskideen hitzak baliatuta, “pasoko lekuan”, zentroaren eta futbol estadioaren artean, ospitalera igotzeko errepidearen ardatzean. Hor dago, edo une honetan “zegoen”, itxita dagoelako, Kontenedora artisten espazioa. Herri-lanek oztopatzen dute pasabidea.

Amara eta Anoeta arteko zonaldea deskribatzeko ez dute ezereza hitza erabili, komertzioak eta jende eta kotxe jarioa egon ohi den lekua delako, baina bai esan dute postaletatik kanpo aspaldi geratu zen ingurunea dela. “Eta hori, gainera, Anoeta hemen alboan daukagula eta jendetza mugitzen duela, bereziki Erreala denboraldi onak egiten ari den urte hauetan”, gehitu du solaskide batek. Beste batek, tonua bereizteko adinako irria eginda, ñabardura txiki bat egin nahi izan dio zonaldea postaletatik at geratu den ideiari: “Ardatz hau postaletatik kanpo dagoela esaten dugunean, errespetu guztia diegu Txomin, Martutene eta beste auzoei".

Horren guztiaren atzean, ideia bat nabarmendu dute guztiek: Donostiaren “ultrazentrifikazioa”. Eskuaira eta kartaboia era imajinario batean hartuta, solaskide batek zentrifikazioaren mugak markatu ditu hiriaren mapan: Artzain Onaren katedraletik Alde Zaharrera, Easo plazatik erriora, eta Gros a grosso modo hartuta; “horixe da postaletako Donostia”. Eta gehitu du: “Exajeratua da hemen gertatzen ari dena”.

Honaino esandakoak irakurle gutxi harrituko zituen, era batera eta bestera hainbatetan adierazi izan delako orriotan. Bada, zentrifikazio horretatik irtenda, Easo plazatik futbol estadiora bidean, Antso Jakitunaren etorbideko lokal bat hartu eta elkartuta, beste era batera antolatzen hasi dira "ohiko eskemetatik" irten nahi zuten artistek.

Ezaugarriei buruz galdetuta, denek nabarmendu dute autogestioa, baita elkarrekintza eta sormen-askatasuna ere. “Adar ugaritatik datozen pertsona askoren arteko harremana da, elkarrekin hazteko; proiektu kulturala eta artistikoa, kultura herria delako”.

Kontenedorako kideek Dabadaban antolatutako ekintzetako bat. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Astearteko dilistak
Kultura, kontzeptu gisa hartuta, eta Donostia eta Donostiaren hiri-eredua terminoak zeharkatzen diren edozein solasalditan, ezinezkoa da ez aipatzea Donostiaren 2016ko Europako kultur hiriburutza. “Fenomeno bat izan zen hura”, diote.

Gaia ateratzean fenomeno bat da ia beti jendeak nola eramaten dituen eskuak burura. Inork gutxik esan dezake egitasmo potolo hark bere helburu kulturalak bete zituenik. Manuel Delgado Bartzelonako antropologoak 2015ean esan zuen bezala, “kultura aitzakia gisa” baino ez zen erabili orduko hartan, “amu” moduan soilik, turismoa arrantzatzeko sarea itsasora –are gehiago– botatzeko. Xalba Ramirezek Irutxuloko Hitza-n adierazpen horiek eta gehiago jaso zituen erreportaje bikain batean.

Delgadoren hitz horiek ongi lotzen dira Kontenedorako solaskide batek mahai gainean jarri duen ideiarekin: “Donostiako kultur sorkuntzaren dilistak dira Kontenedora”. Eta kontzeptuan sakondu du: “Imajinatu aitak esango balu sukaldean amari laguntzen diola, baina berez igandeko paella besterik ez duela egiten. Hori da Donostia. Zinemaldia, Jazzaldia, Beldurrezko Zinemaren Astea... Baina astearte batean, zer eskaintza dago hirian? Kulturarako interesa duenak, turismokeriak utzita, ez dauka ezer Donostian. Horregatik, asko eta asko, kanpora joan izan gara”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Atzerriko esperientziak Euskal Herrira ekartzeko ahalegin bat da, beste xede eta asmoren artean, Kontenedora espazioa. Euren burua “sistemaren bazterrean” ikusten duten artistek osatu dute elkartea, eta bazkidetzen bidez finantzatu lokala. Dagokien esparruan, artean, funtzionatzeko molde bertikalak dagoeneko iraulita egon behar lukeela uste dute, eta, nolabait ere, Rizoma paradigma filosofikora urratsak egin: “Ezin du inork agintzen egon, ez baitago dena dakien edo egia absolutua daukan inor. Eredu oso patriarkala da, gainera. Gure moldeetan, uste dugu edonork eragin eta desbideratu dezakeela proiektuaren norabidea. Kultura ezin da goitik behera erein; kultura behean egiten da. Horregatik aipatu dugu lehen kultura herriarena dela. Gure eredua hauxe da: ezberdintasunei tolerantzia aplikatzea”.

Kultura herritik eta herriarentzat egitea dute helburu, baina gauzak burokraziaren menpean egiteak suposatu zien elkartea sortzea, bazkidetzak bilatzea, eta bazkideentzat soilik zabaltzea. Zentzu horretan, beraz, sozioei soilik zuzendutako espazioa da, pribatua dela esango genuke, baina ekintza ugari lokaletik kanpo egin izan dituzte, “kultura garaikideak kalea behar duelako”. Bukowski, Dabadaba eta Drop dira horien adibide. Aipatu espazioetan antolatu dituzte literatur emanaldiak, antzerkiak, kontzertuak, arte-erakusketak eta beste hainbat ekintza.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
AITABITXIRIK EZ. "Hiru ardatz politiko daude Euskal Herrian eta gu ez gaude horietako inoren ildo kulturalean: ez EAJrenean, ez PSErenean, ezta ezker abertzalearenean ere. Jakina, egitasmorik interesgarrienak azken horien lerroan egin izan dira eta egiten dira, eta oso ondo dago, baina argi esanda, beti daukate bestelako babes politiko bat. Hiru ardatz horietatik kanpo antolatzen garenok zailtasun gehiago ditugu bidean".

Hamabi hilabete; bederatzi itxita
Hain denbora gutxian zabaldu ahal izan duten arren, 700 bazkide baino gehiago lortu dituzte. “Zerbaitegatik da; jendea horrelako espazioen gose zegoelako”, adierazi dute solaskideek.

Elkarrizketa egin den unean itxita zegoen espazioa, udalak horrela aginduta. Burokraziaren atzaparretan harrapaturik ikusten dute euren burua, nahiz eta baikorrak diren epe motzera begira.

Lokalaren baimenak eta planoak aurkeztuta, ondo egiten ari zirelakoan, irekiera ekitaldia egin zuten 2022ko San Tomas egunean. Hilabete beranduago, bizilagun baten kexaren ondotik, kanpoko patioan edaten eta erretzen ari zirelako, udaltzaingoa bertaratu zen lokalera, eta “ekintzak egiteko lizentzia” eskatu zien. Zur eta lur geratu ziren, halakorik lehenago eskatu ez zietelako.

Udalera jo zuten hurrengo egunean, informazio eske, baina Kontenedorako kideek diotena da lizentzia hori zehazki zer den ez dutela jakin oraindik. Areago, ez dela existitzen diote, harriturik. Izan ere, ezagutzen dituzten antzerako elkarteetan galdetu dute “ditxosozko lizentzia” horren inguruan, eta inork ez daki ezer.

“Udal teknikari bat azken egunera arte eskatzen ari zaigu berak ere zer den oso ongi ez dakien dokumentu bat”, adierazi dute solaskideek. Halako batean, kontsulta egindako beste elkarte batzuetako kideen gomendioa jarraituta, “ekintzen jakinarazpena” aurkeztu zuten udaletxean. Hau da, lizentzia beharrean, jakinarazpena. Eta horren ostean ireki ahal izan zuten –jakinarazpena, izatez, ireki egingo duzula jakinarazteko dokumentua baino ez delako–. Hiru egunera udaltzainak joan zitzaizkien, ordea. “Eta berriz hastera; txiste bat da”.

Kontenedorako kideen arabera, sentsazioa dute udalak ez duela horrelako lokalik nahi hirian, nahiz eta, jende askok pentsatuko badu ere, ez dituzten gaueko ekintzak egiten. Gehienez ere gaueko hamarretarako espazioa ixten dutela hitzeman dute. “Ulertzen dut kontzertuak egiteko baimenik ez izatea. Baina dozena bat lagun iluntze batez elkartu, gitarra akustiko bat hartu eta kantuan aritzea, kontzertua egitea da?”. Elkarrizketatuen arabera, era horretako puntuak jarri dizkie jomugan Donostiako Udalak: garagardo latak bazkideei euro batean saldu izanagatik, “taberna izaera” dutela leporatu diete; pintxoak egin eta bertaratutakoen artean jateagatik, berriz, “jatetxe izaera”; eta film proiekzioak antolatzeagatik ere, “zine izaera”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ekarpenak egin asmoz
"Baita turismoan ere", esan du solaskide batek, Berlin, San Francisco eta nazioarteko hainbat gehiago aipatuta, haietan egon badagoelako underground turismo kulturala. "Zergatik ez Donostian?", esan du batek. "Ideia apur bat utopikoa", erantzun besteak, eta irri bana egin dute.

Ez dute udalarekin gatazkan ibiltzeko ez betarik ezta asmo politikorik ere, eta horregatik, gehiegi eskatzea ez delakoan, zintzoki diote: "Uste dugu Kontenedora badela, gutxienez, bakean garatzeko eskubidea duen espazio bat, ala?".

Inori traba egin baino, kaleko kulturari eta sorkuntza askeari gehitzera etorri direla azpimarratzen dute. Bueltan, ordea, trabak baino ez dituzte jaso kultur hiriburutza eskuratu zuen herrian. Baina maitasun dezente ere jaso dute jendearen partetik; horrekin geratzen dira.

DEMOKRAZIA? "Herrialde garatu eta demokratak garela uste dugu, harro esaten dugu gainera, baina espazio publikoa ez da inolaz ere demokratikoa. Ezin da ezer egin udalak edo udaltzaingoak baimenik eman gabe. Beraiek ezarritako pauta serie bat jarraitu behar da, bai kalean arte emankizun bat egiteko, eta bai, jakina, diru-laguntzak eskatzeko. Ezin da antolatu egungo politikaren zuzentarauarekin bat ez datorren ezer".
Bi hitz Tabakaleraz

Etsaitasunik ez, berez, kultur politiken aro garaikidean Donostiako kaxalotea denarekin. Areago, Kontenedorako kideek, talde zein norbanako gisa, kolaboratu izan dute Tabakalerarekin, eta argi dute hori egiten jarraituko dutela. Arazorik ez zentzu horretan. Eta Tabakalerak funtzionatzen jarraitzea ere nahiko lukete, ez baitira, askoren begiradapean izan daitezkeen gisa, antisistemak. "Zentzugabea da hori esatea. Antisistema definitzen den orok sistema batekin amesten du; molde denak sistema lirateke".

Gauza txarrei beren alde ona begiratzeko ahalegina ere egin dute: "Espero dezagun erakundeek Tabakalera finantzatzen jarraituko dutela eta diru zaku hori ez dutela Aperribayren enpresak gehiago finantzatzen erabiliko. Berri txarra litzateke, bestela".

Puntalizazioa dator funtzionatzeko forma eta helburuei dagokienean: "Nahiko genukeena da kultur ikuspegi jakin bat eta sen eta ideia batzuek dituen pertsona batek kudeatzea Tabakaleraren politikak". Erreportajean aipatu dugun astearteko dilisten metafora bide horretan doala esan genezake.

Izan ere, besteak beste, horrelako elefante kultur-politikoek astindu nahi dituzten banderei buruz mintzatu dira, "masen kulturak", behinik behin, jendea nonbaitetik bideratzea duelako xede: "Tabakalerak kultur ekintzak egiten dituenean, demagun, premisa feministekin egingo balu, baliteke premisa horiek gizartearen presioz ezarriak izatea, kalkuluak eginda beti. Geuk, aldiz, feministak garelako egiten ditugu ekintza feministak".

Influentziari eta eragiteko eta jendea mugitzeko duten gaitasunari erreparatuta, azkenik, Kontenedora proiektuaz harro egoteko moduko sententzia eman dute, berriz ere astearteko dilisten metaforara itzulita. "Egia da Tabakalerak astean zehar gauzak antolatzen dituela, baina astearte iluntze batez 25 pertsona elkartzen baditu, horien erdiak sartu dira kanpoan hotza eta euria ari duelako. Poesia ekitaldietan ehun pertsona batu izan ditugu: zorionekoa da guretzat, baina era berean pentsaraztekoa da. Horra hor zeinen gaizki dagoen Donostia".

'Poetry attack' edo "poesia errezitaldiak", Bukowskin. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)
Poetry attack

Literalki: eraso poetikoa. Eta solaskideen azalpenak literalki hartuta, mamia hauxe: "Inor ez da ideiaren jabe".

Poetry attack edo "poesia errezitaldiak" deituriko egitasmoak dagoeneko hainbat saio egin ditu Egiako Le Bukowski tabernan. Normalki lauzpabost kidek osatu ohi dute kartela, baina emanaldia ez da haienera mugatzen. Ardura dute, dinamizatzeko-eta ardura norbaitek edo norbaitzuk eduki behar dutelako, baina mikrofonoa jendearena dela aldarrikatzen dute. Edonor igo daiteke bere hitzak errezitatzera. Aurrez abisatu gabe, gainera. "Mikrofonoa irekita dago momentuan lau lerro okurritu zaizkionarentzat ere bai".

Hainbat balio eta balore sustatzea dute xede: "Publikoak oholtzara igotzeko aukera baldin badu, klasearen eta diferentziaren ordena iraultzen dugu. Inork ez dauka azken hitza; inor ez da hitzaren jabe bakarra".

Egitasmoak izandako erantzunarekin pozik, saioak bikoizteko asmoa adierazi dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu:: Politika kulturalak
Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia

Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.


Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri dute Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du proiektua geldituko dutela 2024 eta 2025ean. Bilboko Guggenheim museoko patronatuak proiektuaren “bideragarritasuna” aztertu nahi du. Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren esanetan, etena ez da "onargarria"... [+]


2023-12-31 | Iñaki Barcena
Busturialdea, nora zoaz?

Joan den urriaren 28an manifestaldi jendetsua egin zen Gernikan. Aspaldiko partez, 1987an bonbardaketaren 50. urtemugaren harira egindakotik, agian, handiena. Berton,  instituzio politiko zentral, autonomiko eta probintzialetik babestutako Guggenheim museo proiektu... [+]


Eguneraketa berriak daude